NAIZ

Bergarako Udalaren helegitea ezetsi eta Valogreene enpresari ingurumen baimena eman dio Lakuak

Udalak jarritako helegitea ezetsi ostean, Bergarako Larramendi auzoan erraustegia instalatu nahi duen Valogreene enpresari Ingurumen Baimen Bateratua eman dio Lakuako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak. Bide administratiboa bukatutzat eman da, beraz.

Erraustegiaren aurkako elkarretaratzea Bergaran. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Erraustegiaren aurkako elkarretaratzea Bergaran. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Bergarako Udalak helegitea aurkeztu zion apirilean Lakuako Gobernuak Valogreene Paper BC, S.L. enpresari errauste planta eraikitzeko emandako Ingurumen Baimen Bateratuaren aurka. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, ordea, ezetsi egin du errekurtsoa eta, beraz, bide administratiboa agortu zaio Udalari. Hurrengo urratsak aztertzen ari dela jakinarazi du.

Prentsara igorritako ohar batean, Udalak gaitzetsi du Lakuak, «berriz ere», ez dituela onartu tokiko administrazioak egindako eskaerak, «udalaren eskumeneko adierazpenei muzin eginez».

Salatu du, halaber, Gasteizko Gobernuak hartutako erabakiak «Bergarako udalbatzak aho batez onartutako Plan Orokorraren kontra egiten duela», indarrean dagoen Plan Orokorrak ez baitu jasotzen hondakinen kudeaketarako azpiegitura erabilera, eta beraz, Valogreeneren paper-hondakinen instalazioa ez dago Larramendi industrialdeko H partzelan onartuta.

Udalaren alegazio eta errekurtso oro baztertu ostean, Valogreeneren erraustegiaren kasuan bide administratiboa agortuta geratu da. Herritarren artean haserrea eragin duen auziari konponbidea bilatzeko emango dituen bestelako urratsak aztertuko dituela eman du jakitera Udalak.