Dabid LAZKANOITURBURU

Europarako gasaren txorrota erdi ixten jarraitzen du Errusiak

Alemaniak eta Italiak jasan duten gasaren murrizketaren ondoren Austriaren ordua da. Vienak salatu duenez, aurrikusitako baino heren bat gutxiago gas bidaltzen dio Errusiak. Estatu frantsesak ere ez du gas errusiar tantarik ere jasotzen.

Finlandiari moztu zion lehenengoz Gazpromek gasa errublotan ez onartzeagatik.
Finlandiari moztu zion lehenengoz Gazpromek gasa errublotan ez onartzeagatik. (Vesa MOILANEN | AFP)

OMV Austriako partzuergo erdi-estatalak gaur ostiralean jakitera eman duenez, Errusiako Gazpromek aurrikusita dagoen baino heren bat gutxiago bidaltzen dio.
 
«Gazpromek murrizketen inguruan guri zuzenean ezer esan ez digun arren, heren bat gutxiago jasotzen dugu. Hala ere, eskaria txikia dela kontutan hartuta, murrizketak ez du inolako eraginik gure bezeroak hornitzeko», azaldu du OMV-k Twitterren.

«Are gehiago, behar izanez gero, falta dena erreserbekin edota   merkatuan eskura ordainduta ordezkatu daiteke», gaineratu du Erdialdeko Europako energia enpresarik handienak, Austriako Estatuaren eta Emirerri Arabiar Batuen fondo baten arteko partzuergoa dena.

E-Control Austriako energia-erregulatzaileak jakitera eman duenez, herrialdeak urteko kontsumorako behar den gasaren %40a du erreserbatan.

Energia Ministeritzak, bere aldetik,«hornidura eteteko arriskurik» ez du ikusten «baina eskenatoki guztiei aurre egiteko prest gaude», gaineratu du.

Austriak kontsumitzen duen gasaren %80a Errusiatik dator. Beraz, Ukrainiako inbasioa dela eta gas horri enbargoa ezartzea ez du inolaz ere argi ikusten.

Italiak soilik %50a

Energia arloan Errusiarekiko menpekotasun handia ere duen Italiak Gazpromen gasaren %50a baino ez duela jasotzen salatu du.

Italiako Estatuaren %30aren parte hartzea duen ENIk jakitera eman zuenez, atzo hornidura %65ra iritsi zen.

Gazprom-ek ziurtatu duenez, murrizketek Nord-Stream I-aren mantenuarekin zerikusia dute eta Siemens enpresari leporatu dio konpondu beharreko turbinak garaiz ez itzultzea, Kanadako filialak ez dituelako bertatik irtetzen uzten, Errusiaren aurkako blokeo ekonomikoa dela eta.

Alemaniak salatu zuen bezala, Italiako lehen ministroak, Mario Draghik, «gezurtzat» jo ditu azalpen horiek eta «gariarekin egiten ari den bezala, gasaren horniduraren inguruan erabilpen politikoa» egitea leporatu dio Moskuri.

«Lasai gaude, epe motzera eta neguari begira, baina prezio hauekin gasa metatzea gero eta zailagoa da. Hornidurak behera egin du, Europak zailtasunak ditu eta, bitartean, Errusiak lehen bazala irabazten du», ohartarazi du Draghik.
 
Izan ere, erreserbak %54an daude eta negura iristean %90an egon beharko lukete.

Italiak gasaren %90a kanpoan erosten du, %40a Errusiari. Aljeriarekin, Qatarrekin, Angolarekin eta Afrikako beste herrialde batzurekin hornidura-kontratuak sinatzen ari da.

Estatu frantsesean ere gasik ez

GRTgaz frantziarrak ere asteazkenetik batere gas errusiarrik ez duela jasotzen onartu du Nord-Streamen horniduraren murrizketa dela eta.

Hala ere, Gobernu frantsesak ziurtatu duenez, Alemaniatik hornidura gero eta urriagoa da urte hasieratik eta beharrak likidotutako gas naturalarekin ordezkatzen ari dira.  

Gainera, Pirineoetako bestaldetik datorkion gasa gero eta gehiago dela azaldu du.

Erreserbak %56an egonda ere, Errusiatik etorritako gasik gabe negua arazorik gaindituko luketela ziur da Gobernua. «Hori bai, negu gordina edo luzeegia balitz, murrizketa zehatz batzuk aurrikusten dira», onartu du.