BABESLEDUN EDUKIA

Nafarroa jai giroan murgiltzen hasi da Barañain eta Arbizuko festekin

Uda sasoia gainean dugu eta Nafarroako herriak, haundiak eta txikiak, jai giroan murgiltzen hasi dira, bi urteko etenaldiaren ondoren. Pandemian pilatutako tentsioak alde batera utziko dituzte, besteak beste, Barañainen eta Arbizun.

Festa irudiak itzuliko dira datorren astean Barañaingo kaleetara.
Festa irudiak itzuliko dira datorren astean Barañaingo kaleetara. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Barañaingo jaiak ekaineko azken asteburuan ospatzen dira eta aurten asteazkenetik (ekainak 22) igandera bitartean luzatuko dira (ekainak 26). Pandemia aurretik gertatzen zen bezala, txozna eta jai batzordeek parte hartze nabarmena izan dute egitarauaren prestaketa lanetan.

Aurtengo txupinazoa Lagunak futbol taldeko jokalariek botako dute, Udalak saritu egin nahi izan baitu hirugarren mailara igotzeko egin berri duten lana. Ez da, beraz, herritaren arteko bozketarik izan.

Egitarauak oso oroitzapen berezia izango du baita ere adineko pertsonekin eta festetako egun bat eskainiko die, ostirala. Aurten, bestalde, bigantxak berreskuratuko dira.

Txosna eta jai batzordeek antolatutako ekintzen artean, aipatzekoak dira San Joan bezperan egingo diren suak, ostiraleko gazte olinpiadak eta, bereziki, larunbateko kalderete herrikoiak.

Jai batzordeko kideek azaldu dutenez, garai batean guztiek haragia eta patata izaten zituzten osagai nagusi, baina denborarekin hori galtzen joan da eta orain kuadrilla bakoitzak «nahi duen kazuela prestatzen du». Larunbata eguerdian izango da hori, Barañaingo lakuan, eta igande eguerdian ogitarteko jate herrikoia izango da Alaitz ikastetxeko patioan.

Txosna gunea ere Alaitz ikastetxean egongo da, aurreko urteetan bezala, eta bertan musika emanaldiak izango dira egunero.

Jai Batzordeak positiboki baloratu du festak antolatzeko orduan udal teknikariekin izan duten koordinazioa, eta herritarren parte-hartzea guztiz beharrezkoa dela nabarmendu du, nahiz eta aurten diru-laguntzak gutxitu egin diren.

Era berean, erasoen aurkako protokoloa prestatu dute herriko hainbat eragileren artean, bai txosnagunean eta bai tabernetan emakumeen aurkako erasoren bat izan ezkero zer egin jakiteko.

Barañaingo establezimendu laguntzaileak:

MURUZABAL bizikletak 

OHIALAK Ehunak eta konponketak.


Arbizun, herritarren parte-hartzea nagusi

Arbizun ere herritarrek parte-hartze handia izango dute antolatutako jai ekintzetan. Ostegunean bertan (ekainak 23), San Juan ermitara igoko dira kalejiran eta bertan ‘Marialonbreren zaldiya’ izeneko dantzan parte hartuko dute herriko kintoek. Handik berriro kalejiran jaitsiko dira, beren blusak soinean eta denak bizkarretik helduta, eta hurrengo asteazkena arte (ekainak 29), ez dute atsedenik izango.


San Joan suaren gainetik salto egiteko aukera izango dute aurten arbizuarrek.

Larunbata (ekainak 25) kintoen eguna izango da, igandea (ekainak 26) haurren eguna, astelehena (ekainak 27) gazte eguna, asteartea (ekainak 28) jubilatuen eguna eta asteazkena (ekainak 29), preso eta iheslarien eguna.

Gazteen egunean (ekainak 27), herriko gazteek poteo musikatua egingo dute, gurdi baten gainean joango diren herriko musikari gazteek lagunduta. Egun berean, bertso bazkaria eta «mozkor herri kirolak» ere izango dira, besteak beste.

Musika arloari dagokionez, eskaintza zabala izango da aurtengo jaietan. Aipagarrienak, Mexikotik datozen Los viajeros de Irapuato musika eta dantza taldearen emanaldia, Asgarth heavy talde mitikoaren itzulera, eta beste hainbat: Kaos Etiliko, Puro Relajo, Trikiteens, Eztitan, DJ Makala, DJ Bull edota Tirri&Teri DJak.

Bestalde, egunero Udalak auzatea edo «aatea» eskainiko die herritarrei plazan, iluntzeko 8retan. Sakanako herrietako ohitura da eta bertan, ardoa zilarrezko ontzietan banatzen da.

Azkenik, eta egitarauan agertzen ez bada ere, nabarmentzekoa da gauero herriko plazan egiten diren afari herrikoiak. Kuadrilla bakoitzak bere mahai eta aulkiak atera eta herri guztiak egunero bertan afaltzen du. Jaiak giro onean eta elkartasunean ospatzeko modurik onena.

Arbizuko erakunde eta establezimendu laguntzaileak:

ARBIZUKO UDALA

ARBIZUKO KIROLDEGIKO TABERNA

ARBIZUKO KANPINA