Seaskak urgentziazko agerraldia deitu du gaur 17.00etarako Lapurdiko hiriburuan frantses Hezkuntza Ikuskaritzak duen egoitzan.
Bertan Ipar Euskal Herriko ikastoletako sareko arduradunek baieztatu dutenez, ez Bordeleko Errektoretzak ezta Pariseko Hezkuntza Ministerioak ez diote inolako erantzunik eman azkeneko lau egunetan azterketak euskaraz egiteko bermeak lortzeko Seaskako ikasle, irakasle eta irakaslek bultzaturiko mobilizazioari.
Izan ere, egoera horri irtenbidea eman nahian Euskal Elkargoak engaiamendua hartu duela ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean iraganen den Brebet azterketaren zuzenketa bermatzeko jakitera eman dute.
Horrek erran nahi du Seaskak dituen lau kolegioetako 250 bat ikaslek aukera izanen dutela Brebet azterketaren baitan eginen den Zientzietako froga euskaraz idazteko.
Euskal Elkargoak bere gain hartuko du azterketa horien zuzenketa bermatzeko ardura, horrendako Hezkuntza arduradunek jarraitzen duten prozedura errespetatuko duela adierazita.
Kopien zuzenketa bermatzea irakasle euskaldunei egokituko zaie eta horri begira zuzenketa zentroa irekiko du Euskal Elkargoak heldu den uztailaren 5ean.
Hamarnaka irakasle, ikasle eta gurasoen aurrean egin dute publiko lau eguneko okupazio ekimenaren amaiera ahalbideratuko duen adostasuna.
Eragin akademikorik ez badu izanen ere balore sinbolikoa badu gaur azterketak euskaraz egin ahal izateko iragarritako erabakia.
Ekintza legitimo eta baketsuari erantzun bortitza
Peio Jurajuria Seaskako lehendakariak oroitarazi du «Bordeleko Errektoretzaren aginduz» frantses Polizia bortizki oldartu zela Seaskako guraso, ikasle eta irakasleen kontra.
Ikuskaritzaren okupazioa «ekintza legitimo eta baketsua» izan dela nabarmendu du iragan asteazkenean azterketak euskaraz kolektiboko kideek jasandako jazarpena irmoki arbuiatuz.
Seaskako ordezkariek jasan zuten tratua ezin dela inonik inora justifikatu gehitu du Jorajuriak.
Bere erranetan «hau ez baita gure auzia lurralde baten auzia baino».
Ildo beretik, hautetsien konpromisoak ahal zuela lagundu «Parisen erabakitzen den auzia»ri irtenbidea emateko orduan gaineratu zuen Seaskako lehendakariak.
Hain zuzen «hautetsi anitzek» babestu dutela azken egun hauetan azterketak euskaraz dinamikak martxan emandako ekintza azkarra baikorki baloratu zuen Jorajuriak.
Behin itxialdia amaituta, Euskal Elkargoak emandako urratsak bide berria zabalduko du.
Ipar Euskal Herriko erakundea Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) partaide da, Pirinio Atlantikoen departamendua, Akitania Berriko Eskualdea eta frantses Estatuarekin batera.
EEPren babesarekin izenpetu zuen hain zuzen Seaskak azterketak euskaraz idaztea bermatzen zuen azkeneko hitzarmena.
Hain zuzen Brebet eta Baxo azterketen baitan Seasko ikasleek egiten dituzten hainbat froga euskaraz idaztea aurreikusita dago frantses Estatuaren sinadura duen aipaturiko hitzarmen ofizial horretan.
Errektorearen erabaki murriztailea
Alta, akordio horri bizkarra emanez azterketak euskaraz egiteko eskubide horri buruz irakurketa murriztailea inposatu zuen Bordeleko Errektoretzak.
Erakunde horren esanetan Baxoaren kasuan «literatura eta hizkuntzak» berezitasuna hautatu duten ikasleek baizik ahal lituzkete kopiak euskaraz idatzi.
Delibero berri horren arabera aurten Baxoa eginen duten ehun bat ikasleetatik dozena batek baizik ezin dute azterketa euskaraz egin.
Hain zuen egoera hori salatzeko Paueko Administrazio Auzitegira jo zuen Seaskak. Alta, «hutsune teknikoa» aintzat hartuta epaitegiak atzera bota zuen Seaskak defendatutako helegitea.
Egoera ez aurrera ez atzera zegoela ikusita, joan zen asteazkenean Ipar Euskal Herriko ikasleek Filosofia azterketa idazteari ekin zioten egunean, ekintza azkarra plantan eman zuen Azterketak Euskaraz dinamikak.
Arratsalde erditsuan Ikuskaritzako sarrera blokeatu zuten. Egoitzaren barrura sartzeko lehenengo ahaleginak kale egin zuen. Frantses Polizia Seaskako guraso, ikasle eta irakasleen aurka bortizki oldartu zen. Negarra eragiteko gasa baliatu zuen, hainbat laguni erredurak eraginez.
Hala eta guztiz ere, bigarren saikera bat burutu zuten ekintzaileek eta orduan bai, egoitzara sartu ziren. Azken lau egunak bertan igaro dituzte, Hezkuntza Ministerioaren erantzun baten zain.
Finean frantses Hezkuntza arduradunek inposaturiko egoerari irtenbidea emateko xede orain arte baliatu ez den lan moldea abian eman dute Seaskak eta Euskal Elkargoak.
Jakinik ere azterketak euskaraz egiteko eskubidea betearazteko bide luzea badela oraindik, Parisek eragindako arazoari erantzun bat eman diote gaur iragarritako aterabidearen bidez euskal eragileek.