Maddi Txintxurreta

Gasteizen DSBEri buruzko proposamena erregistratu eta Nafarroara egin dute pentsiodunek

Gasteizen hasi du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren bizikleta martxak bere zortzigarren etapa. Legebiltzarrera agertu dira, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren erreformaren inguruan dituzten proposamenak jasotzen dituen dokumentua bertan erregistratzera. Nafarroarako bidea hartu dute gero.

Pentsiodunen bizikleta martxa Bilbotik igaro zenean.
Pentsiodunen bizikleta martxa Bilbotik igaro zenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Igandean iritsi zen pentsiodunen bizikleta martxa Gasteizera eta bertatik abiatu dute zortzigarren etapa, hilaren 13an Donostian hasi zenetik Gipuzkoa eta Bizkaian barrena hainbat kilometro egin ostean.

Aldarrikapen hirukoitza eraman dute Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko deialdiarekin bat egin duten kideek herriz herri: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, zerbitzu publikoen indartzea eta babesa eta zaintza lanen banaketa, ez daitezen soilik andrazkoen bizkar geratu.

Astelehen honetan, baina, Andre Maria Zuriaren plazatik 11.00etan abiatu den manifestazioaren buruan bizikletatik jaitsi eta Gasteizko Legebiltzarrera agertu da pentsiodunen talde bat, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) erreformari buruz adostu duten proposamena aurkeztera. Dokumentua erregistratu eta, alderdi banari –EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos, PSE eta PP– kopia bat eman diete.

Dokumentuan gogorarazten dute EAEn 153.000 pentsiodun baino gehiago pobrezia-atalasetik behera daudela, hilean 688 euro baino gutxiago jasotzen, eta 72.000 pentsiodun baino gehiago pobrezia larrian, hilean 458 euro baino gutxiagoko pentsioekin. «Gehienak emakumeak dira, eta horietako askok 80 urte baino gehiago dituzte eta bakarrik daude», ohartarazten du idatziak.

Hala, pentsiodunek eskatzen dute pertsona bakarrak osatutako bizikidetza-unitateetan parekatu dadila 100%ean LGSarekin (lanbide arteko gutxieneko soldata); %125era igo dadila bi pertsonako unitateentzat, eta LGSaren %135 hiru pertsonako edo gehiagoko unitateentzat.

Hala ere, Legebiltzarrean aurkeztutako dokumentuak adierazten du pentsiodunek ez dutela onartzen etxebizitza berean bizikidetza-unitate bat baino gehiago daudenean prestazioa %15 murriztean datzan zuzentzaile bat aplikatzea. «Zigor horren bidez aurreztu egin nahi da, etxebizitzaren arazo larria kontuan hartu gabe», agertzen dute.

«Harrera beroa» herriz herri

Bizikleta martxak orain arte egin duen ibilbidearen balorazio «oso ona» egin du Karlos Etxeberria Sagastume Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideak. Nabarmendu du «harrera beroa» egin dietela igaro duten herri bakoitzean: «Lehenengo etapan Zarautzen bazkaldu genuen; Zumaian, Azpeitian, oso harrera ona egin ziguten, baita Elorrion edo Zornotzan ere. Ibilbide guztian, egia esan. Bizkaiako ibilbidea ere oso intentsoa izan zen».

«Etapa gogorrak izan ditugu, beroa ere bai. Gaur behintzat bero aldetik ez dugu sufritu», esan du Etxeberriak.

Igandean iritsi ziren Gasteizera tropela eta ehunka pentsiodunek, sindikatuetako kideek eta gizarte-eragilek egin zieten harrera. Arabako hiriburuan eman dute astelehen goiza ere, harik eta bizikletak hartuta Agurainera egin duten arte. Txistulariak, festa eta ehun pertsonatik gorako bazkari herrikoia izan dituzte han.

Nafarroara Eginotik iritsiko da martxa astelehen arratsaldean, eta Ziordia eta Olazti igaro ondoren, Altsasun amaituko da zortzigarren etapa, 19.00ak inguruan. Bertan, Zumalakarregiko Tomas plazan,ordu erdiko elkarretaratzea egingo dute.

Hurrengo etapak

Bederatzigarren etapa Altsasutik aterako da asteartean, eta Etxarri Aranatz, Lakuntza, Uharte Arakil eta Etxarri igarota, Irurtzunera iritsiko da eguerdian, bertako udaletxearen aurrean elkaretaratzea egiteko.

Arratsaldean iritsiko da martxa Iruñera, eta hiriburuan ere elkartuko dira, Legebiltzarraren aurrean lehenik eta Gazteluko plazan ondoren. Atarrabiako plazan bukatuko da etapa, 19.30ak aldera, ordu erdiko ekitaldi batekin.

Hurrengo etapa Atarrabitik aterako da eta dozenaka herri pasatu ostean Berara iritsiko da arratsaldean.

Handik Baionara egingo dute ostegunean; Baionatik Irunera ostiralean eta hilaren 25ean, larunbatarekin, abiapuntura itzuliko da bizikleta martxa, Donostiara, bertan manifestazio batekin bukatzeko. «Euskal Herri mailako manifestazioa izango da. Jendetsua izan dadin nahi dugu eta uste dut lortuko dugula», agertu du Karlos Etxeberriak.