NAIZ

ELAk eta LABek lau greba egun deitu dituzte Gipuzkoako adinekoen egoitzetan

ELA eta LAB sindikatuek lau greba egun deitu dituzte, nork bere aldetik, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean, 14an eta 15ean «lanak aitortu eta zerbitzua hobetzea eskatzeko».

Maiatzean Donostian egindako manifestazio baten argazkia.
Maiatzean Donostian egindako manifestazio baten argazkia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

ELA eta LAB sindikatuek lau greba egun deitu dituzte Gipuzkoako adinekoen egoitzetan ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean, 14an eta 15ean, nork bere aldetik.

Ohar batean ELAk azaldu duenez, deialdia ere eguneko zentroetan eta tutoretzapeko etxebizitzetan lan egiten dutenei zuzenduta dago. «Langileek mobilizazioak indartzearen aldeko apustua egin dute asanbladan, joan den astean patronalek sindikatuak bultzatutako negoziazio bidea zapuztu ostean», adierazi du sindikatuak, eta gogorarazi du lehen negoziazio mahaia martxan jarri zenetik bost urte igaro direla.

258 greba egun izan dira ordutik, baina, «hala ere, gatazka konpondu gabe dago oraindik. Patronalak eta Aldundiak ez dute urratsik egin egoera hori konpontzeko. Hala erakutsi dute azken asteotako negoziazio mahaietan».

Sindikatuaren esanetan, bilera batera deitu zituen Aldundia eta patronalak apirilaren 5ean, «hitzarmen berri bat sinatu eta gatazka konpontzeko asmoz. Hala ere, Aldundia ez zen agertu, eta patronalek, zenbait bileraren ondoren, negoziazioa zapuztu zuten ekainaren 13an egindako bileran. Izan ere, bi puntu kentzeko eskatu zuten ELAren proposamena baloratu ahal izateko: sektoreko hitzarmena enpresetara pasatzea eta aurreko urteetako atzerapenak eskatzea».

«Argi dago Aldundiak eta patronalek ez dutela borondaterik sektore horretako egoera larria hobetzeko», deitoratu du ELAk sektorea 6.000 langilek osatzen dutela ohartarazi baino lehen; «ia gehienak emakumeak, eta langile gehienek enpresa pribatuetan lan egiten duten arren, zerbitzuaren %90 Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du».

Nabarmendu duenez, «pandemia garaian langile horiek lehen lerroan egon dira, eta egoera ez dela hobetu, kontrakoa baizik. Lan kargak pandemiaren aurretik baino handiagoak dira, lanpostu asko ez dira bete, lan erreformak eragindako prekaritatea handitzen ari da eta langileek ez dute erreparazio emozional kolektiborik jaso. Horietako asko erresidentziak uzten ari dira, haien lan baldintzak jasanezinak direlako. Egoera horrek ondorio larriak ditu lan baldintzetan eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan».

Egoera «jasanezina»

LABek ere Gipuzkoako egoitzetako egoera «jasanezina» dela azpimarratu du: «Jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da eta urgentziazkoa da irtenbide duin bat erdiestea: egoerak eskatzen duelako eta sektoreko langile zein egoilarrek merezi dutelako».

Dioenez, «argi dago egoera hau, zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarietatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Gainera, hau ez da sektoreko langileen eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat; gipuzkoar guztioi eragiten digun auzi soziala baizik, kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan egitekoa urratuak izaten ari direlako».

Foru Aldundiaren erantzukizuna nabarmendu du LABek, eta gatazka honi irtenbidea emateko herrialdeko lan hitzarmena eta ratioen hobekuntzak «ezinbesteko baldintzak» direla esan du.

«Sektoreko langileek aurrera daramaten borroka nekaezin eta eredugarria babestu eta presio sozial zein sindikala biderkatzeko unea da. Horregatik, ezinbestekoa izango da langile guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino. Hori dela eta, ekainaren 30ean, uztailaren 1ean, uztailaren 14ean eta uztailaren 15ean burutuko ditugun greba egunetako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu», gaineratu du.

Greba eguna Bizkaian

Bihar eta etzi Bizkaiko egoitzetako langileek seigarren eta zazpigarren greba egunak egingo dituzte.

ELAk azaldu duenez, ostegunean, goizeko 11.00etan, manifestazio bat egingo dute, Deustuko zubian hasi eta Ongizate Sozialaren egoitzaren aurrean amaituko dena. «Bertan, akelarre bat egingo dugu, Bizkaiko egoitzetako sorginak sutara botatzeko, beren lan-baldintzak hobetu eta zainketa-eredua benetan aldatu dezaten».

Ostiralean manifestazioa deitu dute goizeko 11.30ean, Arriagatik Cebek-eko egoitzaraino.