NAIZ
Elkarrizketa
Xabier Lertxundi
Hernaniko alkatea

«Jendeak kalea har dezala jaietan, betiere askatasun guztiak errespetatuz»

Hernanin dena prest dago pandemia ondorengo lehen sanjoanak ospatzeko. Jai bereziak izango dira, herritarrek inoiz baino ilusio gehiago dutelako jaiak itzultzeko, eta alkateak ere dei egin die berriro kalea berreskuratu eta disfrutatzeko, «beti ere askatasun guztiak errespetatuz».

Xabier Lertxundi, Hernaniko udaletxean.
Xabier Lertxundi, Hernaniko udaletxean. (Jon URBE | FOKU)

Herriko jaien atarian, zein da Hernanin arnasten den giroa? Bi urteren ondoren, inoiz baino ilusio gehiago nabari duzue festak ospatzeko?

Bi urteotakoa geldialdi handia izan da gure bizitzetan, askatasun asko murriztuta izan ditugu eta noski, herriko jaiek garrantzi handia dute normaltasunera itzultzeko. Gure kasuan, bost egunetan herria goitik behera aldatzen da, ordutegiak aldatu egiten dira, bizitza kalean egiten dugu… eta hori behar beharrezkoa genuen, bai pertsonalki, baita herri mailan ere. Horregatik, ilusioz beteta gaude eta jaietan parte hartzen duten eragile guztiak ere prest daude egunotan onena emateko.

Kalea hartzea, beraz, normaltasunerako itzulera horren adierazgarri izango da…

Bai, nik esango nuke garrantzitsuena hori dela, kaleko giroa berreskuratzea. Izan ere, kalea da festa ospatzen dugun lekua, ondo pasatzen dugun lekua...

Egitarauari dagokionez, eta bi urteko etenaldiaren ondoren, pandemia aurreko itxura izango du edo aldaketa asko izango da?

Esan genezake pandemia aurreko egoerara itzuliko garela. Azken bi udatan ekitaldi kulturalak egin ditugun bitartean, orain jai ekitaldi guztiak berreskuratuko ditugu, murrizketarik gabe, eta programazioa normaltasunera itzuliko da. Zentzu horretan, ekitaldi gehienak ohikoak izango dira, herriko eragileekin batera antolatutakoak, baina berritasun batzuk ere izango dira, besteak beste, jubilatuen «hartu-bol» kirol jarduera berria edota harrotasun aldarrikapen karrozaren kalejira.

Egitaraua prestatzeko garaian, herriko eragile desberdinek beren protagonismoa berreskuratu dute?

Bai, Hernaniko Udalak herritarren parte-hartzea bultzatzeko apustua egin izan du beti, gure ustez jai batzuk ez baditu herriak antolatzen, ez direlako benetako jaiak izango. Horregatik, programazioa lantzeko, jai-batzordea urte hasieran hasten da eragile desberdinekin elkartzen. Pandemia garaiko kultur ekitaldiak ere hainbat eragilerekin batera antolatu ziren, baina orain normaltasunera itzultzerakoan, eragile guztiak itzuli dira baita ere jai-batzordera.

Aurten bandera igoera herriko bi elkartek egingo dute.

Bai, urtero jai-batzordeak erabakitzen du ze taldek egingo duen bandera igoera eta jaitsiera. Aurten, alde batetik Mendiriz Mendi elkartea izango da, 75 urte bete dituen elkartea delako, eta bestetik Langile Ikastola, 50 urte bete zituelako 2020an. Jai hasieran eta bukaeran beraiek izango dira ikurriñak igo eta jaisteko ardura izango dutenak.

Aurtengo udako jaiei begira, hainbat udaletan plan bereziak jarri dituzte martxan eraso matxistei aurre egiteko. Hernanin ere protokolo berezia jarriko duzue martxan?

Hernanin 2012az geroztik daukagu martxan erakundeen arteko protokoloa, eta bertan hiru udal departamendu daude ordezkatuta: Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna eta Udaltzaingoa. Urtez urte, protokolo hori gaurkotzen joaten da, eta 2019an sagardotegien denboraldian ere martxan jartzea erabaki genuen, herriko eragileekin batera. Esperientzi hura ondo atera zenez, urte hartako sanjoanetan ere errepikatzea pentsatu genuen, tabernarien eta txozna batzordearen ezinbesteko parte-hartzearekin. Bi urte geroago, berriro ere indarrean izango da jaietako protokolo hori, erasoren bat gertatzen bada, edo norbaitek eraso baten berri badu, ze urrats eman behar diren zehazteko. Udaltzaingoaren 24 orduko zerbitzuaz gain, teknikari espezializatuek kudeatuko duten telefono berezi bat ere jarriko da, beti ere erasotua izan den pertsona ahalik eta modurik onenean artatzeko, eta  Ezkiaga pasealekuan Emaginek karpa bat jarriko du prebentzio eta kontzientziazio lana egiteko. Espero dezagun protololoa martxan jarri behar ez izatea, baina beharko balitz, prest egon gaitezela erantzuna emateko eta, batez ere, erasotzaileei argi uzteko Hernanik ez duela horrelako erasorik onartuko.

Azkenik, deialdi bereziren bat egin nahiko zenieke herritarrei eta egun hauetan Hernanira etortzeko asmoa duten kanpotarrei?

Bai, urte gogorrak pasa ditugula, askatasun asko murriztuta izan ditugulako, eta ondo pasatzeko momentua iritsi dela. Aprobetxatu dezagun, mundu guztiaren askatasuna errespetatuz. Jendeak disfruta dezala egun hauetan, kalea har dezala, beti ere askatasun guztiak errespetatuz.