NAIZ

Bertsolari Txapelketa Nagusirako sarrerak eskuragarri daude, arazoa konpondu ostean

Bertsolari Txapelketa Nagusirako saio guztietarako sarrerak eskuragarri daude berriro, www.bertsosarrerak.eus atarian izan dituzten arazo teknikoak konpondu ostean.

Bertsozale Elkarteko antolatzaileak, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren aurkezpenean, Bilbon.
Bertsozale Elkarteko antolatzaileak, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren aurkezpenean, Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bertsozale elkarteak ostiral honetan jakinarazi duenez, www.bertsosarrerak.eus atarian izan dituzten arazo teknikoak konpondu dituzte jada. Hortaz, webgunean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusirako saio guztietarako sarrerak erosi daitezke. 

Bertsozale Elkarteak gogorarazi duenez, elkarteko kideek finalerako sarrera erreserbatuta izango dute ekainaren 30era, ostegunera, arte. Data hori pasa ostean, elkarteko kideek ez dute lehentasunik izango Iruñeako Nafarroa Arenan ospatuko den finalerako txartelak erosteko orduan. 

Bestalde, sarrera fisikoak Nafarroako Bertsozale Elkarteko egoitzan (Baratzeetako zeharkalea 2 behea, Iruñea) eskuragarri daude. Bulegoa astelehenetik ostiralera goizeko 10.00etatik 14.00etara eta arratsaldeko 16.00etatik 18.00etara egoten da zabalik. Hala ere, irailetik aurrera lehenengo fasea eta finalaurrekoak ospatuko diren herrietan ere sarrera fisikoak jarriko dituzte salgai (herri bakoitzean udalerri horretan ospatuko den saiorako txartelak egongo dira). 

Sarreren prezioei dagokienez, lehenengo fasean bazkideek, ez-bazkideek eta 2004tik aurrera jaiotako gazteek 10, 12 eta 6 euro ordaindu beharko dituzte hurrenez hurren. Finalaurrekoetako salneurriak 14, 17 eta 10 eurotakoak izango dira eta, azkenik, finalerako txartelek 30, 42 eta 20 euroko kostua izango dute. 

Bukatzeko, Bertsozale Elkarteak webguneko akats teknikoek eragin dituzten eragozpenengatik barkamena eskatu die bertsozaleei:  «Bertsozale Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie bertsozale guztiei izandako pazientziagatik eta barkamena eskatu sortutako eragozpenengatik».