Sopelako jaiak ostiral honetan hasiko dira, ekainak 24, iluntzean botako duten txupinarekin. Aurten, «Txokoholik» kuadrillari egokitu zaio txupina botatzea, eta pregoia Segurako dantza txapelketaren azken edizioa irabazi zuen Gorka Granado sopeloztarrak irakurriko du.
Uztailaren 2ra arte, mota guztietako ekintzak izango dira, hauen artean kuadrillen jaitsiera, jai-bazkaria, kuadrillen arteko jolasak, paella lehiaketa, irrintzi txapelketa edo haurrentzako ikuskizunak. Musika arloan, Frakture, Kai NaKai, Lowe, Labana, Iheskide edo Esne Beltza taldeen emanaldiak iragarri dira, beste askoren artean.
Txosna batzordeak ere egitarau zabala prestatu du, eta bertan ez dira faltako bertso saio feminista, triki-poteoa edota tortilla eta sangria txapelketak.
Sopelako establezimendu laguntzaileak: Sopelauto, Völker Sopela, Sopelako Euskaltegia, Pukas Peña Txuri, Fruteria Zelai, Erroia Kafetegia, Foto Xabier
Mungian ez dute txupinazoa botako ekainaren 28ra arte, baina asteburu honetan hainbat ekitaldi antolatu dituzte, hauen artean igandeko nekazaritza azoka, egun horretan baserritarren eguna ospatuko baita. Azokaren barruan, onddo eta perretxikoen erakusketa, betizu arrazako ganaduen txapelketa edota artisautza azoka izango dira, besteak beste.
Esan bezala, txupinazoa datorren asteartean botako dute, aurtengoan Mungiako Diz-diz emakumeen kultur elkartearen eskutik, 25 urte bete baitzituen 2020an. Asteazkenean, ekainak 29, San Pedro eguna ospatuko da eta ez dira faltako pintxo-potea, ohorezko aurreskua, bertso saioa, profesionalen arteko pilota partiduak edota erraldoi, dultzainero eta trikitilarien kalejirak.
Ostiralean, uztailak 1, gazte asanbladak antolatutako bazkaria izango da txosnetan, eta ondoren bertsolariak eta elektrotxaranga ibiliko dira kalez kale; eta larunbatean, hainbat kirol ekitaldi izango da egun guztian zehar (saskibaloia, txirrindularitza, idi-probak…).
Aurtengo jaiak, ohikoa den bezala, sukalki egunarekin amaituko dira, uztailaren 3an, igandean. Mungia Rugby Taldeak antolatutako ekitaldi hau girotzen laguntzeko, bertan izango dira Gure Ametsa txistulari taldea, Miren, Idoia eta Roberto Etxebarria trikitilariak eta Txikuri fanfarria.
Mungiako establezimendu laguntzaileak: Trapuzarrak, Mungiberri, Txakoli Butroi, Artza Kirol Moda, Iturburu Inmobiliaria, Talleres D. Elgezabal, Torpedo Gorria, Etxelore
Berrizen ere dena prest dute San Pedro eta Santa Isabel jaiak ospatzeko. Bost egunez, ekainaren 28tik uztailaren 2ra, jai egitarauak ohiko formatoa berreskuratuko du. Astearte arratseko pregoi eta txupinazoaren ondoren, asteazkenean San Pedro eguna ospatuko da jubilatuen bazkari eta dantzaldiarekin. Ostiralean, uztailak 1, haurrentzako programazioa nabarmenduko da, baita tortilla lehiaketa ere, eta larunbata, uztailak 2, kuadrillen gozamenerako eguna izango da igel txapelketarekin eta paella lehiaketarekin.
Herriko jaiekin batera, Berrizko Udalak "Jaixetan be berdintasunean!" kanpaina jarri du abian, eraso sexistarik gabeko jaietarako informazio, aholkularitza eta telefono bidezko arreta zerbitzuak eskaintzen dituena.
Berrizko establezimendu laguntzaileak: Keiñu Optometria Zentroa
Diman, aldiz, ostegunean bertan hasiko dira jaiak, ekainaren 29an, jubilatuei eskainitako egunarekin eta Dimako Bertso Eskolak botako duen txupinazoarekin. Jaiak uztailaren 3a arte luzatuko dira, eta aipatzekoa da egun guztietan izen handiko taldeak daudela iragarrita: Elizagoien ahizpak, Neomak, Liher edo DJ Bull, besteak beste.
Uztailaren 2an, larunbata, herri kirol saio berezia dago iragarrita, Bizkaiko Lasto Jasotze Txapelketa, Bizkaiko promozio mailako Trontza Txapelketaren bigarren jardunaldia eta aizkora erakustaldia izango baitira.
Dimako establezimendu laguntzaileak: Zuazo janaridenda, Kafe Axlor, Baltzola jatetxea
Bilboko Errekalde auzoan, azkenik, ekainaren 24tik uztailaren 4ra luzatuko da aurtengo jaietako egitaraua. Txupinazoa ostiral honetan izango da, martxoan hil zen Xabier Perez Ruiz, Txibi-ren omenez. Segidan, txoznak irekiko dira.
Jai parte-hartzaileak izango dira, eta gastronomiak leku berezia izango du. Horrela, larunbatean paella lehiaketa izango da, igandean txistorrada herrikoia, astelehenean tortilla txapelketa, ostegunean bazkari thailandiarra, ostiralean parrillada, larunbatean marmitako txapelketa, eta igandean sukalki txapelketa eta bazkaria.
Errekaldeko establezimendu laguntzaileak: Kric-krac, Bilbotex, Seguros Mapfre