Gipuzkoari dagokionean, gustu guztietako santuak izango dira asteburu honetan. Lasarte-Orian, Orion eta Eskoriatzan, besteak beste, sanpedroak ospatuko dituzte, Zarautzen sanpelaioak eta Irunen, nola ez, sanmartzialak.
Lasarte-Oriako jaiak datorren asteartean hasiko dira, ekainak 28, eta uztailaren 2ra arte luzatuko dira. Txupinazoan Nagusilan elkarteko boluntarioak omenduko dituzte, 25 urte bete dituztelako herrian bakardadean dauden pertsonei laguntzen.
Egitarauan falta ezin diren ohiko jarduerak izango dira, hala nola bertso jaialdia, esku pilota, herri kirolak, haur parkeak, su artifizialak, etabar, baina aurten hainbat berritasun ere izango da, hala nola Freestyle ikuskizuna mundu mailako bi pilotu saridunen eskutik, herriko musika taldeen emanaldiak edota kontzertu eta DJ ezagunen saioak jasoko dituen gazteentzako gune berri bat.
Udalerria apaintzeko, Lasarte-Oriako Udalak herriko banderak banatuko ditu bizilagunen artean etxeetako leihoetan jartzeko.
Lasarteko establezimendu laguntzaileak: Optica Irigoyen, Labe-goxo, Patxi Larrañaga, Aduriz de Lasarte, Avenida taberna
Orioko egitaraua laburragoa izango da, ekainaren 28tik 30era, baina ekitaldiz josia egongo da. Musika arloan, esaterako, Dupla, Xsakara, Kai-Nakai, Bide Batez eta Trikidantz taldeen emanaldiak izango dira. Eta kirolari dagokionez, gustu guztientzako jarduerak antolatu dira: 3x3 futbol txiki txapelketa, haurrentzako herri-kirolak, pilota txapelketako finalak, alebinen estropadak eta dardo-txapelketak.
Erraldoien eta buruhaundien konpartsa egunero aterako da kalera Pello eta Nikolasarekin, eta jaiak hasi baino lehen ikusgai egongo dira kultur etxeko areto nagusian, ekainaren 27a arte.
Orioko establezimendu laguntzaileak: Kolon Txiki
Zarautzen ere aurtengo jaiak bereziak izango direla espero dute eta horretarako zortzi egun luze iraungo dituen egitaraua prestatu dute. Pasa den asteburuan hainbat ekitaldi antolatu ziren Zelai Ondo eta Iñurritzan, eta asteburu honetan herri osora zabalduko dira.
Txupinazoa larunbata honetan botako dute, ekainak 25, Udaletxeko balkoitik, eta bertan alkateak makila emango dio Haurren Agerraldiko Danbor Nagusiari. Gauean herriko elkarteek antolatutako helduen danborrada egingo da eta bertako ordezkariek San Pelaio Makila emango diote "Zurekin" ostalarien elkarteari, haien laguntza eta babesa eskertzeko.
Igandean, ekainak 26, San Pelaio Eguna, erraldoi eta buruhaundien topaketa izango da eguneko ekitaldirik nagusiena, Bidasoa, Txantrea eta Zarauzko konpartsekin, eta iluntzean larrain-dantza herrikoia Lizarrako dultzaineroekin, Izer eta Alabier trikitilarien erromeriarekin amaitzeko.
Astelehenean, ekainak 27, haur eta gazteen txanda izango da eta goizean goiz mugitu beharko dute, goizeko 6retan abiatuko baita oilasko biltzea. Gauean, bertso jaialdia izango da eta, eguna bukatzeko, Bat-Bitan taldearekin erromeria. Aurtengo jaiak asteartean bukatuko dira, ekainak 28, banderaren jaitsiera eta Bide Batez taldearen erromeriarekin.
Zarauzko establezimendu laguntzaileak: Euskalduna Taberna, Eguzki Taberna, Fruteria Jesusa, Kattalin Joyeria
Irunen ere bi aste oso iraungo dute San Martzial jaiek, pasa den asteburuan hainbat ekitaldi egin baziren ere. Jaietako agur ofiziala aste honetan egin da, ostegunean, San Juan sua piztu aurretik, eta uztailaren lehena iritsi arte 140 ekitaldi antolatu dira.
Aurten aipatzekoa da Irungo Atsegiña erraldoi eta buruhaundien konpartsak ehun urte bete dituela eta horregatik protagonismo berezia izango du egitarauan. Horrela, San Pedro eguneko ohiko kontzertuan, Irungo Udal Musika Bandak opari bat eskainiko dio, mendeurrena ospatzeko egin den obra joko baitu estrainekoz. Horrez gain, konpartsa egunero irtengo da kalera ekainaren 29a arte, egun batzutan Bidasoako Erraldoiak eta Ondare Kultur Elkartearen laguntzarekin.
Bi urteko etenaldiaren ondoren jaiak behar bezala ospatzeko, Irungo Udalak banderak banatu ditu herritarren artean leiho eta balkoiak sanmartzialetako koloreekin janzteko. Banaketaren lehen egunean herritarren erantzuna hain handia izan zenez, bertan behera utzi behar izan zuten eta egun eta toki gehiagotara zabaldu behar izan dute.
Irungo establezimendu laguntzaileak: Atrezzo Marko Denda, Argitrans Garraioak, Faisan Ostatua
Gipuzkoako beste muturrera joanez, Eskoriatzan ere sanpedroak ospatuko dituzte, ekainaren 28tik uztailaren 2ra. Txupinazoa datorren asteartean botako dute eta ohore hori sektore sozio-sanitarioan lanean ari diren zenbait herritarrek izango dute, pandemian egindako lana eskertzeko.
Sanpedro eguneko ohiko ospakizunen ondotik, ekainaren 30ean haurren eguna izango da, uztailaren 1ean euskal jaia eta uztailaren 2an kuadrillen eta familien eguna. Aurten ez da faltako egitarauan buruhaundien txirrindulari lasterketa, 16 urtetik gorakoentzat. Datorren ostiral arratsaldean izango da eta sari bikainak izango dira lehenbiziko hiru sailkatuentzat.
Aurtengo jaietan leiho eta balkoiak apaintzeko, ikurriña eta Eskoriatzako bandera jarriko dira salgai Carmen mertzerian eta Dorleta paperdendan. Era berean, sanpedroetako zapiak ere aterako dira eta herriko hainbat tabernatan egongo dira salgai 3 eurotan.
Eskoitzako Txosna Batzordeak ere egitarau zabala prestatu du bost egun hauetarako eta bertan ez dira faltako danborrada, «zuk egin zuk jan» bazkaria, edota azken eguneko kuadrillen arteko bazkaria eta ondorengo jolasak.
Jaiekin batera, kultur ekitaldi interesgarria antolatu dute Ibarraundi museoan. Bertan, ekainaren 28tik uztailaren 1era bitartean Brontze Aroan (k.a. VII. mendea) egindako Axtrokiko urrezko ontzien erreplikak jarriko dituzte ikusgai. Bisita gidatuen bitartez, jatorriari buruzko teoriak eta dekorazioaren interpretazio astronomikoak eta beste hainbat bitxikeria azalduko dira. Uztaileko asteartetan ere bisita gidatuak izango dira.
Eskoriatzako establezimendu laguntzaileak: Autos Ribeloga, Fruteria Martin, Hemen Garbiketak, Ixkur ileapaindegia, Reparaciones Leniz