Naiz

Bilboko bisita turistiko gidatuak aztertu eta arautzea proposatu du EH Bilduk

EH Bilduko Bilboko Udal taldeak bisita turistiko gidatuak aztertu eta arautzea proposatu du. Tokiko administrazioek eredu turistiko jasangarrien alde egin behar dutela uste du koalizio subiranistak, «turismoaren uberizazioa ekiditeko moduak ezarriz».

Turista talde bat Bilbo Alde Zaharrean
Turista talde bat Bilbo Alde Zaharrean (EH Bildu Bilbo)

EH Bilduk ekainaren 30eko Osoko Bilkurarako proposatu du Bilboko Udalak azter dezala bisita turistiko gidatuek hirian duten eragina eta, azterlan horren ondotik, horiek arautu ditzala udal ordenantzen bidez.

Asier Gonzalez zinegotziak azaldu duenez, Bilbon, eta batez ere bere Alde Zaharrean, taldekako bisita gidatuak «biderkatzen ari dira eta, hiri guztietan praktika turistiko komuna den arren, haien hazkunde neurrigabearen eta arautu gabearen ondorioz, arazoak sortzen hasi dira».

Ildo horretan, azaldu du «30 lagunetik gorako talde-bisita etengabeak, megafoniaz hornituak eta txoko berdintsuetan topo egiten dutenak honezkero traba izaten hasi dira auzokideentzat». Gogorarazi duenez, beste hiri batzuk, Bartzelona edo Amsterdam kasu, «arazo horretaz ohartu dira aspaldi, eta hiria bisitatzeko modua arautzea erabaki dute, espazioaren okupazioa edo oinezkoen zirkulazioa arautzen duten ordenantzen bidez, adibidez».

Asier Gonzalezek alde fiskala ere aipatu du, izan ere «beste edozein jarduera ekonomiko bezala arautu beharreko jarduera da«. «Jakin badakigu zerga-betebeharrak zorrotz betetzen dituzten gidari onak daudela, baina intrusismo handia dago eta free-tour eredua kontrola ezina da tresnarik izan ezean», gaineratu du.

EH Bilduren ustez, «ona da bisitariek Bilbo eta Euskal Herria ondo ezagutzea, eta bertako herritarrekin elkarrekintza sustatzea, baina ezagutza hori antolatu beharra dago esperientzia guztientzat izan dadin aberasgarria, ez bizilagunen kalte».

Gonzalezen esanetan, «tokiko administrazioak eredu turistiko jasangarrien alde egin dezake eta egin behar du, turismoaren uberizazioa ekiditeko moduak ezarriz».

Horretarako, EH Bilduk proposatu du aldez aurretik egin beharreko azterlanak herritarren iritzia jaso behar duela, baita turismo gidarien iritzia, eta inplikatuta egongo liratekeen udal-sailek ere arautzeko modua aztertu behar dutela.

Zinegotzi subiranistaren ustez, «Eusko Jaurlaritzak oraindik egiteke dauka gida izateko lizentzien arautzea; baldintza hori inguruko herrialdeetan martxan dago jada, eta ezinbesteko tresna da sektorean dagoen intrusismoari muga jartzeko eta kalitatezko turismo estandarrak bermatzeko».