Idoia Eraso

Ikus-entzunezkoak Ipar Euskal Herrian laguntzeko lantalde instituzionala osatu da

Erakunde publiko ezberdinetako ordezkariak elkartu dira Baionan asteazken honetan Ipar Euskal Herriko ikus-entzunezkoak sustatzeko osatu duten lantalde instituzionala ezagutarazteko, eta lana abiatu aitzin sektorearen egoeraren ezagutzeko EHUk egingo duen azterketaren hitzarmena sinatzeko.

Lantaldea osatu duten erakundeetako ordezkariak, Berge, Behoteguy, Curutcharry, Feulie eta Arostegui Madariaga.
Lantaldea osatu duten erakundeetako ordezkariak, Berge, Behoteguy, Curutcharry, Feulie eta Arostegui Madariaga. (EUSKARAREN ERAKUNDE PUBLIKOA)

Ipar Euskal Herrian ikus-entzuneko eta zinemako sektorearen gorakadaz jabetuta, garapena eta egituraketa laguntzeko lantalde instituzionala osatu dute Akitania/Nafarroa/Euskadi Euroeskualdeak, Akitania Berria Eskualdeak, Pirinio Atlantikoetako Departamentuak, Euskal Elkargoak, Euskal Kultur Erakundeak eta Euskararen Erakunde Publikoak. Sektorearen egoera ezagutzeko Euskal Herriko Unibertsitateak egingo duen azterketaren hitzarmena sinatu dute ere.

Baionako Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan egindako agerraldia erakundeko presidente eta Euskal Elkargoko Kultura eta Hizkuntza Politikarako presidenteordea den Antton Curutcharryk gidatu du, eta bertan izan dira Mathieu Berge Eskualdeko kontseilaria, Euroeskualdean Mugaz-gaindiko lankidetzan eta Portu eta Aireportuetan ordezkaria; Emmanuel Feulie Akitania Berriko Liburu, zinema eta ikus-entzunezkoen agentziako zuzendaria; Maider Behoteguy Departamentuko kontseilaria Euskaran, elkarte bizian eta laguntzailegoan ordezkaria; eta Inmaculada Arostegui Madariaga Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerketaren arloko errektoreordea.

Ekoiztetxeak sortu eta sendotzen ari direla, proiektuen kopurua handitzen ari dela eta dirulaguntzak kausitzea lortzen dela nabarmendu du Curutcharryk, eta hori bereziki bi elementuren bitartez azal daitekeela gaineratu du.

Alde batetik, mugaz-gaindiko ko-ekoizpenen garapena; zentzu horretan ALCA, Zineuskadi, EiTB edo Euroeskualdea aipatu ditu.

Proiektuak finantzatzeko bide berrien lorpena aipatu ditu bestalde, Kanalduderen inguruan osatzen dena. Telebista digitalak 2017an ARCOM erakunde publikoarekin izaera ofiziala ematen dion hitzarmena izenpetu zuen, zeinak hedapen eskubideak erosi ahal izatea ahalbidetzen dion. 2017an eta 2021ean Eskualdearekin hiru urteko baliabide hitzarmena sinatu zuen, zeinak lurraldeko sorkuntza eta ekoizpena sustatzeko diru kopurua zehazten duen.

Antolaketa garatzen

Behoteguyk sektorean euskararen eta mugaz-gaindiko lanaren inguruan ematen ari den garapena agerian utzi du. Aldi berean ikus-entzunezkoek osatzen duten ondarea ere aipatu du.

Arostegui Madariagak: «Zinemak hizkuntza erabiltzen du, eta hizkuntza euskara denean lurralde bakarra da»
Bergek sektorean Euroeskualdeak duen garrantzia ohartarazi du, eta erakundeak eremu horretan 400.000 euro inguruko dirulaguntzak banatu dituztela gogoratu du. EAEko Kultura sailak, Zineuskadik, Nafarroako Gobernuko Kultura sailak, ALCAk, Akitania Berriko Kultura sailak Euroeskualdearen eskutik heldu diren sari bat eta profesionalei zuzenduriko gida bat aipatu ditu. Azken lauzpabost urteetan sortu den «ekosistema» aberatsa ekarri du gogora, eta horren bidetik sortu den lantalde instituzionalaren beharra.

Feuliek azterketaren garrantzia izan du hizpide, eta sektoreko eremu ezberdinak ezagutzeko izango duen balioa, non proiektu euskaldunak eta ez euskaldunak, luzera ezberdinekoak, animaziozkoak... bilduko diren.

Arostegui Madariagak azterketa EHUk eta Ipar Euskal Herriko eragile ezberdinen arteko elkarlan gero eta zabalago baten baitan kokatzen dela adierazi du, eta lehen hitzarmen hau urte beteko lanaren emaitza dela gaineratu du. «Zinemak hizkuntza erabiltzen du, eta hizkuntza euskara denean lurralde bakarra da, Ipar zein Hego Euskal Herriko zinemagintzak hori du amankomunean».