NAIZ

Eskozian bezala kontsulta bat egitea babestu du Otegik: «Noiz? Mandatu demokratikoa dugunean»

Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeon zoriondu du Arnaldo Otegik, datorren urtean egin nahi duten erreferenduma iragartzeagatik. Euskal herritarrek ere erabakitzeko eskubidea dutela ohartarazi eta kontsulta bat babestu du EH Bilduko koordinatzaileak: «Noiz? Mandatu demokratikoa daukagunean».

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak datorren urtean autodeterminazio erreferenduma egitea proposatu du, bigarrena izango dena. EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, Arnaldo Otegik, goraipatu du Edinburgoko agintariek hartutako erabakia, eta autodeterminazio eskubidearen ariketak «modan» daudela ohartarazi du.

«Autodeterminazio eskubidea eta burujabetzaren eztabaida modan dago Europan eta munduan. Euskal herritarrok ere aldarrikatzen dugu adin nahikoa daukagula, energia intelektual nahikoa daukagula, energia ekonomiko eta sozial nahikoa dugula guk ere ariketa hori egiteko. Noiz? Hori egiteko mandatu demokratikoa daukagunean», adierazi du EH Bilduk sare sozialen bidez zabaldu duen bideo batean.

Bertan azaldu duenez, «historiaren haizeek autodeterminaziora eramaten dituzte herriak. Eta historiaren kontra daudenak dira hori zapuztu nahi dutenak». Zentzu honetan, ultraeskuindarrek burujabetzaren inguruko eztabaida «lapurtu ,bahitu eta manipulatu» egiten dutela esan du.

«Ultraeskuindarrentzat burujabetza baztertzailea da, homofoboa da, misoginoa da eta arrazista da. Ultraeskuindarrentzat burujabetza elite ekonomikoak babesteko tresna bat da. Aldiz, ezker soberanistek beste era batetara ulertzen dugu burujabetza», azpimarratu du.

«Eta zer da burujabetza gurentzat, gauza oso sinple bat: nork zer erabakitzen du eta nola erabakitzen du. Eta guk euskaldun bezala, herri guztiek bezala, dena erabaki nahi dugu Euskal Herrian, Euskal Herrian lan eta bizi diren guztien artean. Uste dugulako horrek ahalbidetu egiten duela beste politika aurrerakoi batzuk egiteko aukera», gaineratu du.

Zentzu honetan nabarmendu du EH Bilduk babesten duen burujabetza ez dela «homofoboa, gurea ez da misoginoa, gurea ez da arrazista. Gure helburua da Euskal Herri progresista aurrerakoi, justua, berdinzalea eta feminista eraikitzea, eta horretarako nahi dugu burujabetza».

«Asteburu honetan Pirinioetara joko dugu»

Burujabetza lortzeko ezinbestekoa da erabakitzeko eskubidea izatea: «Horregatik, asteburu honetan euskal herritarrok Pirinioetara joko dugu, Pirinioak argitzeko eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Eta bertan parte hartzeko deia egiten dugu».

«Euskal herritarrok eta katalanek Pirinioak hartuko ditugu esateko ariketa hori egin nahi dugula, eta egin nahi dugula liskarrik eragin gabe; nazioak garen heinean, hori egiteko eskubidea dugula esango dugu», adierazi du.