Euskal Herria Txapela txapelketak seigarren edizioa bete du aurten eta txapelketa biribiltzeko, finala jokatzea besterik ez da geratzen. Athleticen eta Realaren artean erabakiko da txapelketako garailea, bi talde hauek izan baitira denboraldian zehar jokaturiko sei derbietan punturik gehien eskuratu dituztenak. Iazko txapelduna Osasuna izan zen eta beraz, txapeldun berria izango du txapelketak.
Aipatu finala abuztuaren 5ean jokatuko da Lasesarre futbol zelaian, Barakaldon, 20.45ean eta ostiral honetan egin dute aurkezpen ekitaldia.
Athletic, puntu gehien irabazi zituen taldea izanik, izango da etxeko taldea. Bizkaitarrek 14 puntu erdietsi zituzten sei derbitan. Realak, aldiz, hiru gutxiago, 11. Bien arteko finala jokatzen den bigarren aldia izango da aurtengoa eta biek ala biek behin irabazi dute Euskal Herria Txapela.
Bizkaitarren hirugarren finala izango da honakoa. Lehen edizioan iritsi ziren finalera, Alavesen aurka, baina epailearekin gertaturiko istiluen ondorioz, partida bertan behera geratu zen markagailuan 2-2koa zegoela. Bigarren edizioan, berriro finalera iritsi zen eta orain arte eskuratu duen txapela bakarra ordukoa da, 2018koa, alegia (1-0, Realaren aurka).
Talde txuri-urdin, berriz, bere laugarren finala jokatzeko atarian dago. Orain arte hiru final jokatu bai baina txapela bakarra eskuratu dute, 2020koa, alegia, Osasunaren aurka Anoetan jokaturiko finalekoa.
Abuztuaren 5ean jokatuko da VI. Euskal Herria Txapelaren finala Lasesarren ⚽️
— Euskal Herria Kirola (@ehkirola) July 1, 2022
⚡ @athletic_eus @RealSociedadEUS ⚡#EHKirola #EHTxapela
️ Sarrerak salgai dagoeneko Internet bidez
https://t.co/MLy8HVVOgM pic.twitter.com/XYrQ0h0GEh
Aurkezpenean, EH Kirola ekimeneko ordezkari Kike Zurutuza egon da. Berarekin batera parte-hartu dute Barakaldo alkate Amaia del Campo, Barakaldo klubeko presidente Jose Mari Isusi, Jose Angel Iribar Athleticen ordezkari moduan eta Imanol Agirretxe Realaren izenean.
Gogorarazi duten moduan, urtero norbait omentzeko aprobetxatu ohi izan da txapelketako finala eta aurtengoan, Gorka Iraizoz atezain ohia izango da omendua. Partida hasieran jasoko du omenaldia eta berak jarriko dio txapela irabazleari.
Sarrerak dagoeneko salgai daude interneten eta aurrez aurreko salmenta Realeko denda ofizialetan eta Lasesarren bertan ere ahalbidetu da. Tribunako sarrerak 20 euroko kostua izango dute eta hegalekoek, 15 eurokoa.