Alessandro Ruta

Errealitateak Bost Izarren Mugimendua irentsi du

Italiako alderdirik populistenak, Bost Izarren Mugimenduak, zatiketa odoltsua izan du, azken egunotan Luigi Di Maio liderrak bere talde propioa sortzeko erabakiaren ondoren. M5S deritzonaren desagerpenerako azken urratsa izan daiteke, nahiz eta oraindik ere Legebiltzarrean gehiengo erlatiboa eduki.

M5S alderdia utzi berri duen liderra, Luigi Di Maio.
M5S alderdia utzi berri duen liderra, Luigi Di Maio. (Mauro SCROBOGNA | LAPRESSE VIA ZUMA PRESS/DPA)

Yiddish hizkuntzan esaera dibertigarri bat dago: “Hautsa zinen, eta hauts bihurtuko zara; baina hauts batetik bestera, trago bat edatea ez litzateke batere txarra”. Esanahia erraza da, zinez: desagertu aurretik bizitza gozatu beharra dago.

Bost Izarren Mugimendua (M5S) hautsa zen 2013. urtea baino lehen eta, itxura batean, laster hauts bihurtuko da berriro ere, azken hauteskundeetan ikusitakoak ikusita.

Hortaz, une hau “tragoarena” da, antza, kontroletik kanpo dago-eta alderdia. Batez ere orain, alderdiaren liderrak, Luigi Di Maiok, alde egitea erabaki duenean.

Nortasun bila

Dena den, nor da mugimenduaren liderra? Zer da, gaur egun, M5S? Ofizialki Movimento 5 Stelle deritzonak, Beppe Grillo aktore komikoaren asmakizunak, horrelaxe definitzen du bere burua: askotariko talde bat, oro har «politikaren kastaren kontrakoa», eta nahiko populista ere bai.

Hasieran zaila zen haiek sailkatzea, are gehiago 2010. urtearen buelta horretan, orduan lurra oso emankorra baitzen, Silvio Berlusconi agintean zegoelako eta haren kontrakoek ez zutelako ezer egiten


Sinbolorik onena “La casta” liburu-saiakera zen, Gian Antonio Stella eta Sergio Rizzok idatzitakoa: ez ziren bi estremista arriskutsu, baizik eta Corriere della Sera egunkariko kazetariak. Hau da, «goi mailako» gizonak, burgesiaren ordezkariak.

Italiako gizarteak, egunkariak buru zirela, eskandalu guztiak salatzen zituen: botoak bideratzeko norbait falta zuen. Beraz, bai ezkerretik bai eskumatik, Bost Izarren Mugimenduak «botika» zirudien. Hizkuntza modernoa erabiltzen zuen eta sare sozialetan oso ondo eragiten zuen.

Mugimenduaren beste sortzaileetako bat Interneten aditu bat zen: Gianroberto Casaleggio, 2016an hil zena.
Oso modan zeuden horrelako alderdiak duela 10-12 urte. Eskaintzen zutena «beste mundu bat» zen, ekologista, demokratikoa eta jasangarria.

Agian, Beppe Grillok ez zuen hainbesteko arrakasta espero, batez ere 2013tik aurrera, Bost Izarrek hiri handi batean lehen alkatea lortu zuenean: Federico Pizzarotti, Parman. Urte berean, hauteskunde orokorretan, alderdiak inork baino boto gehiago izan zuen: %25,5. Mugimendua inongo koaliziotan ez zegoenez, «soilik» 108 ordezkari izan zituen.

Hala ere, denek ikusi zuten mugimenduaren gorakada. Alderdi Demokratikoko idazkari nagusi Pier Luigi Bersanik aipatu zuen bezala, «lehen postura iritsi gara, baina ez dugu irabazi». Bere taldeak, koalizio batean, %25,4 lortu zuen.

Ezkerra unerik baxuenean zegoen: nahiz eta arrakasta handia izan, Bost Izarrak ez ziren Gobernura iritsi, mugimenduaren zorterako; izan ere, protesta egiten jarrai zezakeen. Horrela, oinarriak prest zeuden 2018ko hauteskunde orokorretarako: urte hartan Beppe Grilloren alderdia %32,7ra iritsi zen, berriro ere koalizio batetik kanpo, eta bikoiztu egin zuen ordezkaritza Legebiltzarrean. Orain, bai, Gobernuan izango ziren Bost Izarrak. Eta beharbada han, horrelakoetan gertatzen den bezala, hasi zen mugimenduaren gainbehera.

Bost Izarren ekarpena Erromara joan ziren ehunka parlamentari berri ziren. Batzuk benetako eta nahi gabeko mito bihurtu ziren. Zerrenda oso luzea da, baina bizpahiru ordezkari aurkeztuko ditugu.

Lehenik eta behin, Danilo Toninelli jauna. Azpiegituren ministro ohia meme bizi bat zen, egunero horretarako materiala eskaintzen zuen eta. Momenturik onena telebista programa batean izan zen: aurkezleak, auto elektriko batean, galdetu zion zein iritzi zuen garraioaren etorkizunari buruz, eta Toninellik erantzun zuen berak 4x4 motako autoa erosi berria zuela.

Gure «podiumean», bigarren tokian Alessandro Di Battista dago, Dibba mugimenduko kidea. Bere ezizena “Ipar Erromako Che Guevara” da, Italiako hiriburukoa delako. Nahiz eta aita faxista zuen, Di Battista funtsezkoa izan da ezkerreko botoarentzat: beti boterearen kontra, goi mailara iristeko asmoa duen gizona da; kazetari izatera, adibidez. Hainbat erreportaje argitaratu ditu azken urteotan, Kubatik edo Hego Amerikatik.

Azkenik, Luigi Di Maio, garrantzi handiena duen pertsona da; une honetan, bederen, Bost Izarren mugimendutik ateratzea erabaki baitu. “Giggino”, Napoliko freskagarri saltzaile ohia, ez da badaezpadako ordezkaria: Beppe Grillok izendatu zuen mugimenduaren “buru politiko” eta azken bi kabineteetan Atzerri Ministro izan da, bai Giuseppe Conte lehen ministroarekin bai Mario Draghirekin.

Atzerrian porrot

Atzerri kontuetan akats ugari egin du Di Maiok: behin aipatu zuen Pinochet Venezuelakoa zela, eta beste behin «Ping» Xi Jinping deitu zion Txinako presidenteari. Justu pandemia aurretik  Parisera joan zen «txaleko horien» mugimendukoekin hitz egitera –«Haien programa gure programa da», esan zuen–. Eta, oro har, oso txinazalea zen bere jarrera.

«Pobrezia deuseztatu dugu» esaldia betirako geratuko da: balkoi batetik iragarri zuen. Egun hartan, 2018ko irailean, Bost Izarren liderra Italiako aurrekontu orokorren aldaketak ospatzen ari zen, berak eragin zituenak: adibidez, Reddito di cittadinanza, hemengo Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren antzekoa.

Neurri horrek agian «pobrezia deuseztatu zuen», baina ziur aski behar ez zuen jende askok aprobetxatu zuen: mafioso pila batek, esate baterako.

Analista askorentzat, Di Maioren esperientzia, Atzerri Ministerioan, stage bat bezalakoa izan da, eta ez benetako lana. Dena den, Woody Allenen Zelig pertsonaiak bezala, oso azkar aldatu zituen iritziak “Gigginok”. Hala, azken hilabeteotan ultra-atlantista bihurtu da, Bost Izarren filosofia baztertuta. Di Maiok ez dauka prestakuntza politikorik, ez zuen ezer ikasi. Nola iritsi ote zen goraino? Bere alderdikideak bezala, “Rousseau” izeneko web plataforma bati esker. Bost Izarren ordezkaria aukeratzeko inkesta bat egin zen eta boto gehien lortu zuen berak. Di Maiok eta beste ehunka pertsonak.

Atzerri ministroaz txantxa ugari egin da: “O bibitaro” gisa ezaguna zen aurkarien artean, freskagarriak (bibita, italieraz) saltzen zituelako. Azkenaldian, aldiz, hedabideak askoz gehiago mimatzen ari dira; ziur aski, Draghizalea delako.
Dena aurreikus zitekeen bezala izan da, egia esan. Italiako lehen ministroak ia kabinete guztia irauli zuen, bi ordezkari izan ezik: Roberto Speranza (Osasun ministroa) eta, aipatu bezala, Di Maio. Izan ere, oso kargu estrategikoak dira horiek. Bere akatsak? Ahaztuta. Kontraesanak? Oroimen urrunak. Errepublikako presidentearen kontra egindako salaketak eta Sergio Mattarellaren kontrako epaiketaren eskaera? Horiek ere ahaztuta.

Orain, “Giggino” atlantistak baino atlantistagoa da, eta ezin izan du geratu Bost Izarren Mugimenduan, Giuseppe Conte lehen ministro ohia delako lider berria. Di Maiok Ukrainaren alde egin du; Bost Izarrek, berriz, ez dute nahi Zelenskyri arma gehiago bidaltzea, eta antza, mugimenduak Gobernutik atera beharko luke, zaleen botoak berreskuratzeko. Nabarmena da, abstentzioa nondik datorren ikusita.

Itopuntua apurtzeko, Di Maiok beste talde bat sortu du Parlamentuan, beste 62 kiderekin (Bost Izarren ordezkaritzaren laurden bat): Insieme per il futuro izena du (Elkarrekin etorkizunerako). Ez da joango boto bila datozen hauteskunde orokorrei begira, baizik eta egonkortasun bila, boterea mantentzeko. Italia Viva sortzeko Alderdi Demokratikoa utzi zuen Matteo Renzi bezala, Di Maio nahasketa bat egiten saiatu da.

Ez dirudi Renzi bezain trebea edo bizkorra denik. Baina auskalo, agian lehen ministro ohiarekin loturaren bat lor dezake: barregarria litzateke, iraganeko euren arteko liskarren ostean. Jada barregarria da bere ahotan iraganeko esaldi batzuk berriro entzutea: «Ez gara izango betiko alderdiak!», ziurtatzen zuten Bost Izarren liderrek, edo «Legebiltzarra irekiko dugu, hegaluze lata baten moduan».

Azkenean betiko alderdia osatu dute. Izan ere, zatiketa odoltsua izan dute, eta Legebiltzarra lasai-lasai dago, iraultzarik gabe. Han atzean, guztiz desagertuta, Beppe Grillo sortzailea erabat harrituta edo aspertuta irudika dezakegu. Behin baino gehiagotan aktore ohiak aipatu zuen Bost Izarren Mugimenduak iraungitze data zuela, alderdia bere «aitarengandik» gero eta gehiago urrundu baita azken urteotan. Polemika asko eragin ditu, aste honetan, beste zurrumurru bat: are eta Mario Draghi berak Grillori eskatuko lioke baztertzeko Giuseppe Conte mugimenduko lider. Di Maio bere ordez jartzeko? Hau ez da oso argia.

Burukominaz burukomina, horrenbeste arrakasta lortzea ez zuen espero Grillok, baina aldi berean ezin izan zuen olatua gelditu eta jokoa kontrolaezina bihurtu zitzaion. Zorionez, beretzat, bukaera gertu samar dagoela dirudi. Hauts bihurtu eta gero, alegia.