Askorik itxaron behar izan gabe heldu zaio Joseba Ezkurdiari Buruz Buruko finalean arantza ateratzeko aukera. Maiatzaren 29an jantzi zuen Unai Lasok Nafarroa Arenan bere ibilbideko lehen txapel handia eta hilabete eta erdi pasa aurretik, handik ez oso urrun, bi pilotari nafarrak berriz ere aurrez aurre arituko dira Iruñean, urteko laugarren handia bezala ezagutzen den sanferminetako lau eta erdiko finalean.
Ez batak ez besteak ez du kantxa osoan bezainbeste jokatu kaiolako honetan, baina duten sasoia eta kalitatea nahikoa izan dute euren enpresako onenak izan eta pilotarientzat horren berezia den egun honetan ere protagonista izateko. Finalistak nortzuk izango ziren jakin aurretik, aitaren batean amaitu ziren sarrerak eta, duela hilabete gertatu ez bezala, final orekatua nahi dute pilotazaleek ostegun honetarako.
«Gutxienez, maila eman»
«Buruz Buruko arantza kentzeko gogoak ditut, baina galdu izanagatik baino, nire jokoa egiterik izan ez nuelako. Gutxienez nire maila eman nahiko nuke», azaldu du arbizuarrak partidaren atarian.
Baina arantza bikoitz hortaz harago, Sakanako aurrelariak badu beste motibazio bat Lasoren aurkako partidarako. Izan ere, aurretik birritan jokatu du uztailaren 7ko final hau eta aurreko bietan Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak txapelik gabe utzi zuten eta. «Egia esan ez diot horri buelta askorik ematen, baina onartzen dut sanferminetako lau eta erdiko txapela janzteko gogo handiak ditudala. Izan ere, hiru txapelketa nagusietatik aparte, urteko txapelik preziatuena da hau pilotarientzat», azaldu du Ezkurdiak.
Partiden nondik norakoen ingurukoez galdetuta, Joseba Ezkurdiak argi du dena eman beharreko partida horietakoa izango dela Lasoren aurkakoa. «Intentsitate handiko partida bat izango da, erritmo askokoa. Buruz buruko lehia guztietan bezala, ekimena eramateko gaitasuna duenak asko izango du irabazia, baina partida oso gogor baterako prest egon beharko dugu».