Herri Sanferminen egitaraua ezin oparoago dator uztailak 7 honetan. Txupinazoaren eguna gaindituta, 31 ekimen barnebiltzen ditu, goizean-goiz hasi direnak eta ostiraleko ordu txikiak heldu arte luzatuko direnak. Hitzordu nagusia, 19.00etan egingo den zezenketen aurkako kalejira, 3indarrok elektrotxarangak alaiturik eta Udal Plazatik abiatuta.
Baina hamabi ordu lehenago hasi da egitaraua betetzen, La Jarana peñako txarangak gidatutako dianaren bitartez.
11.00 eta 11.30 bitarte Iruñeko Algara, San Fermin eta Armonia Txantreana peñen txarangak kalean egongo dira, eta 12etan «luntx soziala» egingo dute Anaitasuna peñan, beste lau txarangen partehartzearekin (El Bronce, Aldapa, Sanduzelai eta El Txarko).
13etan Euskarabentura ekimeneko partaideak Oinez-aren txokoan egongo dira. Eta arratsalde partean musika nonnahi gozatzeko aukera izanen da: Gauargi Oinezen, Las Tipex Katakraken, DJ Erli Matalazen, DJ Vinilo Terrible Iruñeko Algaran, Marianoz Blai La Unican...
Zezenketen aurkako kalejiraren ostean ere musika gozagarri Herri Sanfermin hauetan: Kuskustu Oinez txokoan, Distopia elektrotxaranga Herrikon, Dorian Matalazen, Larrain dantza Iruñeko Algaran, nola ez Luziano Arranon...
Alde Zaharrean barrena zabaldu da egitaratua, jakina denez, Enrique Maya alkateak ekimena Runa Parkera aldentzeko aginduaren ostean. Honen aurkako protesta ekintza nagusia igandean deitua da, arratsaldean, kalejira baten bitartez, peñek ere babestutakoa. O Plazatik irtengo da, 18.00etan.