NAIZ

‘Modelo 77’ Alberto Rodriguezen film berriak inauguratuko du Zinemaldiaren 70. edizioa

Alberto Rodriguez zinemagilearen film luze berriak, ‘Modelo 77’ izenekoak, inauguratuko du Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioa, lehiaketaz kanpo.

‘Modelo 77’ filmaren fotograma bat.
‘Modelo 77’ filmaren fotograma bat. (ZINEMALDIA)

Alberto Rodriguez zinemagile sevillarraren film luze berriak, ‘Modelo 77’ izenekoak, inauguratuko du Donostia Zinemaldiaren 70. edizioa datorren irailaren 16an, lehiaketaz kanpo.

Espainian «trantsizioa» delakoaren garaian girotutako thriller bat da filma eta Miguel Herran eta Javier Gutierrez ditu protagonista, besteak beste. Film honekin, bosgarrenez hartuko du parte zuzendariak Sail Ofizialean; irailaren 16an Kursaal auditoriumean egingo den inaugurazio galaren ondoren ikusi ahal izango da.

Pelikula benetako gertakarietan oinarrituta dago eta, adiskidetasun, elkartasun eta askatasun istorio bat kontatzen du. Ekintza Bartzelonako Modelo espetxean hasten da. Bertan, Manuel (Miguel Herran) izeneko kontulari gazte bat funtsak desbideratzeagatik epaiketa baten zain dago, eta 6-8 urteko zigor eskaerari aurre egin behar dio, zigorra neurriz kanpokoa bada ere egin duen deliturako. Bere ziegakide Pinorekin (Javier Gutierrez) batera, bat egingo du Espainiak 40 urteko diktadura pairatu ondorengo trantsizioaren hasieran euren eskubideen eta amnistiaren alde borrokatzen ari diren preso arruntez osatutako talde batekin.

Alberto Rodriguezek ‘El factor Pilgrim’ (2000) filmarekin egin zuen debuta. Santi Amodeorekin batera zuzendu zuen film hori eta Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen; aipamen berezia lortu zuen New Directors sailean. ‘El traje / The Suit’ (2002) filmarekin sail berean parte hartu zuen berriro, oraingoan bakarka; geroago, Sail Ofizialean egin zuen debuta ‘7 vírgenes / 7 virgins’ (2005) filmarekin, non Juan Jose Ballestak aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi baitzuen. Ondoren, hiru Goya saritarako izendatu zuten ‘After’ (2009) filma, eta Made in Spain sailean eman zuten, geroago, ‘Grupo 7 / Unit 7’, Goya sarien 16 kategoriatan hautagai izateaz gain.

Zuzendaria Donostiako lehiaketa ofizialera itzuli zen ‘La isla mínima / Marshland’ (2014) filmarekin, zeinak, 10 Goya sari eskuratu aurretik Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra eman baitzion Javier Gutierrezi eta Argazki Onenaren Epaimahaiaren Saria, halaber, Alex Catalani. Horren ondoren, berriro lehiatu zen Zinemaldian ‘El hombre de las mil caras / Smoke and Mirrors’ (2016) filmarekin. Eduard Fernandezek Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen film horri esker, eta ‘La peste / The Plague’ (2017) telesaila aurkeztera ere etorri zen Sail Ofizialera, lehiaketaz kanpo.