Idoia Eraso

Ipar Euskal Herrian euskararen alde ari diren eragileak diruztatzeko hitzarmena berritu dute

Euskararen Erakunde Publikoak eta Lakuako Gobernuak euskararen alorrean diharduten eragileak sustatzeko lankidetzarako fondoaren banaketaren zehaztapenak eman dituzte ostiral honetan Baionan. 1.930.000 euro banatuko dituzte Ipar Euskal Herriko eragileen artean.

Miren Dobaran Lakuako Gobernuko ordezkaria eta Antton Curutcharry EEPko presidentea.
Miren Dobaran Lakuako Gobernuko ordezkaria eta Antton Curutcharry EEPko presidentea. (PATXI BELTZAITZ)

Eragile pribatuentzat Euskararen Erakunde Publikoak eta Lakuako Gobernuak osatutako 1.930.000 euroko lankidetzarako funtsa nola banatuko duten aurkeztu dute uztailaren 8 honetan Baionan. EEPko presidente Antton Curutcharryk eta Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek 2007an abiatu zen hitzarmenaren aurtengo esleipenaren berri eman dute.

Funtsaren diru kopurua bera da 2017tik; Ipar Euskal Herriko instituzioak 1.530.000 euro ematen ditu, eta EAEkoak 400.000.

Bi eragile mota eta bi esleipen mota daude bertan. Alde batetik, hizkuntzaren sustapenerako oinarrizko eragile gisara kontsideratuak diren 14 entitate. 1.793.500 euroko funtsa banatzen da horien artean; nagusiak AEK (520.000), Seaska federazioa (405.000), Euskal Irratiak (310.000) eta Uda Leku (179.000) dira.

Lau eremutan banatzen dira oinarrizko eragileak: euskarazko irakaskuntza (496.000), hedabideak (529.500), aisialdia (244.000) eta helduen irakaskuntza (520.000).

Azken honek, garrantzi berezia izanen du EEPren politika orokorrean hemendik goiti. Ostegunean egin zen biltzar nagusian norabide berri hori hartzea deliberatu zen, egungo egoera soziolinguistikoa kontuan izanik, non gero eta haur gehiago dauden euskaraz ikasten, baina gurasoek ez duten hizkuntza ezagutzen.

Bestalde, jardueren proiektu deialdia bada, non 136.500 euro banatzen diren. Aurten orotara 28 eragilek 45 proiektu aurkeztu dituzte. Bertan nagusiak TVPI telebista (32.000), euskoa kudeatzen duen Euskal Moneta elkartea (16.000) eta Oreka zirku eskola (12.000) dira.

Udalekuak Pirinioen bi aldeetan

Ipar Euskal Herriko eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteak elkartzen dituen udalekuak proposatu dituzte aurten. Proiektu pilotua da, baina asmoa egonkortzea litzateke eta hurrengo urtean Nafarroak ere parte hartzea.

«Programa berritzailea da, asmoa da gazteek beste euskarak entzutea», baieztatu du Dobaranek. Bi talde izango dira, 12 eta 15 urte artean, eta 16 eta 23 urtean artean, eta aldiro Ipar Euskal Herriko parte-hartzaile gehiago izanen dira.

Curutcharryk iparraldeko hiru lurraldeetan arrakasta handia izan duela nabarmendu du: «Biziki fite bete da, beraz interesa badela ikusten da, eta hori positiboa da».