«Auzoaren defentsan eta jai herrikoien alde egiten dugu»
Asteburu honetan, Santutxu auzoak festak ospatuko ditu. Basarrate plaza ez da Iruñea bezain lepo egongo, baina Karmela gune autogestionatuko kideek hasiera beroa emango diete auzoko festei, txupina botatzeko ardura izango dute eta. Ane Hernandez, Karmelako kidea, jaien inguruan mintzatu da.
Zein izan da orain arte Karmelak egindako ibilbidea?
Berez, Karmela proiektua espazioa izan aurretik hasi zen sortzen auzoan ikusten ziren beharrizanen haritik: bai espazio aldetik, bai doako eta auzoko ekintzen aldetik. Azken finean, ez genuen behar horiek betetzen zituen espaziorik auzoan, eta orduan hasi ginen horri bueltak ematen.
Biltzen hasi ginenean auzoko eta Bilboko kolektibo ezberdinen bitartez hasi ginen batzen. Bi urte hutsik eta erabilpen barik zegoen espazioa, Karmelo Ikastola, irekitzea pentsatu genuen eta horretan hasi ginen.
2015eko azaroaren 14an izan zen sartu ginen lehenengo eguna, eta hortik aurrera Bilboko jende ezberdina bilduz asanbladen bitartez koordinatzen eta martxan hasi ginen. Hasieran, espazioa oso handia zela uste genuen, eta ez genekien betetzeko gai izango ginenik ere. Gaur egun, espektatibak guztiz gainditu ditugula esan daiteke. Uste genuena baino askoz jende gehiago hurbiltzen da eta talde zein proiektu gero eta finkoago bat bihurtzen ari gara.
Zer ekarpen egiten dio Karmelak Santutxuri?
Espazio aldetik itzela da; 2.000 metro karratuko espazio bat daukagu. Patio publiko eta frontoi estali bakarra da auzoan, ez dakit Bilbo osoko [frontoi estali publiko] bakarra izango ote den, baina horrelako oso gutxi daude.
Santutxuri egiten diogun ekarpena jendearen denborarena da. Tailer guztiak dohainik dira eta jendeak bere burua aurkezten du dakien hori erakusteko. Azkenean, parte hartzetik bizi gara, ez diru etekinetatik. Horrek ere proiektua finkatu dezake, asanblearioak gara eta mundu guztia dago Karmelan parte hartzera gonbidatuta. Gogoa eta lan egiteko asmoa baino ez da behar.
Gaztetxe antzeko proiektu bat da, ezta?
«Gaztetxe» hitzari dagokionez, hasiera eztabaida txiki bat izan genuen. Karmelak ez du gazte perspektiba bakarrik biltzen, zeren eta baditu «tai jia» egiten duten jubilatuak, umeekin batera gauzak egiten ibiltzen diren gurasoak… Gaztetxe hitzak, hemen gutxienez, baditu konnotazio batzuk eta Karmelan egon badaude gazteak, noski, baina belaunaldien arteko tarte handia dago. Beraz, «gaztetxe» hitza txiki gelditzen zitzaigun horrelako proiektu baterako. Guk abizenik ez diogu jarri, baina esan daiteke Karmela gune autogestionatu, okupatu eta herrikoi bat dela.
Zer harreman duzue Jai Batzordearekin eta zer antolatzeaz arduratu zarete jaietan?
Urte hauetan harreman zuzena izan dugu Jai Batzordearekin, eta zenbait ekintza antolatzeko espazioa behar izan duenean Karmela espazioa erabili du. Baina egia da Karmelatik ez dugula txosnarik jarri eta agian gure presentzia ez dela oso oso zuzena izan. Ezin izan ditugu egun ditugun indarrak horretara bideratu.
Baina, tira, harreman gehiago izan nahiko genuke. Egia da harreman zuzena dugula: inauterietan, urtero ospatzen den herri bazkarian, Olentzero eta antzeko kutsuko ekintzetan… Baina jaietan, konkretuki, ez dugu presentzia fiskorik. Dena den, Karmelako jendeak beste eremu batzuetan hartzen du parte jaietan.
Zergatik eman dizuete txupina botatzeko ardura? Urteurrenen bat bete edo lorpen berezirik izan duzue aurten?
Egia esan ez! (barre egin du). Guk ere galdera hori egin diogu gure buruari: ia zergatik. Baina tira, uste dugu pandemiaren ostean aldaketa asko egon direla, ez? Gauzak edo ekintzak egin edo ez… espazio publikoan nahiko zail egon da ekintzak aurrera ateratzea eta Karmelak bere burua edo espazioa eskaini du gauza guzti horiek ahalik eta hoberen aurrera egin dezaten. Tira, hori uste dut. Azaroan zazpi urte betetzen ditugu (barreak), baina ez dago aparteko ezer.
Errekonozimendu bat da azken finean. Nola jaso duzue albistea?
Pozik. Auzoan erreferenteak izatea kristoren aurrerapausoa da guretzat, sekulako indarrak ematen dizkigu eta, egia esan, oso gustura jaso dugu berria. Beti bezala, ardura bat izateak baditu bere gauza on eta txarrak: hau eta bestea nork lotu, pregoia botatzea… Dena den, moldatu gara eta auzoan pozik gaude.
Santutxu Karmelaren zati oso garrantzitsu bat da guretzat, Santutxu gabe ez litzateke Karmela egongo. Oro har, guretzako kristoren errekonozimendua da eta lan egiteko gogoa pizten digu.
Nolako jaiak nahiko zenituzkete?
Guk auzoaren defentsan eta jai herrikoien alde egiten dugu. Jaiak auzoak eta auzoarentzat egiten ditu. Ez dugu inolako erasorik nahi, eraso guztien kontra dago Karmela. Pluraltasunaren alde gaude eta, nola ez, datorrena ondo pasatzera etorri daitela, festetan parte hartzera. Gainera, auzoan ez ditugunak ere gogoratu nahi ditugu.
Programan berritasunik dago?
Ez, gutxi gora behera betiko programazio bertsua da. Egia da aurten gehiago kostatu zaigula ardurak banatzea, diru gutxi baitago. Gauza berdinak antolatzeko esfortzu bikoitza egin behar izan dugu. Jaiak gogo handiz prestatu dira eta espero dugu denontzat guretzako bezain onak izatea.
Ze ekarpen ekonomiko egiten du Bilboko Udalak?
Bilboko Udalak oso diru kantitate eskasa eskaintzen du. Diru horrekin ez da heltzen ezta komun publikoa osorik ordaintzeko. Hau da, Udalak ematen duen diruarekin ez da heltzen astebetez komunen zerbitzu hori eskaintzeko. Orduan, imajinatu dezakezu zein izan daitekeen udalak ematen duen diru partida auzoko jaietarako. Gero, BBK Liven publizitateagatik ez dakit zenbat kontzertu antolatu ditu auzoan, horietarako dirua izan du. Baina tira, guk gurea egiten dugu daukagunarekin. Hala ere, bolondresengatik izango ez balitz, ez litzateke jairik egongo. Jendeak egiten duen lana ere eskertzekoa da.
Azken mezurik?
Mundu osoa dagoela Karmelara eta bertan parte hartzera gonbidatuta. Nahi duena etorri daiteke; edonorekin lan egiteko prest gaude, beti ere, gure balore guztiak errespetatzen badira.