Jon Ormazabal

Jon Mariezkurrenak jarri du musika Labriteko festa gunean (22-5)

Artola oso fresko batek ere ezin hobeto ulertu du bere atzelariaren nagusitasuna eta bere luzimendua bilatu beharrean, partida borobila osatu dute, Martija etengabe zigortuz.

Jon Mariezkurrenak partida handia jokatu du.
Jon Mariezkurrenak partida handia jokatu du. (Jon URBE/FOKU)

Normalean Labriteko giroa handia bada, sanferminetan goia jotzen du eta ostiral gaua izanda, festa handia izan da Iruñeko pilotalekurik kuttunenean. Eta festa guztiek euren soinu banda badute, gaurkoan Jon Mariezkurrena izan da musika jarri eta besteek haren erritmora dantza egiteko ardura izan duena. Berez, Unai Lasok behar zukeen kartel burua, baina bezperan izandako lesioak etxean utzi zuen txapelduna eta Artola oso on batek lagunduta, Berriozarreko atzelaria izan da gaueko izarra, pilota asko astindu eta piloteoan egungo atzelari txapelduna goitik behera dominatuz. Garaipen eta emaitza honekin, Baikoko bikoteak oso bideratua du finalerako bidea, ikusi beharko da Lasorekin edo Artolarekin –asteartean dute hurrengo partida Jaka-Albisuren aurka.

Bestelakorik espero bazen ere, partidak apenas izan du orekarik eta hirunako berdinketatik aurrera kolore bakarra egon da kantxan, Baikokoen urdina. Eta nagusitasun horretan Jon Mariezkurrena nabarmendu da guztien gainetik. Atzelari nafarra oso fresko aritu da, Martija gehienean zazpiaz atzetik egotera behartu eta denera sei tanto eginda, horietako bi pilota errebotean jarrita. Binakakoan eskuko arazo handiak izan ostean, bere eskuina erabat osatua du Mariezkurrenak eta jotzeaz aparte, Martijaren ezkerra aurkitzen ere bikain aritu da.

Artola, ezin egokiago

Eta Etxeberrikoa zigortu eta Ezkurdiari jokoan sar zedin ekiditeko estrategia horretan lagun ezin hobea topatu du Iñaki Artolarengan. Udako txapelketa eta torneo nagusietatik kanpo, kide baten lesioak eman dio alegiarrari Iruñeko ferian aritzeko aukera eta, bere atzelariaren nagusitasuna bere luzimendurako erabili beharrean, gauzak oso praktiko eta egoki egin ditu, botera duen pilota luzatzeko gaitasunari etekina atera eta, zuloak ireki eta gero, tantoak ondo amaituz.

Parean, Ezkurdia eta Martijaren ezina nabaria izan da. Arbizuko aurrelaria bezperan partida oso gogorra jokatzetik zetorren eta gaurkoan jokotik erabat deskonektatuta izan da, izan dituen aukera urrietan ere gutxi asmatuz. Pilotari zaildua izanik, Julen Martijak gutxitan sufritu du gaurkoan beste, Mariezkurrenaren bizkar luzea nahi baino gehiagotan ikusi behar izan du eta.

 

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia-Martija: 5

Artola-Mariezkurrena: 22

Pilotakadak: 440. Iraupena: 48,51. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 2-3, 3-3, 3-14, 5-14, 5-22. Sakeak: 0 Ezkurdiak eta 1 Artolak. Egindakoak: 3 Ezkurdiak, 0 Martijak, 8 Artolak eta 6 Mariezkurrenak. Galdurakoak: 6 Ezkurdiak, 2 Martijak, 1 Artolak eta 1 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Harmailak beteta eta giro Bikaina Labriten.