Tradizioari keinu eta historiaren pasarte ilunei adio
Bramall Lane-k hartuko du gaur Herbehereen eta Suediaren arteko norgehiagoka. Emakumezkoek 1895an jokatu zuten lehen partida Sheffieldeko zelaian, baina mende erdian zehar euren zaletasuna praktikatzeko debekua jasan zuten.
Bere historian pasarte ilunak dituen futbolaren sorterrian, «historiko» hitza etengabe errepikatuko da hurrengo egunetan. Ingalaterrak, inoizko Europako Txapelketa onena antolatu nahian, lana, denbora eta dirua inbertitu ditu, proiektuan tradizioari keinu ere eginez. Eszenatokien eredua argia da: Old Trafford-en hasi zen torneoa, Wembleyn amaituko da eta gaur Bramall Lane-k zabalduko ditu ateak Herbehereen eta Suediaren arteko norgehiagoka hartzeko.
Sandygate ondokoak du munduko zelai zaharrena izatearen ohorea, denbora gutxigatik bada ere, baina Sheffield United-enak dauka leku handiena historian. 1855ean eraikia, kriketa eta atletismoa hartu zituen hasiera batean, baina zazpi urte beranduago hiriko bi talde garrantzitsuenen –Sheffield FC eta Hallam FC– arteko norgehiagoka hartu zuen. Harrezkero Bladesem (gaur egun Sheffield United FC) etxea izan da eta hain denbora luzeari dagozkion erabateko aldaketak bizi izan ditu. Hotela eta bulegoak topa daitezke egun une gogoangarri dezente hartu dituen zelaian. Han jokatu zen argiztapen artifizialarekin jokatutako historiako lehen partida, baita irratiz zuzenean eman zen lehena ere. 1940an historiako alde txarrena ere sufritu zuen, hiriaren zati handi bat txikitu zuen «December Blitz» delakoak ez baitzuen zelaia barkatu.
British Ladies F.C.
Emakumezkoek ezagutu zuten Bramall Lane zaharra. British Ladies Football Club-eko North eta South taldeek Londresen 1895eko martxoaren 23an jokatu zuten partida hartzen du historiako aurreneko emakumezkoen futbol partida ofizialtzat FIFAk. Bi hilabete beranduago, 3.000 lagun bildu ziren Bramall Lanen talde berberen arteko norgehiagoka ikusteko. Hurrengo bi hamarkadetan emakume asko animatu ziren Ingalaterran futbolean aritzera, harik eta Federazioak 50 urte iraungo zuen debekua ezarri zuen arte.
Nettie Honeyball aktibistak sortu zuen British Ladies FC. Proiektuak bi urte besterik ez zuen iraun, baina futbolaren sugarra hauspotu zuen eta hurrengo urteetan talde mordoxka sortu ziren Britainia Handi osoan, batez ere gune industrialetan. Dick Kerr’s Ladies izan zen ezagunena eta garai hartako paradigmatikoena. Gizonezkoak I. Mundu Gerrako frontean zeuden bitartean, lantegietan haien lekua hartu zuten emakumezkoek gauza bera egin zuten futbolean.
Paradoxikoki, gerraren amaierak andre haien bizitza ilundu zuen, askok lanpostua galdu baitzuten eta gehienek futbolari uko egin behar izan baitzioten. Ezinbestean, Federazioak, gizartearen korronte kontserbadoreenari jarraituz, emakumezkoen futbola debekatu zuen 1921ean. Eta askok jokatzen jarraitu bazuten ere –Dick Kerr’s Ladies-ek berak 40 urteko ibilbidea izan zuen–, 1971n betoa kendu arte ez zuten babes ofizialik izan.
Beste mende erdi pasatu da harrezkero eta FAk bideari utzitako lekuan ekin soilik ez eta sekulako jauzia eman du. XXI. mende hasierako berpizkundearen ondoren –Arsenalen arrakasta Txapeldunen Ligan, 2005eko Europako Txapelketaren antolakuntza...–, saiakera berri eta sendoagoa gauzatzen ari da azken urteotan klubekin batera. Emaitza argiena, WSLek lortu duen maila altua alor guztietan eta, hori da egun bertakoen itxaropena, Ingalaterrako selekzioak aurtengo Europako Txapelketan eskain dezakeen errendimendua.
Zelaien edukieraren inguruko ika-mika
Zelai historikoetan jokatuko dute futbolariek Europako Txapelketan zehar. Kexak ere badaude, ordea, hainbat eszenatokiren tamainarengatik batez ere. Ez da harritzekoa. Lehen partidak txapelketaren marka hautsi zuen, Old Trafforden bildutako 68.000 zaleekin, eta Wembleyko finalean gauza bera gertatuko da; alta, antolakuntzak aukeratutako hamar zelaietako hiruren edukiera deigarria da: 10.400 lagun sartzen dira Rotherhameko New Yorken, 7.800 Leigheko Sports&Villagen eta 4.400 besterik ez Manchester City Academy zelaian.
Sara Bjork jokalari islandiarrak kritikatu du, besteak beste, zelai horien neurria. «Lotsagarritzat» jotzen du Olympique Lyonnais taldeko futbolariak. «Errespetu falta bat da. Harrigarria da Ingalaterran hainbeste zelai handi eta eder egotea eta 4.400 eserleku dituen batean jokatu behar izatea», esan du. Corinne Diacrek, berriz, Frantzian jokatu zen Munduko Txapelketan harmailetan egon ziren hutsuneak aipatu ditu. «Zer nahiago dugu? 4.000 eserlekuko zelaia beteta izatea edo 20.000ko batean 4.000 zale besterik ez egotea?», galdetu du.
Nadine Kessler UEFAko arduradunak argudio berari heldu dio, «aurreko Europako Txapelketan 5.000 ikusleko batez bestekoa egon» zela gogoratuz eta Herbehereetan guztira 430.000ko edukiera egon zela eta aurten 720.000koa izango dela azpimarratuz.