NAIZ
Donostia

Elon Muskek asmoetan atzera egin eta ez du Twitter erosiko

Elon Muskek Twitterri gutun bidez jakinarazi dio ez duela honen erosketarekin aurrera egingo akordioaren hainbat urratze eman direla iritzita. Iragarpenak akzioen jaitsiera ekarri duen bitartean, bien aldeen artean sinatutakoa betearazteko neurriak iragarri ditu sare sozialak.

Elon Musk Teslako sortzaileak atzera egin du Twitter erosteko asmoetan.
Elon Musk Teslako sortzaileak atzera egin du Twitter erosteko asmoetan. (Olivier DOULIERY | AFP)

Elon Musk Teslako sortzaile eta kontseilari delegatuak Twitterri jakinarazi dio sare sozialaren erosketa-kontratua bertan behera uzteko asmoa duela, bi aldeek apirilean sinatu zuten akordioaren «xedapen askoren funtsezko urratzea» dela iritzita.

Magnatearen abokatuek helerazitako gutun baten bidez, Muskek Twitterri jakinarazi dio sare sozialaren erosketa geldiarazteko asmoa duela, plataforman dauden kontu faltsuen kopuruari buruzko informazioa hainbat aldiz formalki eskatu ondoren, baita kontu horiek ikuskatzeko eta eteteko Twitterrek duen modua ere.

Muskek asteak zeramatzan Twitterreko ‘bots’ delako kontuen zifrak publikoki zalantzan jartzen. Analista askoren ustez, erraldoi teknologikoaren akzioen prezioa jaisteko ahalegina zegoen atzean.

Twitterreko akzioak %6 baino gehiago jaitsi dira asmoa iragarri ondorengo operazioetan, CNN katearen arabera eta, sare sozialak dagoeneko baieztatu duenez, Muskek erosketa akordioa betearazteko legezko neurriak iragarri ditu.

Ez da lehen aldia

Iragan apirilean 42.156 milioi eurogatik Twitter erosteko nahia baieztatu zuenetik ez da aurreneko aldia Teslako sortzaileak aurrera ez segitzeko asmoa azaltzen duela. Maiatzaren erdialdean, hain justu, erabaki zuen aldi baterako bertan behera uztea erosketa kontu faltsuak eta spama erabiltzaileen %5 baino gutxiago direla berrespenaren zain.

Azken mugimenduaren ondotik, ordea, zera adierazi du sare sozalak: «Twitterreko Batzordeak konpromisoa hartu du transakzioa adostutako prezioarekin eta baldintzekin ixteko. Hala, akordioa betearazteko legezko ekintzak hasteko asmoa du».

Hain zuzen, Elon Musk eta Twitterrek 987 milioi euroko isuna adostu zuten akordiotik erretiratzen zenarentzat. CNN katearen arabera, Twitterrek Musk erosketa adostutako baldintzetan egitera behartu nahi badu, gauzak zaildu egin dakizkioke enpresari hegoafrikarrari.