NAIZ

Sara Gama: kapitaina zelaian, ahotsa kanpoan

Europako Txapelketaren lehen fasearen lehen jardunaldia igande honetan amaituko da D multzoko partidekin. Italiak Rotherhamen jokatuko du Frantziaren kontra, Sara Gama erdilariaren gidaritzapean.

Sara Gamak 136. partida jokatuko du Italiako kamisetarekin Frantziaren kontra.
Sara Gamak 136. partida jokatuko du Italiako kamisetarekin Frantziaren kontra. (FIGC)

Italiako kapitaina zelaian eta emakumezkoen futbolaren ahotsa kanpoan, Sara Gamak gaur gauean egingo du debuta Europako Txapelketan. Frantziaren aurka arituko dira italiarrak eta azken urteotako goranzko ibilbidean «beste urrats bat» emango dutela espero du.

«Garrantzitsuena disfrutatzea eta txapelketa hauetan erabakigarriak diren xehetasunei adi egotea da. Lehen partidak norabide ona markatu dezake», esan du esperientziaren ahotsarekin. 2006ean 17 urte zituela egin zuen debuta Italiako selekzioarekin eta jada 135 neurketa jokatu ditu.

«Europako Txapelketa Mundukoa baino estuagoa da», azaldu du, 2019an bere taldeak final laurdenetara heltzeko egin zuen lan ona gogoratuz. «Hiru urte hauetan, baina, hazi egin gara, gure klubekin ere hainbat ate zeharkatu ditugu, esperientzia gehiago daukagu. Eta hazkunde hori erakutsi nahi dugu».

Azzurrien kapitaina Italiako futbolari ezagunena bilakatu da, hainbesteraino Mattelek Barbie panpina sortu zuela bere irudiarekin. 

Carolina Morace jokalari historikoaren esanetan, Gamaren «bertute nabarmenena bere nortasuna da. Zelai gainean liderra izateko sekulako gaitasuna dauka, taldekideak bultzatzen ditu inoiz amorerik ez emateko». «Gainera, bere esperientzia handiarekin, taldeari lagundukio dio honelako partida handietan lasaitasuna mantentzen, beste batzutan falta izan omen zaiena», gaineratu du Europako Txapelketan Italiarekin zilarra orain dela hiru hamarkada birritan eskuratu zuen Moracek.

2017an sortu eta bost Liga jarraian irabazi dituen Juventus taldearen estandartea ere bilakatu da Gama. Talde zuri-beltza da txapelketan ordezkari gehien dituena, hamasei, alegia; horietako bederatzi Milena Bertolinik deituta. «Automatismoentzat ona izango da», atzelariaren ustetan, «baina selekzioan badago hainbat taldeetako futbolariek osatutako nukleoa. Eta hemen defendatzen dugun kamiseta bakarra Italiakoa da».

Gamaren konpromisoa ez da mugatzen zelaira, eta emakumezkoen futbolaren sustapenaren eta garapenaren aldeko borrokatzaile sutsua da. Atzerri Hizkuntzetan diplomatua, Triesten jaiotako futbolariak buruzagi lanetan dihardu hainbat erakundetan. Italiako Federazioaren eta Italiako Batzorde Olinpikoaren Kirolarien Batzordearen kide, Jokalarien Elkartearen presidenteordetzara heldu zen lehen emakumea ere bada.

Liga profesionala izango da aurtengo denboralditik aurrera –Italian estatus hori lortu duen lehen emakumezkoen kirola da– eta Gamaren lanak sekulako garrantzia izan du bide horretan. «2019ko Munduko Txapelketan egin genuen lan onak sortu zuen oihartzunari esker, kirolari emakumeok profesionalak ez ginela ohartarazi zen. Lan asko egin dugu profesionalismora heltzeko».

Paris Saint-Germain taldean bizi zuen «lehen esperientzia profesionala», 2013. eta 2015. urteen bitartean eta kontatzen du harrezkero saiatu dela «helburu honen bila».

Talde paristarrean zorte txarra izan zuen lesioekin baina onartu duenez, «oso oroitzapen onak» sortzen dizkio Estatu frantsesak, seguruenik, 2008an bertan irabazi zuelako Europako 19 urtez azpiko Txapelketa. Irrifarre batekin gogoratzen ditu han bizi izandakoak. Baita gaur aurrean izango duen Pauline Peyraud Magnin Juventuseko atezainaz hitzegitean. «Sekulako jokalaria eta taldekidea da. Asko maite dugu denok. Baina gaur alde batera utziko dugu hori!».