NAIZ

Covid-19aren datuek okerrera egin dute berriz EAEn: 26 pertsona zendu dira eta 23 daude ZIUetan

EAEn, covid-19ari buruzko datuek nabarmen egin dute okerrera pasa den astetik hona. 9.531 kasu positibo baieztatu dituzte Osakidetzan, 707 pertsona daude ospitaleratuta eta 26 hil dira koronabirusarekin azken astean.

Gizonezko bat Covid 19aren aurkako txertoa jasotzen Iruñean
Gizonezko bat Covid 19aren aurkako txertoa jasotzen Iruñean (Jagoba MANTEROLA | @FOKU)

Lakuako Gobernuak astelehen honetan argitaratu duen txostenaren arabera, 9.531 kasu positibo baieztatu dituzte Osakidetzan eta 707 pertsona daude EAEko ospitaleetan covidarekin, horietatik 23 ZIUetan. 26 pertsona hil dira covid-19arekin azken astean.

Pasa den astean argitaratutako txostenean nabarmen egin zuten okerrera koronabirusarekin lotutako datuek eta, asteon, igoera berretsi egin da: postitibo eman duten pertsonak 1.649 gehiago dira, ospitaleratuak 180 gehiago eta hildakoak lau gehiago.

60 urtez gorakoen artean ere egoerak okerrera egin du. 6.327 kasu antzeman dira, 1.255 gehiago. 14 eguneko intzidentzia metatuaren tasari dagokionez, 1.654,26 kasukoa da adin tarte honetan –793,95ekoa orokorrean–. Aurreko astean 1.249,66 kasukoa zen.

Lurraldeka, Arabako 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia metatua 694,75 kasukoa da, Bizkaikoa 712,95ekoa eta Gipuzkoakoa 950,64koa.

Hiriburuetako egoerari dagokionez, Gasteizko intzidentzia tasa metatua 731,94 kasukoa da, Bilbokoa 832,89koa eta Donostiakoa 924,28ekoa.

Bestalde, oinarrizko ugalketa tasa –covid-19arekin kutsatutako pertsona batek batez beste zenbat lagun kutsatzen dituen neurtzen duena– 1,07koa da EAEn;  lurraldeka, 1,14ko Araban, 1,05 Bizkaian eta 1,06 Gipuzkoan.