Zezen Otzana
Elkarrizketa
Zezena

«Entzierroarekin ez duzue nahiko, ala?»

Bi urteren ondoren, zezena sanferminetara itzuli da.
Bi urteren ondoren, zezena sanferminetara itzuli da. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Aspaldiko partez, Iruñean.

Bi urte Iruñean zezenik gabe. Jai hauek ezagutu behar nituela esaten zidan mundu guztiak, eta hemen gaude.

Jakinda etxera itzultzea ez duzula erraza izanen.... hori bai sakrifizio bokazioa!

Norberak bere patua onartu behar du. Baina, kontuz, hori ez da betiko izanen. Negoziazio mahairako argi dugu gure eskaintza: entzierroetan ateratzen jarraitzeko prest gaude, baldin eta plazako sarraskiari amaiera ematen badiozue. Izan ere, entzierroarekin ez duzue nahiko, ala?

Egunen batean agian... Bide batez, euskaraz ari gara?

Jerez de la Fronteran jaio nintzen, baina lanera Euskal Herrira etorri behar nintzela jakin nuenean euskaltegian apuntatu nintzen. Anaiak entrenatu eta entrenatu aritzen ziren eta esaten zidaten: «zer duzu nahiago? Zezen euskalduna izan edo zezen ona?». Ez daukat argi zer esan nahi zuten, baina pandemia bikain etorri zait. Internet bidez ikasten hasi nintzen, Kukuxumusuko Testisekin. Barnetegietan ere ibili naiz eta gipuzkoar asko ezagutu ditut. Haiek ere sanferminetara taldean etortzen direla esan zidaten, identifikatzeko moduan.

Gainera entzierroak ETBn emititzen ari dira, euskaraz.

Bai, gurea lan publikoa da eta prest egon behar gara hedabideen aurrean erantzuteko, futbolariak bagina bezala. Bide batez, hitz gako batzuk bidaliko dizkiet hemendik. “Albadia”, “ensabanatu”, “xaboi-zezen”, “xixon”, “bozinero-zezen”...

Barkatu, zertaz ari zara?

Eta zu Iruñekoa, euskalduna, zezen otzana eta kazetaria zara? “Berria” irakurtzen hasi beharko dut, euskaltegian bezala! Zezen izenak dira, ilearen araberakoak. Edonori uzten diote zuen “egunkarian” idazten...