NAIZ

Lau bikote arituko dira urte osoko egutegia finkatzera datorren Laboral Kutxa Udako torneoan

Amaia Aldai-Andrea Capellan, Olatz Arrizabalaga-Uxue Oses, Maddalen Etxegarai-Enara Gaminde eta Leire Garai-Itxaso Erasun ariko dira uztailaren 15ean Haron hasiko den lehiaketan. Finala abuztuaren 27an jokatuko da Zumaian.

Zumaiako portuan egin dute txapelketaren aurkezpena.
Zumaiako portuan egin dute txapelketaren aurkezpena. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Duela sei urte, Emakume Master Cup-aren egitasmoa martxan jarri zenean, emakumeek esku pilotan aritzeko txapelketa bat izatea sekulako aurrera pauso bat izan zen. Denbora gutxian, nesken esku pilotak sekulako garapena izan du bai materialean –pilota goxotik mistorako jauzia arrakastaz ematen ari da– nola ikusgarritasunean –duela hilabete eskas 1600 lagun bildu ziren Nafarroa Arenan final bat ikusteko– eta egutegiari dagokionean ere esan dezakegu Master Cup zirkuituak urte osoko programazioa bermatzen diela gaur egun maila goreneko pilotariei.

Pandemia garaiak amaituta, herri eta auzo guztietatik ari dira deitzen neskei euren frontoietan jokatzeko, baina konpromiso puntual ugari hauetaz gain, goi mailako txapelketa arautu batez gozatzeko aukera ere izango dute Laboral Kutxa Udako torneoan parte hartzeko aukera izango duten 8 pilotariek. Gaur Zumaiako portuan aurkeztu den txapelketan egungo pilotari onentsuenek azpitik gero eta indar handiagoz irteten ari diren gazteekin nahastuko dira, oso lehiaketa erakargarrian.

Lau bikote

Bost jardunaldi izango dituen txapelketa honetan lau bikotek hartuko dute parte Amaia Aldai-Andrea Capellan, Olatz Arrizabalaga-Uxue Oses, Maddalen Etxegarai-Enara Gaminde eta Leire Garai-Itxaso Erasun.

Lehiaketa sistemari dagokionez, lehen fase batean ligaxka bat jokatuko dute bikote guztiak denen aurka Haron –uztailak 15–, Lekeition –uztailak 24an– eta Bastidan –abuztuak 3– eta bertan finalerdietako kanporaketak zeintzuk diren erabakiko dira. Finalerdi hauek Hondarribian jokatuko dira, abuztuaren 13an eta kanporaketa hauetako garaileek jokatuko dute final handia Zumaiako Aitzuri pilotaleku ederrean, abuztuaren 27an. Final hau telebistaz emango da.