NAIZ

Mendebaldearen migrazio politika «ankerra» ikusarazteko deia egin du Africa United elkarteak

Bidasoa ibaia gurutzatzen hil diren bederatzi pertsonak gogoratu eta migrazio politika «ankerrak» salatzeko ekimena egin dute Sortuk eta Africa United Nafarroa elkarteak Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubian.

Melillan ikusitako irudi lazgarriak irudikatu dituzte Santiago zubian, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan.
Melillan ikusitako irudi lazgarriak irudikatu dituzte Santiago zubian, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Sortuk eta Africa United Nafarroa elkarteak ekimen bateratua egin dute Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubian, migrazio politika «ankerrak» eta «oinarrian dagoen bidegabekeria guztia» salatzeko.

Melillako tragedian ikusi ziren irudi lazgarrietan bezala, dozenaka lagun pilatu dira Santiago zubian, lurrean etzanda. Horrekin batera, Bidasoa ibaia gurutzatzen hil diren bederatzi migratzaileak izan dituzte gogoan. «Ez dira izenik gabeko pertsonak: anai-arrebak dira, seme-alabak dira, lagunak dira, bizilagunak, ilobak, gurasoak, bikoteak», nabarmendu dute.

Africa United elkarteko Beltxak hartu du hitza eta Mendebaldeko herrialdeentzat, batez ere Estatu frantziarrarentzat, hitz gogorrak izan ditu.

«Mendebaldeko gobernuek, hain zibilizatuak eta eredugarriak diren horiek, arpilatu eta espoliatu egiten dituzte gure aberastasunak. Gure kontinentea pobretuta utzita, haien elkartasun faltsuaz etorri ohi dira, guri laguntzen ari direla saldu nahian. Gobernu horiek gaizki deituriko aurrerabidearen izenean legitimatzen dute haien intrusioa. Lapurreta eta desitxuratzea balio bihurtzen dute», leporatu die. Horregatik, Mendebaldeari eskatu dio «Afrikaren kontura irabazitako asmo bakarrarekin haiek ezarritako eta sustatutako sasi-Gobernu ustelekin izandako lankidetzak argitu» ditzala.

Afrikatik irteteko erabakia hartzen duenari Mendebaldea «bizitzeko ezinezko leku» bihurtzen zaiola salatu du, eta «sarri hilerria Mediterraneo itsasoan» duela erantsi. «Edo, beharbada, Libian berriro esklabo bihurtzen dituzte. Afrikarrak Ceutan eta Melillan gelditu ohi dira harrapatuta edo Tarajalen hiltzen dituzte inpunitate osoz».

Bidasoan ere, «Melillan bezala, ezarri digute hesia, Tijuanan bezala. Pertsona batzuek eskubide gutxiago dituzte beren jatorriagatik, azal koloreagatik, eta ez dute noranahi joateko eskubiderik. Ezin dira Gipuzkoatik Lapurdira pasa beren bizitzak arriskuan jarri gabe», ohartarazi du.

Bidasoa zeharkatu nahian hil diren migratzaileak oroitu dituzte. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Frantzia, «Afrikako minbizia»

«Frantzia Afrikako minbizia» da Africa United Elkartearen esanetan, Estatu hori baita «bere lurraldean sartzea galarazten diguna. «Bere erara, modu krudel eta bortitzean» aritzea leporatu dio, «baina hain ikusezina da Mediterraneoaren alde honetan», deitoratu du.

Mendebaldeak Afrikako kontinenteari ez diola «inoiz lagundu» nabarmendu du Beltxak: «Mendebaldea afrikar kontinenteaz baliatzen da: kontrolatu eta zapaldu egiten du. Mendeak daramatza hori egiten, eta, zoritxarrez, errealitate izaten jarraitzen du».

Honen guztiaren inguruan gogoeta egiteko eta «bidegabekeria hori» salatzen jarraitzeko eskatu dio elkarteak gizarteari.