Idoia Eraso

Le Maire ministroarekin hitzordua lortu du EH Baik, Senperen duen etxea okupatu ondoren

Etxebizitzen fiskalitateari buruz mintzatzeko hitzordua lortu du EH Baik Paueko prefetarekin eta Bruno Le Maire Ekonomia ministroaren kabineteko kide batekin, astelehen goiz honetan goi-kargudunak Senperen duen bigarren etxebizitza okupatu eta gero.

Ekonomia ministroaren bigarren etxea okupatu du EH Baik Senperen
Ekonomia ministroaren bigarren etxea okupatu du EH Baik Senperen (Guillaume FAUVEAU)

EH Baiko hainbat militantek ekimen bat egin dute astelehen honetan, Bruno Le Maire Ekonomia ministro frantsesak Senperen duen bigarren etxebizitzan. Etxe horiei aplikatzen zaien gain-zergaren mugatzearen bukaera aldarrikatu dute eta adierazi dute «etxebizitza bat izateko eskubidea, bi izatearen eskubidea baino lehen pasa behar da».

Joan den otsailetik, Paueko prefetari egin dizkioten eskaerak erantzunik gabe geratu direla dio EH Baik, eta, horregatik, Estatuko buruzagi gorenengana jotzea erabaki du.

«Bera eta bere taldea 2023ko finantzaketa legea lantzen ari da, eta lege horretan bigarren etxebizitzen gain-zerga igotzea eskatzen diogu, zeren gaur egun mugatua da» azaldu du Peio Dufauk, koalizioko kideak eta Ziburuko zinegotziak.

Gabi Arostegui EH Baiko kideak lortu duten aterabideaz «biziki kontent» direla baieztatu du, okupazioaren xedea hitzordu hori lortzea baitzen «elgarrekin gogoetatzeko arazo hori, zeren eta larriegia da deus egiteko, beraz mahai gainean proposamen batzuk emanen ditugu gauzak konkretuki aldatzeko».  

%21 bigarren etxebizitzak

Koalizio abertzaleak gogoratu duenez, Ipar Euskal Herrian 41.000 bizitoki bigarren etxebizitzak dira. Guztira, Ipar Euskal Herriko etxebizitzen %21a bigarren egoitzak dira.

Zentzu horretan Arosteguik asteazkeneko bilkurari begira erran du: «Espero dugu ulertuko duela hemen arazo larria badagoela, eta ikusiko dutela egun badauden etxebizitzen erabilpena, hori dugu eskatzen, berria eraiki baino behar dugu ikusi nola egiten dugun gaur egun dauden etxebizitzekin, eta lehentasuna izan behar dute hemen bizi diren jendeak».

Auzapeza

Okupazioaren hastapenean hutsa zegoen etxea, baina ordu bete inguru beranduago ministroaren ama hurbildu da bertara. Bere semarekin harremanetan eman da, eta militanteei erran die, bizitokitik bost minututan joaten baziren, hitzordu telefoniko bat izanen zutela. Abertzaleek hori ez zela aski, eta bertan jarraitu dute aurrez-aurreko bilkura bat izan arte.

Oren eta erdi inguru etxea okupatu dutenetik, Dominique Idiart Senpereko auzapeza hurbildu da, eta handik minutu gutxi batzutara, nahi zuten hitzordua lortu dutela erran dute koalizioko kideek.

Berehala, barruan sartu zituzten banderolak biltzen hasi dira, eta Ipar Euskal Herriko jendea, non bizi ez daukanez teilaturik gabe dagoela irudikatzeko, kendu zituzten etxeko teilak berriz jarri dituzte beraien tokian.

Arazoari aurre egiteko bi ardatz

EH Bairen ustez, bi ardatz daude etxebizitzaren arazoari aurre egiteko: Batetik, jabegoa arautu, «erosteko baimena emanez benetan Ipar Euskal Herrian bizi nahi dutenei». Horretarako, egoiliar estatutuaren neurria proposatzen dute.

Bestalde, berehalako neurri fiskalak eskatu dituzte «gutxiegi baliatuak diren bizitokiak baliatzeko, horien artean etxe hutsak eta bigarren etxebizitzak».

«Orain arte, herrien esku den tresna bakarra bigarren etxebizitzentzako bizitegi zergaren gorakada sistema bat da. Baina nahiz eta %60ez emendatzen duten herriek (gorago ezin dute gaur egun), horrek ez du ondoriorik jabeentzat. Jakin behar da gain zerga horrek bere maila gorenean, urtean ehunka euro baizik ez duela kostatzen bigarren etxebizitzen jabeei», azaldu du.

Gain zerga horren goratzeko gaitasuna aldarrikatzeko, sinbolikoki, militanteek ministroaren etxeko teilatutik kendu dituzte teila batzuk.