NAIZ

Nafarroaren konkistaren ildotik, Amaiur izango da Baztandarren Biltzarreko abanderatua

Nafarroako erreinuaren konkistaren 500. urteurrena dela eta, Amaiur izango da Baztandarren Biltzarreko abanderatua. Hortaz, Amaiurrek irekiko du igande honetan Elizondoko kaleak zeharkatuko dituen karrozen desfilea.

Baztandarren Biltzarraren aurkezpen prentsaurrekoa Elizondon.
Baztandarren Biltzarraren aurkezpen prentsaurrekoa Elizondon. (BAZTANDARREN BILTZARRA)

Nafarroaren konkista eta Amaiurreko Gaztelu Beltzaren suntsiketaz geroztik 500 urte bete diren honetan, Baztandarren Biltzarrak aurtengo abanderatua Amaiur izango dela iragarri du astelehen arratsalde honetan Elizondon eskainitako prentsaurrekoan. Hori horrela, igande honetan, uztailaren 17an, Amaiur izango da Baztango 15 udalerrien batasuna ospatzea xede duen festako desfilea irekiko duena. 

Konkistaren urtemuga ardatz, antolatzaileek aurreratu dute, aurten, berritasun gisa, ezpata dantzariak izango direla festan, «Amaiurko guduaren nolabaiteko sinbolizazio gisa». Era berean, ohiko legez, Euskal Herriko hainbat txokotako dantzarien erakustaldiak izango direla azaldu dute.

Alabaina, dantza herrikoien aferan Lekeitioko ereduari jarraituta, Baztandarren Biltzarretik defendatu dute «tradizioa gaurkotasunarekin uztartu» daitekeela. Beraz, argitu dute ez dutela «mutildantza baztertzailerik nahi» eta, horrenbestez, herritar orori baimenduko diote dantzatzea: «Bai Elizondoko plazan, bai merkatu zelaian dantzatuko diren mutildantzetan dantza egin nahi duen herritar orori parte hartzeko gonbita luzatzen diogu».

Izan ere, Baztandarren Biltzarra 1964tik ospatzen da eta baztandarrek beraien kezkak, kritikak, salaketak edo aldarrikapenak plazaratzen dituzte karrozen bidez festa giroan. Hori horrela, Baztango herri bakoitzak (Almandotz, Amaiur, Aniz, Berroeta, Ziga, Azpilikueta, Erratzu, Arizkun, Oronoz, Arraioz, Irurita, Lekaroz, Gartzain, Elizondo eta Elbete) karroza bana aurkeztu ohi du.

Bigarren berritasun bat kamiseten ausentzia izango litzateke. Aurten, kartelaren diseinuarekin kamisetak egin ordez, Baztandarren Biltzarreko leloa, ‘Baztanen eskuara barra-barra’, daramaten poltsak egitearen aldeko apustua egin dute. «Aste osoan zehar salgai egonen dira barrakonean, arratsaldeko 19.00etatik goiti», jakinarazi dute Baztandarren Biltzarretik.

«Raskak» eta bazkaria

Horretaz gain, Biltzarretik azaldu dute boletoak egin ordez «raska» batzuk egin dituztela estreinakoz: «Raska bakoitzak euro bat balio du eta zenbaki bat, ostatu batean pintxo eta trago bat edo Baztandarren Biltzarraren egunean trago bat lortu daiteke. Zenbakiekin, zozketa batean parte hartzen da eta zenbaki sarituek Baztango Zaporeak-en lote bat eta Baztango jatetxe edo ostatu batean bi lagunendako otordua irabaziko dute. Herri bakoitzeko lote bat dago, herri horren izena daramana. Baztandarren Biltzarrren egunean hamaseigarren lotearen zozketa eginen da, Baztan lotearena».

Desfilearen ostean, bazkari herrikoia egingo dute Elizondoko merkatu zelaian. «Bazkarian bertako nekazari eta abeltzainek ekoitzitako produktuek izanen dute protagonismoa», jakinarazi du Biltzarrak. Asteazken honetatik aurrera, 1.600 txartel jarriko dituzte salgai barrakonean, eta 27 euroko salneurria izango du bakoitzak.