NAIZ

Tolosarrek asteburuko sexu erasoa gaitzetsi dute elkarretaratze jendetsuan

Tolosako Udalak, emakume taldeek eta mugimendu feministak deituta, tolosarrak Plaza Zaharrean elkarretaratu dira asteburuan auzokide batek pairatu duen sexu erasoa deitoratzeko.

Elkarretaratze jendetsua egin dute Tolosan asteburuko sexu erasoa deitoratzeko.
Elkarretaratze jendetsua egin dute Tolosan asteburuko sexu erasoa deitoratzeko. (TOLOSAKO UDALA )

Tolosako Udalak, emakumeen taldeek eta mugimendu feministak deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute astelehen honetan Plaza Zaharrean, asteburuan herriko auzokide bati egindako sexu erasa gaitzesteko. «Elkarretaratzean ehunka lagun elkartu dira erabateko gaitzespen, sumindura eta amorrurik handiena adierazteko eta emakumeari eta bere inguruneari babesa eta elkartasuna helarazteko», jakinarazi du Udalak.

Olatz Peon Ormazabal alkateak aierazi duenez, «Udalak erasoa jasan duen emakumearen eskura jarri ditu baliabide guztiak eta behar duen laguntza psikologikoa eta juridikoa, pertsona erasotua babestu eta arretarik egokiena emateko, bere intimitatea eta borondatea hasiera-hasieratik errespetatuz».

Era berean, larrialdi zerbitzuetara deitu zuten bizilagunen erantzuna goraipatu nahi izan dute Udaletik, baita emakumearen gizarte inguruneak emandako laguntza ere. Biktimak igandean salatu zuen sexu erasoa, eta Ertzaintzak gertaerak argitzeko ikerketarekin jarraitzen du.

Elkarretaratzera bertaratutako pertsonek 10 minutuko isilunea mantendu dute erasoa arbuiatzeko, eta ondoren, alderdi politiko guztiek adostutako adierazpen instituzional bateratua eta Tolosako Asanblada Feministaren manifestua irakurri dute.

Interpelazioa gizonei

Adierazpen instituzionalean alderdi guztiak bat etorri dira «emakumeak aske sentitzen diren» eta Tolosa «berdinzale» bat nahi dutela. Era berean, herritarren inplikazioa eskatu dute eraso sexistei aurre egiteko: «Eraso sexisten gorakadaren aurrean herritarron inplikazioa ezinbestekoa da, ezin dugu beste aldera begiratu, eraso sexisten aurka lanean jarraitu behar dugu eta ozen diogu erasotzaileek ez dutela tokirik gure herrian eta irmotasunez erantzungo diegula beti eraso sexistei».

Ildo horretatik, ‘bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte’ bezalako elkartasun leloak irakurri zitezkeen bertaratutakoen pankartetan.

Bestetik, Tolosako Udalak indarkeria matxistaren aurkako borrokan gizonen inplikazio «aktiboa» behar dela nabarmendu du. «Gizonezkoak aktiboki behar ditugu matxismoaren aurkako paktu bat egiteko, haien erantzukizunaz ohartarazteko, indarkeria matxista errotik ezabatzeko ez daitezen konplize izan erasoen, tratu txarren eta sexu indarkeriaren aurrean eta kalera irten daitezela salatzeko», aldarrikatu dute udal taldeek.

Tolosako asanblada feministak, bere aldetik, eragile sozial, politiko eta instituzionalei «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko eskatu die: «Puntu moreak behatz erakusleagatik aldatzea, pribilegiatudun gizonei azkura eragitea –deserosotzea–, beraiek atzera egin eta guk lekua hartzea, beldurra eta ardura aldez aldatzea, izen abizenak erasotzaileari eta ez erasotuari jartzea, eta gertatutakoa behar den moduan izendatzea».