NAIZ
Iruñea

Kuria kaleko gertakariengatik atxilotuetako bat espetxera bidali du epaileak

Kuria kaleko istiluen harira espainiar Poliziak eta Udaltzaingoak atxilotutako bost pertsona igaro dira gaur arratsaldean Mari Paz Benito epailearen aurretik eta haietako bat espetxera bidali du, fidantzarik gabe. Gainerakoak aske geratu dira eta astero epaitegian aurkeztu beharko dute.

Prozesioa, Kuria kalean.
Prozesioa, Kuria kalean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Hilaren 7an, Curia kalean, prozesioa igarotzean izandako istiluen ondorioz atxilotutako zortzi lagunetatik bost pasa dira gaur arratsaldean Mari Paz Benito epaileraren aurretik. Beste hirurak dagoeneko aske zeuden.

Udaltzaingo batek pairatutako zauriak dira atxiloketa hauen oinarri. Igandean, hilak 10, goizean, Iruñerriko 40 urteko gizon bat atxilotu zuten, «udaltzain bati sudurra hautsi zion ukabilkadaren egilea zelakoan». Hala ere, defentsaren hitzetan, aurkeztutako frogak eta irudiak «ez dira erabakigarriak».

Epaileak pertsona hori behin-behinean espetxeratzeko agindu du, fidantzarik gabe, desordena publikoak, agintarien aurkako atentatua, gorroto delitua eta lesioak eragitearen akusaziopean.

Gainerako lau lagunak aske utzi ditu, baina astero epaitegian aurkeztu beharko dute. Gorroto delitua, desordena publikoak eta agintarien aurkako atentatua egozten die.

Atxiloketa hauen harira Iruñeko Udalak nabarmendu duenez, «Udaltzaingoa eta Polizia Nazionala elkarlanean aritu dira inplikatutako pertsonak identifikatu eta atxilotzeko ikerketan». 

Igandeko arratsaldean bertan, beste bi lagun ere atzeman zituzten. Atzo, astelehena, goizean beste bi pertsona atxilotu zituztela jakinarazi zuten, baina arratsaldeko azken orduan beste hiru deitu zituzten deklaratzera eta atxilotu. 

Iruñeko Udalak astelehenean iragarri zuenez, erasotuen ordezkari gisa aurkeztuko da auzian, gertakari horietan parte hartu izana leporatzen zaien pertsonen aurka, herri akusazio gisa.

Udaltzainak ukabilkada eman zuen kolpea jaso aurretik

Astearte honetan zabaldu den bideo batean ikus daitekeenez, sudurra hautsi zioten udaltzainak, kolpea jaso aurretik, ukabilkada bat eman zien prozesioa ikusten ari zirenei.