NAIZ

Lantokietan euskararen erabilera areagotzera bi milioi euro bideratuko ditu Lakuak

Bi milioi euroko diru-laguntza deialdia onartu du astearte honetan Lakuako Gobernuak, sektore pribatuetako lantokietan euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko. Oraingoan, baina, euskara-planak aurkeztea ez da ezinbesteko baldintza izango.

Olatz Garamendi, Bingen Zupiria eta Arantxa Tapia, Gobernu Kontseiluaren osteko bileran.
Olatz Garamendi, Bingen Zupiria eta Arantxa Tapia, Gobernu Kontseiluaren osteko bileran. (IREKIA)

Lakuako Gobernuak bi milioi euroko diru-laguntza deialdia egin du lantokietan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko asmoarekin. Hala eta guztiz ere, aurreko urteko deialdiarekin badago aldaketa azpimarragarri bat, izan ere, 2022. honetako deialdian ez da ezinbesteko baldintza izango euskara-plan bat izatea laguntzak jasotzeko.

Horregatik, diruz lagundu daitezkeen jarduerak lau taldetan sailkatu ditu Exekutiboak, astearte honetan ospatu den Gobernu Kontseiluaren bileran adostu dutenez.

Lau taldetan sailkatuta

Lehenengoak (150.000 euro) euskara planik ez duten erakundeetan euskararen erabilera edo presentzia sustatzeko ekintzak biltzen ditu.

Bigarrena (200.000 euro) euskararen egoeraren diagnostikoa egitera, euskara-plana diseinatzera eta, nahi izanez gero, martxan jartzera bideratuko da; hirugarrenean (1.100.000 euro), berriz, planean jasotzen diren jarduerak kokatzen dira.

Azkenik, laugarren taldeak (550.000 euro) hizkuntza-proiektu estrategikoak garatzen ditu, euskara-planetik haratago, ibilbide luzea duten enpresetan edo hizkuntza horren kudeaketa-maila aurreratua duten enpresetan.

2021eko deialdian, orotara, 112 enpresak jaso zuten diru-laguntza.