NAIZ

Genero arrakalarekin amaitzeko 132 urte beharko lirateke, Munduko Ekonomia Foroaren arabera

Munduko Ekonomia Foroak argitaratu duen txostenaren arabera, hobekuntzak nabari dira gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzera bidean, baina egiazko berdintasuna urruti da: 132 urte beharko lirateke genero arrakalarekin amaitzeko. Islandia da parekidetasun indize altuena duen herrialdea.

LABek soldata arrakala salatzeko egindako ekintza baten artxiboko argazkia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
LABek soldata arrakala salatzeko egindako ekintza baten artxiboko argazkia. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Ekonomia, politika, hezkuntza eta osasun arloak gero eta parekideagoak dira gizonen eta emakumeen artean, baina parekidetasun hori erritmo motelegian ari da garatzen: egungo erritmoarekin segiz gero, 132 urte beharko lirateke mundu mailan genero arrakalarekin amaitzeko. Hori ohartarazi du Munduko Ekonomia Foroak (WEF) argitaratu duen genero-arrakalari buruzko txosten berriak.

Azterketak adierazten du 2021arekiko aurrerapen txikiak izan direla (urte horretan, arrakalarekin amaitzeko kalkulatutako denbora 136 urtekoa zen), baina ez dira nahikoak pandemiak eragin zuen atzerakada konpentsatzeko. Saadia Zahidi WEFeko zuzendari nagusiak txostena aurkeztean esan zuenez, «azken hamarkadetako bidea desegiteko arriskua dago».

Genero-arrailaren indize orokorra –%100 parekotasun osoa izango litzateke, %0 erabateko desoreka– %68,1ekoa da 2022an.

Parte-hartze politikoaren arloan (legebiltzarkideak, ministroak eta estatuburuak, generoaren arabera) dago alderik handiena: %22. Horrek esan nahi du gizonezkoak ia lau aldiz gehiago daudela postu exekutiboetan emakumezkoak baino. Arazo hori konpontzeko 155 urte beharko lirateke, WEFen kalkuluen arabera.

Parte-hartze ekonomikoan (soldata-berdintasuna, biztanleria aktiboan duen presentzia, langile espezializatuak...) ez da horrenbesteko aldea nabari. %60,3koa da indizea eta 151 urte faltako lirateke parekotasuna lortzeko.

Islandia lehena

Islandia da, hamahirugarren urtez jarraian, munduan genero-berdintasun handiena duen herrialdea. Atzetik ditu Finlandia, Norvegia, Zeelanda Berria, Suedia, Ruanda, Namibia, Irlanda eta Alemania.

Zerrendako azkenak, aldiz, Pakistan eta Afganistan dira.

Bestalde, Ipar Amerika da eskualderik aurreratuena: 76,9 puntu, 100etik.  Ondoren Europa (76,6), Latinoamerika eta Karibe (72,6) eta, kontrara, azken postuak Saharaz hegoaldeko Afrikak (67,8), Ekialde Ertainak eta Magrebek (63,4) eta Asiako hegoaldeak (62,4) betetzen dituzte.