NAIZ

Lehen sektoreko lan istripuak murrizteko neurriak hartzea eskatu dute Arabako Batzar Nagusiek

EH Bilduren ekimenez, Batzar Nagusiek aho batez eskatu dute lehen sektoreko lan istripuak murrizteko neurriak hartzea. Administrazio ezberdinei eskatu diete prebentzioan eta sentsibilizazioan sakontzeko, lehen sektoreko eragileekin elkarlanean.

Samina Garesen, bi nekazal langile hil zituen istripuaren ondoren.
Samina Garesen, bi nekazal langile hil zituen istripuaren ondoren. (Idoia Zabaleta | Foku)

Arabako EH Bilduren batzarkide taldeak mozioa aurkeztu du asteazken honetako Osoko Bilkuran, lehen sektoreko lan istripuak saihesteko. Mozioa adostu du Gobernuarekin eta oposizioko talde guztiekin, administrazio ezberdinei eskatzeko lan istripuak saihesteko neurriak har ditzaten, nekazaritza eta abeltzaintzako eragileekin elkarlanean.

Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduren bozeramaileak gogora ekarri ditu azken hilabeteotan Euskal Herri osoan izandako lan istripuak, hala nola Delikan, Lapuebla de Labarkan, Garesen edota Bankan lan istripuz hildako langileak, eta nabarmendu du «harrigarria» dela nola urtez urte lan istripuek gora egiten duten, errua prekarietateari leporatuz: «Lan baldintzak gero eta okerragoak dira, lan istripu horiek prekarietatearen ondorioa dira».

Horregatik, aho batez adostutako mozioan Arabako Batzar Nagusiek Lakuako Gobernuari eta Osalani eskatu diote Elikadura Katearen Legean segurtasunari dagozkien neurriak bete dezatela. Horrekin batera, Foru Aldundiari eskatu diote lan-ingurune seguruak susta ditzala, eta prebentzioan eta sentsibilizazioan egiten duen lana areagotu dezala.

Mozioaren laugarren puntuan, aipamen berezia egiten zaie sasoikako langileei eta migratzaileei, eta Foru Gobernuari eskatzen zaio kolektibo zaurgarri horretako lan- istripuak saihesteko lan egin dezala, lehen sektoreko eragileekiko elkarlanean.