Beatriz Artolazabalek, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Emakunderen bitartez landutako ‘Emakumeen aurkako eraso matxistarik gabeko kultur gune baterantz’ gida aurkeztu du Barakaldoko BECen. «Hausnartzeko eta jarduteko» gida bat dela aipatu du, abiapuntu bat, beste urrats bat helburu handiago baten bidean: «Aisialdi-eremuetan, edozein motatakoak direla ere, emakumeen aurkako indarkeria ez normalizatzea edo banalizatzea; ez dezala inork pentsa zenbait espazioetan jokabide sexistak onar daitezkeenik; erasoen mehatxuak ez dezala emakumeen askatasuna mugatu, ezta kulturaren arloan ere».
Joan den maiatzean aurkeztu zitzaien dokumentu honen zirriborro bat kulturaren esparruko 14 entitateei, eta hauen onespena jaso zuen. Aho batez adierazi omen zuten gisa honetako jarduera bat jada behar-beharrezkoa dela, erasoak ekitaldi guztietan gertatzen ez direla aitortu arren, prebentzio neurriak hartu behar direla argi dutelako.
Batez ere, ekitaldi jendetsuetan: jaietan, kontzertu handietan... Gida honek ohar orokorrak jasotzen ditu, gero ekitaldi bakoitzaren ezaugarrietara egokitu daitezkeenak. Honen adibide bat, uztailaren 22tik 25era BECen bertan Euskal Encounterrek egingo duen bezala. Sabino San Vicente, Euskal Encounterreko antolatzaileak aipatu duenez, ekitaldi honetan ez dira ohikoak sexu erasoak... agerikoak bederen, ezkutuan ematen badirela ohartu direlako.
Beraz, informazioa eman eta adi egoteaz gain (gune more bat izango da BEC-eko egoitzan), barne lanabes informatikoak erabiliko dituzte prebentzio modu: esaterako, online dauden txat eta hizketaldiei adi egongo dira, «ezer gertatu aurretik, mozteko aukera izan nahi dugula, hori beti onuragarria delako», San Vicenteren hitzetan.
Arrisku guneak
Emakumeek arrisku gunetzat dauzkaten eremu batzuk daude jaialdietan eta makrokontzertuetan. Hauek identifikatzen ditu gidak eta gomendio bat luzatzen dio era berean sektoreari: «segurtasunean eta berdintasunean oinarritutako kultura ekitaldi bakoitzeko aurretiazko diagnostikoren bat izan behar du honek».
Bost arrisku gune nagusiak hauek dira: kanpatzeko tokiak, zabalak, argirik gabe eta inolako segurtasun kontrolik gabe; kontzertu gunearen eta kanpatzeko tokiaren arteko bidea; dutxak, «emakumeenganako hitz eta jokabide bortitzak gertatzen dira» gidaren arabera; komunak, «jai batean baino gehiagoan izan dira erasoen agertoki komun sanitarioak –dio gidak–. Gainera komun horiek gutxi izaten direlako edo ezerosoak, emakumeak prestatu gabeko lekuetara joaten dira, eta sarritan gertatzen dira jokabide arriskutsuak», eta backstage-a.
Backstage-a, sarrera mugatua egon arren, «eraso normalizatuagoak eta azaltzen zailagoak gertatzen diren agertokia izaten da, bertan sartzea prestigioaren sinbolo izaten baita ekitaldien antolakuntzan eskua duten pertsonen eta/edo artisten ondoan egokitzea dakarrelako».
Sexu jazarpenen aurka
Eman daitezkeen indarkeria formei dagokionez, gidan eraso desberdinak aipatzen dira. Latzenak, noski: eraso sexuala, bortxaketa edo sexu abusua, hirurak delituak direnak. Baina hauen ondoan, bete jokabide batzuek daude, testutuinguru honetako berezkoak direnak eta Zigor Kodean tipifikatuta ez dauden arren –soilik lanean, irakaskuntzak eta zerbitzuak emateko eremuetan, ez jai guneetan– edo normalizatuta dauden arren, erasotzeko formak direnak.
Zehazki sexu jazarpen haiek aipatzen ditu Emakunderen gidak. Dantzari lotutako moshing-a (pertsonen arteko bultzadak agertokiaren aurreko aldean artistengana hurbiltzeko) eta pogo deiturikoa (jauziek edo bultzadek ezaugarritutako dantza mota).
Baita ere MYM (Emakumeak eta musika) musika jaialdietan izaten diren indarkeria forma ohiko batzuk identifikatu dituen beste mota batzuk aipatzen dira: pirokoak edo emakumeenganako hitz sexistak, oihu sexistak artistei agertokian daudenean, emakumezko teknikariak edo langileen aurkako jazarpena edo hitz sexistak, egoera zaurgarrian dauden emakumeen aurkako abusuak eta bortxaketak, eta indarkeria fisikoa.
Kultura eta jaian, jai
Datuak etsigarriak dira oso: Estatu espainiarrean kultur ekitaldietara joaten diren pertsonen %58 inguru diren arren –hau da, emakumeak kultura bermatzen duen ikuslegoaren erdia baino gehiago osatzen dute–, sexismoa hedatua dago oso kulturaren sektorean. Musika-industrian, esaterako, zuzendaritza lanpostuen %63a gizonen esku dago.
Sexismotik harago, eraso sexistak normalizatuta daude ere: Noctuambul@s behatokiaren ikerketa baten arabera, indarkeria sexual motaren bat jasan duten emakumeen kopurua %57koa da; gizonena, %4a. Eta non ematen dira eraso sexual gehienak? Jaietan eta jaialdietan (%71,9).
Salud y Comunidad Fundazioaren Noctambul@os behatokiaren azken txostenean jaso diren datu hauetan eta Emakundek berak 2021an argitaratutako ‘Euskal Erkidegoko herrietako jaietan emakumeen parte-hartzea sustatzeko estrategiak’ lanean oinarritzen da batez ere BECen Beatriz Artolazabalek aurkeztu duen gida. Osagai, eraso matxisten prebentziorako hainbat udal kanpainal eta, era berean, Erresuma Batuko, Kanadako eta AEBko musika jaialdietarako eta beste ekitaldi masibo batzuetarako landu diren gidak.
Proposamenak
Jaiak eta jaialdiak indarkeria matxistarik gabe gozatzeko guneak lortzerako bidean, proposamen batzuk luzatzen dira. Horien artean, protokolo bat sortu eta prebentzioa landu, segurtasuna bermatuz batez ere. Bestalde, antolakuntzan ari direnei formakuntza ematea gomendatzen zaiei, «aisialdiko guneetan eta jai ekitaldietan indarkeria matxista normalizatu ez dezaten, indarkeria mota hori eragozteko konpromisoak benetako oinarriak izan ditzan», testuaren arabera.
Azkenik, arreta zerbitzuak bermatzeko konpromisoa eskatzen da eta erantzun publiko sendoa.