Ostia (Okupazio Sare Tematsua Irabazi Arte) kolektiboko kideek Alday agentziaren luxuzko azken proiektua okupatzea erabaki dute, Angeluko Gynemer karrikan, Kazetak berri eman duenez. Espekulazioaren aurka dagoen orori borrokara batu eta parte hartzeko deia egin diote.
«Luxuzko hogei etxebizitza eta bi etxe. Lehen edo bigarren etxebizitza batentzako, edota inbertitzeko erosketa» iragartzen du higiezin agentziak web orrian. Gama altuko egitasmoa, Urrezko hondartzatik bost minututara, 2022. urteko bigarren hiruhilekorako amaitzea aurreikusia da.
Beste bide batetik doaz, aldiz, Ostiako kideek etxebizitzaren aurrekaldean ezarri dituzten leloak: «Espekulazioa gelditu, etxebizitzak guztientzat!» edo «Herria borrokan segitzeko prest da», baita ekintza iraunkorrak egiteko intentzioa dutela erakusten duten beste hainbat ere.
Benetako jomuga
Era berean, ekintzaileek promotorearen benetako jomuga zein den galdetu dute. «Ez ditugu etxebizitza hauen jabeak ezagutzen; baina gutunontzietan Nanteseko higiezin agentzia baten izena badela ohartu gara, higiezin ondasunen alokairuan berezitua dena, eta badira dagoeneko bi apartamendu Airbnb plataforman, 200 eurotan gaua», azpimarratu dute. Urte osorako alokairuak eta lehen etxebizitzak eskaini beharrean, epe motzerako alokairuei bideratua den espekulazioa lehenesten dutela ondorioztatu du kolektiboak.
Gisa berean, etxebizitza hauen lur eremuari buruzko eztabaida mahaigaineratu dute. Izan ere, Angeluko PLUaren UC4 eremuan dira, eta eremu hau, printzipioz, 800 metro karratutik gorako azalerako etxebizitzen %50 (gutxienez) epe luzerako etxebizitza sozialei bideratua da. Bertan eginiko 22 etxebizitzetako luxuzko proiektuaren ñabardura azaldu dute, guztira 767 metro karratu egiten baititu, «kasualitatez».
Batzeko deia
Etxebizitza krisia larritu den testuinguru honetan, halako egitasmoak gaitzetsi dituzte ekintzaileek. «Etxebizitza hutsen tasa altuari, etxebizitzen prezioen emendatze azkarrari, bigarren etxebizitzen emendatzeari, exebizitza sozialen eskasiari, laborantza lurren artifializazioari, eta bereziki, hemengoa bezala gutxiengo bati zuzendutako higiezin proiektuei, guztiei aski esaten diegu», borobildu dute kolektiboko kideek.
Bertaratu eta okupaziora batzeko dei irekia egin diete jendarte, elkarte eta kolektiboei, «herriaren boza entzun dadin».
Honekin batera, «elkartrukatu eta aterabideak bilatzeko» beharra azpimarraturik, aipamen berezia egin diete higiezin eragile eta tokiko hautetsiei.