Ion Garate
Elkarrizketa
Enara Gaminde
Pilotaria

«Lehenengo esperientzia izan zen Labriten eta eskertzekoa da honelako giroa egotea»

Enara Gaminde (Laukiz, 2007) pilotako etorkizuna ez ezik, oraina ere bada. Binakako Sanfermin Torneoa izan da bere palmaresera gehitu duen azken txapela, Labriten beste indar erakustaldi bat eman ostean. Azken urtean «egindako lanarekin» oso pozik dagoela onartu du NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

Enara Gaminde

Loading player...
Enara Gaminde, Binakako Sanferminetako finalean, Labriten.
Enara Gaminde, Binakako Sanferminetako finalean, Labriten. (Gorka RUBIO)

Sanferminetako torneoko txapeldun izan zinen Leire Garairekin bikotea osatuz. 22-6 hartu zenituzten mendean Aldai eta Mendiburu. Uste baino errazagoa?

Bai. Azkenean Amaiak eta Anek bikote oso ona osatzen dute, finalerdietan oso partida ona egin zuten eta argi dago guk ez genuela pentsatzen diferentzia honekin irabaztea, baina guk gure lana ondo egin eta azkenean garaipena lortu genuen.

Kasu honetan, bikote aurkariaren kalterako eta zuen mesederako, baina finalek batzuetan norbere onena ematetik urrun uzten dute, ezta?

Bai. Ez da erraza honelako final handia jokatzea. Urduritasun eta presio asko sentitu ditzakezu eta horrek askotan ez dizu %100a ematen uzten, eta urduritasunak eta presioak kontrolatzen jakitea oso zaila da.

15 urte besterik ez eta beste txapel garrantzitsu bat palmareserako. Bide onetik jarraitzen duzunaren seinale.

Bai, oso pozik nago. Azken urte honetan egindako lanagatik oso pozik eta disfrutatzen nabil. Ea txapel gehiago eskura ditzakegun datozen txapelketetan.

Perfekziotik oso gertu ibili zarete Leire Garai eta biok. Txapelketan zehar sentsazio oso onak izan dituzuela pentsatzen dut.

Egia esan, partida bikaina egin genuen bai Leirek eta bai nik. Finalerdia oso partida gogorra izan zen eta finalean asko disfrutatu genuen eta garaipena lortu genuen.

Lehen aipatu duzu final batean urduritasunak asko eragiten duela. Zure kasuan, hain gazte izanda, nola kudeatzen duzu presio hori?

Nik esperientzia asko daukat honelako finaletan, txikitatik final asko jokatu baititut, baina ez da erraza egiten urduritasuna kontrolatzea. Kantxara sartzen zaren momentuan, urduritasun hori joan egiten da eta disfrutatzen saiatzen naiz.

Alor pertsonalean, zirkuituko atzelari indartsuenetakoa zarela erakusten jarraitzen duzu. Pozik al zaude zure errendimenduarekin?

Bai. Lehen esan dudan moduan, azkenaldian oso ondo nabil eta horrek sariak ekartzen ditu. Ea horrela jarraitzen dudan eta disfrutatzen dudan.

Labrit pilotalekuko harmailak beteta egon ziren. Eskertuko zenuten giro hori, ezta?

Oso polita izan zen. Niretzat lehenengo esperientzia izan zen Labrit pilotalekuan eta egia esan, eskertzekoa da honelako giroa egotea eta emakumeen pilota gero eta gehiago ikustea.

Eta ospatu al zenuten han sanfermin giroan?

Disfrutatzeko eguna izan zen eta partida eta gero, hainbat pilotari batera bazkaltzera joan ginen eta gero Iruñetik asko disfrutatu genuen gaua.

Atsedenerako denbora askorik gabe zaudete. Astelehen honetan izan duzue Udako Laboral Kutxa Torneoko aurkezpena.

Hori da. Orain deskantsu gabe beste txapelketa bat jokatzera goaz. Ea disfrutatzen dugun eta irabaztea lortzen dugun. Oso parekatuta daude bikote guztiak, baina ea paper ona egin dezakegun.