Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Ion Izagirre
Cofidis taldeko txirrindularia

«Ez dugu etsitzen eta datozen egunetan borrokan jarraituko dugu»

Tourra hirugarren eta azken atseden eguna izaten ari da astelehen honetan, Pirinioetako etapa erabakigarrietan sartu aurretik. Hau baliatuz, Ion Izagirre Cofidis taldeko txirrindularia izan da NAIZ irratian. «Sentsazio onak» dituela azaldu du ormaiztegiarrak. 

Audio_placeholder

«Ez dugu etsitzen eta datozen egunetan borrokan jarraituko dugu»

Loading player...
Ion Izagirre Daniel Martínez agurtuz Itzuliako podiumean.
Ion Izagirre Daniel Martínez agurtuz Itzuliako podiumean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Gauza asko erabakitzeke daudela azken aste erabakigarrian sartuko da Tourra astearte honetatik aurrera. Gaur izan dute txirrindulariek azken atseden eguna eta egun gogorrak izango dituzte aurretik Pirinioetan barrena. Atseden eguna baliatuz, Ion Izagirre izan dugu gurean azken balantze bat egin asmoz. Sentsazioz ondo azaldu da ormaiztegiarra, eta «etapa garaipenerako borrokan» jarraituko duela ziurtatu du.

Euskal Herrian bezalaxe, han ere bero ikaragarria egiten ari da. Honi tropelaren erritmo bizia gehitzen badiogu, «gogorra doa» aurtengo lasterketa Izagirreren hitzetan. Bestetik, taldeko helburuak ez dira aldatu pasa den astelehenetik hona: «Simon Geschken mendiko maillota mantendu eta etapa garaipenen lehian borrokan jarraitzea».

Hirugarren eta azken atseden eguna. Zer moduz zabiltza? Zein sentsazio dituzu?

Ondo, ondo. Egia esan, eskertzen da atseden eguna hainbeste egun eta gero. Gogotsu azkeneko asteari ekiteko. Etapa egokiak datoz guretzako eta etxetik gertu gabiltza; beraz, motibazioz gainezka.

Beroa ere ikaragarria izaten ari da Tourrean. Nekea sumatzen al duzue?

Bai, bai. Argi dago beroak ez duela laguntzen. Egia da ere lasterketa egunero oso azkar doala eta horrek ere, egunak pasa ahala, nekatiago egiten du, baina oraindik indar apur batzuk baditugu.

Alpeetan saiatu zara, baina oso garesti dago garaipena. Orian Pirinioak datoz, egokiagoak akaso zuretzat, ezta?

Bai. Hor ibili gara, ihesaldi batzuk hartu ditugu. Saiatu gara etapak lehiatzen, baina ezin izan dugu lortu. Ez dugu etsitzen; oraindik eretaldean helburu garbia dugu eta datozen egunetan horretan jarraituko dugu.

Datozen etapetatik, baten bat begiz jota al duzu?

Ez. Egia esan, hemendik aurrera, Pirinioetan datozen hiru egun hauek izango dira garrantzitsuenak. Hortik aurrerakoak esprintentzako etapa bat, erlojupekoa eta Pariseko etapa datoz; beraz, egunero saiatu beharko dugu.

Aipatu bezala, aurtengo Tourrean inoiz baino garestiago dago garaipena, ezta?

Bai, bai. Ihesaldiak nahiko jendetsuak izaten ari dira eta ez da erraza hori kudeatzea. Hainbeste jende dagoenean, taldekide bat baino gehiagorekin... Taktikoki mugimendu asko egoten dira hor barruan, eta ez da erraza.

Taldean hortxe duzue Simon Gerschke mendiko maillotaren jabe. Pentsatzen dut, pasa den astean aipatu zenuen bezala, helburuak hortxe mantentzen direla, mendiko maillota mantendu eta etapa garaipena lehiatzea.

Bai, bai. Egia da egunak pasa ahala oraindik ere maillot hori mantentzen duela eta orain datozela Pirinioak; bertan puntu asko pilatuko dira, eta, guretzat, talde bezala, garrantzitsua izango litzateke Parisen podiumean egotea Simonekin.

Hautagai nagusien artean, pasa den astean aipatzen genuen Pogacarrek garaiezina zirudiela. Bada, a zer-nolako ezustekoa izan genuen Alpeetan! Pentsatzen dut tropelean ere sekulako harridura sortuko zuela gertatutakoak...

Bai. Gutxitan ikusi dugu horrelako egoera batean Pogacar, baina badakigu iraupen luzeko lasterketa dela Tourra eta egunero borrokatu beharra dagoela; begira, atzo ere [igandean], Vingegaard bera lurrera joan zen. Oraindik ere aste oso bat geratzen da eta hemen edozer gauza gerta liteke.

Pasa den astean zure atseden eguna nolakoa izan zen kontatu zenigun. Aldaketarik bai?

Nahiko lasai hartu dugu. Hori bai, bihar [gaur] etapa gogorra dugula ikusita, gorputzari estualdi bat ematea gustatzen zait, bestela oso erraz erlaxatzen da-eta gorputza. Hala, bihar [gaur] berriro egurra ematea tokatzen denez, gaur [atzo] pixka bat eman diogu.