Iazko maiatzean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan protestak egin zituen Ernaik gazteen bizi baldintza «penagarriak» eta prekarizazio egoera salatzeko. Bilbon eta Gasteizen Ertzaintza gogor oldartu zitzaien gazteei eta, haietako zortzi atxilotzeaz gain, 60 baino gehiago zauritu zituen. Astearte honetan Bizkaiko hiriburuan atxilotu zituzten zazpi gazteei zazpi hilabeteko zigorra ezarri die epaileak, antolakundeak jakinarazi duenez.
«Autoritateari erresistentzia larria delituei, lesio delituei, kalte ordainei eta bakoitzak 7 hilabeteko espetxe zigorrei egin beharko diete aurre», nabarmendu du Ernaik sare sozialen bidez.
Gainera, isunak eta «ertzainei eragindako zauriak» direla eta, 7000 euroko inguruko zigor eta kalte ordainei aurre egin beharko diete gazteek.
Urtebete eta urte eta erdiko espetxe zigor, isun eta kalte ordain eskaerak mantendu zituen Fiskaltzak, eta, guztira, 20000 euro baino gehiago eskatzen zizkien. Epaiketa hasieran, Fiskaltzak berak akordioa proposatu zion defentsari, baina hark ez zuen onartu, akusazioei «zilegitasunik ez» emateko.
❗️7 gazteen sententzia kalean da
— Ernai (@ernaigazte) July 19, 2022
Autoritateari erresistentzia larria delituei, lesio delituei, kalte ordainei eta bakoitzak 7 hilabeteko espetxe zigorrei egin beharko diete aurre
Gazte borrokak merezi du. Gazteontzako bizitza duinen bidean, zigorrekin ere #EzGaituzueGeldituko✊ pic.twitter.com/VMhrMAta3b
«Muntai polizial» baten ondorio diren zigorrak
Ernairen arabera, «muntai polizial» baten ondorio diren zigorrak dira aipatutakoak, eta «gazteontzako bizitza duinen aldarria kriminalizatzeko zigorra» bezala kalifikatu du epaia. Halaber, arduradun politikoek «gazteon egoera tamalgarria ukatzen» jarraitzen dutela nabarmendu du gazte antolakundeak.
Horrekin guztiarekin, «gazte borrokak» merezi duela azpimarratu du Ernaik. «Eta hala egiten jarraituko dugu, gazteon bizitza duinen alde borrokatzea ez delako delitu», gaineratu du.