Ane Urkiri

Denboraldi historiko baten atarian, lehen lan saioa burutu du Realak zaleen aurrean

Txapeldunen Liga jokatuko du Realak lehendabiziko aldiz denboraldi honetan eta historia egin atarian, lehendabiziko lan saioa burutu du asteazken honetan Zubietan. Zaleen babesa ere jaso dute aurreneko entrenamendu honetan. Selekzioekin dauden jokalarien hutsunea, bigarren taldekoek bete dute.

Realeko jokalariak denboraldi-aurreko lehen lan saioan.
Realeko jokalariak denboraldi-aurreko lehen lan saioan. (REAL SOCIEDAD)

Sasoi historiko bati hasiera eman dio Realak asteazken honetan. Denboraldi-aurreko lehendabiziko entrenamendua burutu dute txuri-urdinek Zubietan (z4 zelaian), zaleen aurrean. Selekzioen deialdietan dauden jokalarien hutsunea nabarmena izan da eta hauen lekua bigarren taldeko zenbait jokalarik bete dute.

Kontuan hartu behar da Amaiur, Franssi, Vanegas eta Gaby Eurokopa eta Amerikako Kopa ari direla jokatzen eta bestalde, Tejada, Adriana, Elene, Izarne eta Mirari Espainiako 20 urtez azpiko selekzioaren deialdian sartu direla maila horretako Munduko txapelketa jokatzeko.

Historian lehendabiziko aldiz, Txapeldunen Ligan lehiatuko da Reala. Irailaren 20-21ean jokatuko du multzoen fasera sailkatzeko kanporaketa –irailaren 1ean jakingo du arerioa– eta beraz, hiru txapelketa jokatuko ditu sasoi honetan.

Denboraldi historiko honi begira, talde txuri-urdina gutxi aldatu da. Soilik bi jokalari atera dira –Bartzelonatik utzita aritu zen Emma Ramirez talde katalanera itzuli zen eta Nuria Rabanok ere Bartzelonarako bidea hartu du– eta momentuz, beste bi jokalari fitxatu ditu klubak: Andreia Jacinto aurrelari portugaldarra eta Alejandra Bernabe ezker hegaleko jokalaria –atzean zein aurrean jokatu dezake–.

Oraindik ez dago argi klubak taldea itxitzat ematen duen edo beste fitxaketaren bat iritsi daitekeen. Dena dela, aipatu bi jokalari berriak Zubietan izan dira eta Realeko jokalari gisara lehendabiziko sinadurak ere eskaini die zaleei.

Alaves, astelehenetik martxan; Athletic, ostiralean

Eibarren jaitsieraren ondotik, 2022-2022 denboraldian hiru euskal talde izango dira gorengo mailan. Alavesek lehen mailan bere historiako bigarren sasoia izango dena ekin du jada. Astelehenean egin zuen lehen lan-saioa eta asteartean zein asteazkenean, lan-saio bikoitza egin du. Ostegunean atseden izango du eta ostiralean, beste lan-saio bikoitz batekin bukatuko du denboraldi-aurreko lehen astea.

Denboraldi-aurrearekin azkena hasiko dena Athletic izango da. Asteazken honetan jokalari multzo batek azterketa medikuak egin ditu eta ostegunean, beste multzo batek egingo ditu. Hala, ostiralean hasteko moduan izango dira jokalari guztiak.

Klubak aditzera eman du gainera, berez bigarren talderako fitxatu duen Claudia Fernandezek lehen taldearekin egingo duela denboraldi-aurrea. Realeko bigarren taldetik iristen da Lezamara Claudia, Laida Balerdi legez. Irati Real (Betisetik) eta Ainhize Redondok (Bizkerretik) ere bigarren taldea indartuko dute.