Iñaki Galparsorok Ordizia Rugby Elkartean egin duen ibilbide oparoari amaiera eman zion pasa den astean. Hamar urte eman ditu klubean, azken hiruak presidente modura, eta adierazi zuenez, «agur esateko momentua iritsi da». 2019an hartu zuen presidente kargua, Jose Luis de Castroren lekukoa hartuz.
Urte luze hauetan bidelagun izan dituen guztiei «eskerrak» eman nahi izan zien eta hemendik aurrera kluba gidatuko duen taldeari, berari bezainbesteko «babesa eskaini» diezaioten eskatu zuen.
Hala, klubak aste honetan iragarri du Jon Barandiaran jokalari ohiak hartuko duela bere testigua datorren denboraldian. Lan-talde berri bat sartuko da klubera baina honen ibilbidea behin-behinekoa izango da; hau da, kudeatzaile lanetan arituk odira. Helburua, denboraldian zehar zuzendaritza-batzorde berri bat eratzea baita. Hala, Barandiaran eta enparauen lana trantsiziokoa izango dela zehaztu du Ordizia Rugby Elkarteak.
Azken denboraldi honetan gozotik eta gazitik elikatu da taldea. Abenduan, Kawa Leauma jokalariaren heriotza jazo zen eta honek gogor kolpatu zuen taldea. Jokalariak helarazten zuen indarrarekin hornituta, baina, ligako finala jokatu zuten ordiziarrek eta beraz, Galparsorok onartu legez, muga goian jarri zuen taldeak. Finala galdu bazuen ere, lorpen gisara ikusi zen lortutakoa.