NAIZ
Donostia

Klima aldaketak 270 milioi euroko kalteak eragin ditu Gipuzkoan 25 urteotan

Gipuzkoako Aldundiaren Naturklima txostenaren arabera, 1994 eta 2020 urteen artean 270 milioi euroko kalteak sortu dituzte klima aldaketaren ondotik jazotako fenomenoek, direla euriteek, itsas erasoek edo ekaitz zikloniko atipikoek. Denen artean, uholdeak dira lurraldearen arrisku natural nagusia.

Uholdeak dira Gipuzkoako lurraldean mehatxu nagusia. Irudian, Mendaro.
Uholdeak dira Gipuzkoako lurraldean mehatxu nagusia. Irudian, Mendaro. (Gorka RUBIO | FOKU)

Naturklimaren txostenak Gipuzkoan 1994. urtetik azpiegitura kritikoetan eragina izan duten gertaera klimatologiko nagusiak aztertu ditu eta, ostegun honetan Aldundiak eta Naturklima fundazioak aditzera eman duten hirugarren txostenaren arabera, gertaera nagusiak uholdeak, itsas erasoak eta ekaitz ziklonikoak edo haize bortitzak izan dira.

Esate baterako, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren datuetan oinarrituta egin diren kalkuluen arabera, uholdeen, itsas erasoaldien eta ezohiko ekaitz ziklonikoen ondorioz 1994. urteaz geroztik 270 milioi euro ordaindu dira kalte ordainetan.

Historikoki, uholdeak izan dira lurraldearen arrisku natural nagusia, hau da, kostu osoaren %78. Hala ere, azken urteetan uholdeek eragindako kalteak murriztu egin dira, «ziurrenik horretarako bereziki egin diren lanen ondorioz», adierazi du David Zabala Naturklimako zuzendariak.

Bestalde, itsas erasoek eragiten dute gertaera bakoitzeko kalte gehien, gertaera bakoitzeko 22.000 euro inguru izan dira. Ekaitz zikloniko atipikoak dira espediente gehien sortu dituzten ezohiko gertaerak (% 57,6) baina, hala ere, eta kostuei dagokienez, kalte ordainen %10,2 baino ez dira 1994tik.

Adierazle klimatikoak

Ikerketak ondorioztatu duenez, urteko batez besteko tenperaturak gora egin du etengabe azken 50 urteetan, eta azken hamarkada 1981etik 2010era bitarteko erreferentziazko aldia baino gradu erdi bat beroagoa izan da. Gainera, mende honetako hamar urte beroenetatik zazpi azken hamarkadan erregistratu dira.

Beroa izateaz gain, azken hamarkada bereziki hezea izan da. Datuen arabera, metatutako prezipitazioak igo dira eta azken hiru hamarkadetan itsas mailaren igoera areagotu egin da: 90eko hamarkadaz geroztik, Bizkaiko Golkoko itsasertzeko itsas maila 2,5 cm igotzen ari da hamarkada bakoitzeko.

Baldin eta berotze globala geldiarazteko gai ez bagara, agertokirik ezkorrenean, urteko batez besteko tenperaturak gora egingo luke eta igoera 2,8-3,8 gradu zentigradu artekoa izan daiteke 2100. urtean. «Gure kostaldean itsas maila igotzeari dagokionez, proiekzioek adierazten dute 50 eta 70 cm artean igo daitekeela aldi horretan», esan du.

Azpiegiturak eta arriskuak

Azken hamar urteetan errepide bidezko garraioak izan ditu kalterik handienak, izozte, elurte, uholde, euri jasa edo lerradurengatik zirkulazioan izandako mozketen ondorioz. Aurreikuspenen arabera, muturreko gertaera horien maiztasuna eta intentsitatea areagotu egingo dira klima aldaketaren ondorioz, eta, errepide sareari ez ezik, gainerako azpiegitura kritikoei ere eragingo diete.

Ondorio nagusien artean, txostenak honako hau adierazten du: euriak errepide sarean eragindako uholde arriskua eta gehieneko tenperaturen igoeraren ondorioz alterazio elektriko handiak gertatzeko arriskua.

Errepide sarearen gaineko uholdeei dagokienez, arriskua lurraldeko errepide nagusietan dago, hainbat arrazoirengatik sentikorragoak baitira: trafiko handiagoa dago, abiadura handiagoan doa eta tarteak luzeagoak dira.

Tenperatura maximoek linea elektrikoen garraio ahalmenean duten arriskuari dagokionez, txostenak azpimarra jartzen du tentsio handieneko lineetan, hau da, Debagoiena eta Donostialdean.

Azpiestazio elektrikoetan ibai uholdeak izateko arriskua, oro har, txikia bada ere lurraldean, «garrantzitsua da azpimarratzea» horietako bik «arrisku maila oso handia» dutela: Urola eta Oria ibaien arroetan kokatutakoek. Deba ibaiaren arroan daudenek, bestalde, «arrisku handia» dute.