Latsariak, ibaian zein harraskan arropa garbitzeaz arduratzen ziren emakumeak

Bizitzarako ezinbestekoa zen latsarien lanak garaian izan ez zuen kronika eskuratu du. Miseria baten truke egiten zen lan feminizatu bat marrazten duen kronika, beharrezkoa bezain isildua izan den ofizio batena. 

Emakume talde bat ibaian arropa garbitzen.
Emakume talde bat ibaian arropa garbitzen. (Eulalia Abaitua | EUSKAL MUSEOA)

Hainbat datu iritsi dira gaurdaino lanaren eta lanbidearen inguruan, baita azken harrasketan arropa garbitzen zuten emakumeen zenbait testigantza ere, baina ez du berezko kronika askorik utzi emakumeek soilik egiten zuten lan honek, eta gogorrenetako bat izan behar zuen bizitzarako eta osasunaren ikuspuntutik funtsezkoa zen eta den arropa garbiketak.

Pentsa dezagun etxeetan urik ez zegoenean negu hotzetan ibaian garbitu behar izateak zer izan behar zuen, eta gainontzeko zereginez gain egin beharreko zerbait zen: etxeko arropak ibairaino edo errekaraino eraman behar izatea, bertan xaboia eman, ur hotzetan xaboia kendu... pisu handia hartzen duen arropa busti hori bueltan etxera eraman, eta han sikatzeko eseki. Arin esaten da.

Ibaia atzean geratu zen leku askotan harraskak edo latsarriak heldu zirenean, eta nahiko erraztu zuten lana. Gehienetan, latsariek ez zuten makurtuta jardun behar, ezta ibaiko uretan sartu behar ere. Testigantzek argi erakusten dute nolako baldintzetan egiten zuten eta zein onarpen gutxi zuen ezinbestekoa zen latsarien zeregin hark.

Horren oroimena berreskuratzen ari da, baina duela ez askora arte herrietan funtsezkoak ziren harraska haiek desagertzen joan dira.

Emakume haien lana aitortu eta oroimena gordetzeko, zenbait ekitaldi eta ikerlan sortu dira azken urteotan. Horien artean, azken hilabeteetan Araban bultzatutako ekimen batzuk daude. Izan ere, hainbat herritan harrasken inguruko lanaren oroitzapena berreskuratu dute, baita bertan arropak garbitu zituzten azken emakumeak omendu ere. Azkenetariko bat Agurainen izan zen, ekainaren bukaeran.

Isabel Mellen historialari eta dibulgatzaile arabarrak Lautadako Kuadrillako Berdintasun arloak eta Laia Arabako emakumeen jabekuntzarako eta berdintasunerako eskolak bultzatutako ekitaldi horietan hartu du parte.

Arte erromanikoan eta Erdi Aroko kulturan eta ondarean aditua da Mellen. Oroimen ekitaldi horien harira, harrasketan biltzen ziren latsariei buruz dagoen informazio historikoan sakondu du. Historialariarengana jo du GAUR8k arropa garbitzeko lana, bai etxeko zeregin gisa bai profesional gisa, nolakoa zen gogoratzeko.

Lehen irudi argi bat marraztu du historialariak: «Erabat feminizatuta zegoen jarduera zen, baldintzak izugarri gogorrak ziren eta, gainera, garbiketa prozesuak egun batzuk iraun ahal zituen».

Latsariez hitz egiten dugu, orokorrean, baina zereginaren atzean egoera desberdinak egon zitezkeen: batetik, etxeko arropa garbitzen zuten emakumeak zeuden, eta bestetik, beste etxe batekoen arropa garbitzen zutenak, lana ofizio gisa zutenak, alegia. Lan hori «landa eremuko emakumeek egiten zuten, askotan», zehaztu du.

Hirugarren talde bat ere badago: familia aberatsen etxeetan neskame aritzen ziren garbitzaileena, beste zeregin askoren artean arroparen garbiketaz ere arduratzen zirenak.

Harraskak ez ziren XIX. mendeko erdialdera arte heldu. Hortaz, ordura arte ibaiak eta errekak ziren arropa garbitzeko gune nagusiak, eta lana askoz gogorragoa zen, «arropari uretan eragiteko, ibaian sartu behar zirelako eta askotan goitik behera bustitzen zirelako», gogoratu du historialariak.

«Pentsa ezazu neguan, elurretan... Arropa garbitzea bai ala bai egin beharreko lana zen, eguneroko mantentze lanetako bat zelako, ezin zen saihestu. Harraskek apur bat erraztu zuten egoera, jada ez zirelako uretan sartu behar, zutik garbitu ahal zuten, eta horrela makurtuta egon behar izatearen gogortasuna ezabatzen zen», azaldu du Mellenek.

Lanaren baldintza gogorrek beste arrasto batzuk uzten zituzten: «Oso ohikoak ziren eskuetan izaten zituzten arazoak, pitzatu egiten ziren, odola zerien, ospelak izaten zituzten...». Horiei aurre egiteko sendabideak ere bilatu behar zituzten. Mellenek aipatu du ezagunak direla zauriak sendatzeko prestaturiko erremedioak. Horrez gain, arnas aparatuko arazoak, erreuma edo pneumoniak ere izaten ziren; «gaixotasun profesionalak», erantsi du.

30 eta 40 kilo buruan

Ibaiak, errekak... ez dira beti etxe ondoan egoten, haraino eraman eta handik ekarri behar zen arropa bustia, eta tartean tamaina handikoak egon zitezkeen: izarak, mantak... Lanbide gisa zutenentzat zeregina are nekezagoa izan zitekeen. Mellenek gogorarazi duenez, arropa garbitzekoa landa eremuko emakume askoren ofizioa izan zen.

«Horrek 30 eta ia 40 kilo hartzea suposatzen zuen; buru gainean eramaten zituzten, eta kontuan hartu behar da garbitu ondoren arropa bustiak pisu gehiago hartzen duela, eta hori guztia etxeraino eraman eta sikatzeko eskegi behar dela...», zehaztu du historialariak.

Garbiketa prozesuak berak, bestalde, egun batzuk eskatzen zituela gogorarazi du. Arropari lehen bustialdi bat ematen zitzaion azaleko zikinkeria biguntzeko.

Horren ondoren, Gipuzkoan ‘gobada’ izenarekin ezagutzen den urratsa egiten zuten. «Azpian zulo bat zuen otarre batean jartzen zuten arropa; arropa hura jada bustita zegoen lehen biguntzearen ostean. Trapu bat jartzen zuten gainean, eta errautsak botatzen zituzten. Lapiko batean ura berotzen zuten eta ura errautsen gainera botatzen hasten ziren, traputik pasatu eta arropen artetik pasatu zedin». «Errautsezko lixiba sortzeko prozesu naturala da, desinfektatzaile bat sortzeko», azaldu du Mellenek.

Eta lana ez da hor bukatzen, «pauso hau behin baino gehiagotan errepikatzen zuten, desinfektatzeko. Horrek geruza xaboitsu bat uzten zuen arropan, eta hori kendu egin behar zen; beraz, ondoren harraskara eramaten zuten arropa, zikinkeria kendu eta xaboia emateko, eta horren ondoren eguzkitan uzten zuten aklaratu gabe xaboia aktiba zedin. Arropak berriz urberritu behar ziren eta ondoren sikatzeko eskegi».

Batzuetan ibaiaren ondoan uzten zuten arropa. Gogora ekartzen du Igeldoko latsariek arropak lapurtu egiten zizkietela kontatzen zutela, eta horrek beste lan bat gehitzen zuen, «adi egon behar ziren hiriko jendearen arropak lapurtu ez zitzaten».

Historialari arabarrak beste detaile bat planteatu du: tamaina handiko aleak garbitzearen beharra, izarak edo mantak, adibidez, eta horiek manipulatzeko zeuden zailtasunak.

Arropa desinfektatzeko prozeduraz gain, emakumeek eurek egindako xaboiak erabiltzen zituzten. Arropa ez zen egungo maiztasunarekin garbitzen, noski. Gainera, latsarriak erabiltzen zituztenek gogoratzen dutenez, jantzien ehundurak ere ez ziren gaur egungoak bezalakoak. Askoz gogorragoak ziren, gehiago igurtzi beharrekoak ziren batzuetan, baina aldi berean gehiago irauten zuten, eta ziurrenik ez zuten egungoek hartzen duten usainik.

Ofizioaz badakigu emakumeen lanbidea zela. «Harrasketan ez ziren gizonak sartzen». Emakume batzuek latsari lanbidearekin familiak aurrera ateratzea lortu zuten, baina gehienbat etxeko ekonomiarentzako osagarri bat zen. «Oso txarto ordaindutako lanbidea zen; garbitu beharreko jantzi bakoitzeko miseria bat jasotzen zuten».

Landa eremuko baserri batzuetan abantaila esanguratsua izan zuten ura etxeraino eramaten hasi zirenean, berezko harraska izan baitzuten batzuek, eta hala, arropa garbiketa familiaren ekonomiaren zati bilakatu zen. Izan ere, horri atarramentua ateratzeko, hiriko arropak garbitzen zituzten kasu askotan. Ez ziren bakarrik hirietako etxeetako arropak, batzuetan komentuetakoak, ospitaletakoak edo kuarteletakoak ere garbitzen zituzten. Garaiko testigantzen arabera, astelehena izaten zen garbitzeko arropa jasotzeko eguna, eta ostegun inguruan itzultzen zen.

Latsari asko arropa lisatzeaz ere arduratzen ziren, prozesu guztia osatuta, baina kasu askotan, «arropa lisatuta nahi bazuten beste emakume bat kontratatzen zuten», komentatu du Mellenek, lisatzeko berotu behar ziren burdinazko tresna haiek erabiltzeak ere zer-nolako zailtasunak zituen gogoratuz.

Gauza bitxi batzuk izan ziren hirietan eraikitako lehen harrasken inguruan. Askotan, erakundeek egindako instalazio publikoak ziren, baina kudeaketa esku pribatuetan uzten zenez, erabiltzaileek ordaindu egin behar izaten zuten garbitzeko. Horrek eragin zuen neurri batean, Mellenen arabera, herri txikietako emakumeek garbiketa ofizio modura hartzea eta gertuen zeuden hirietako arropen garbiketaz arduratzea. «Hiriko jendearentzat errentagarriagoa zen emakume bat etortzea eta arropak garbitzeko eramatea, hirian bertan egitea baino».

Horiek horrela, hirietan eta herrietan egoera ezberdinak izan ziren harrasken inguruan. Harraskak beranduago heldu ziren hirietara. Ur hornidura etxeetara iristen hasi zenean, errazagoa izan zen herrietan gertuko iturri batetik edo erreka batetik hartzea, baina horrek zailtasun handiagoak zituen hirian, zorua altxatu behar baitzuten hodiak sartu ahal izateko. Horregatik, landa eremuan abantaila hori izan zuten doako harraskak lortu zituztenean, horrek lana lanbide bilakatzeko bidea ematen zuelako.

Hirietan aldiz, harraska handiak eraiki ziren hainbat kasutan, baina kudeaketa pribatua izaten zuten batzuetan. «Eraikin handiak ziren, behealdean txorrota asko izaten ziren, bakoitza igurzteko bere lekuarekin... kanpinetakoen antzera. Goiko aldean, sikatzeko gunea ere egon zitekeen, baita neguan arropa berotzeko aukeraren bat ere batzuetan, baina kudeaketa pribatua bazuten emakumeei diru kopuru bat kobratzen zieten eta erabiltzen zuten denbora kontrolatzen zuten».

Horrek arazoa sortu zuen behe mailako klaseetan: «Higiene eta osasungarritasun arazo gehiago sortu zituen, ezin zutelako askotan harraskara joan edo arropa maiz garbitu, eta ezin zituztelako landa eremuko emakumeak kontratatu».

Azpimarratu duenez, zailtasun ekonomiko horiek ezabatu beharrean, arrakala zabaldu zen. Harrasken jabeen klasekoentzat pobreenak zikinak ziren, higienerik ez zuten, eta horrek bazterkeria eta klase desberdintasunak areagotzen zituen.

Industrializazioaren unean

Arropa garbitzeko harraskak oso une historiko zehatzean sortu ziren, bi arrazoirekin lotuta nagusiki: batetik, lehen industrializazioaren ostean hirietan gertatu zen biztanleriaren kontzentrazioa. Zikinkeria arazo bilakatu zen, eta aurretik ez zeuden osasun eta higiene arazoak agertu ziren. Higienismoak indarra hartu zuen, osasungarritasuna bilatzen zen, bizi baldintzak hobetzea: «XIX. mendean oso modan egon zen korronte intelektuala zen».

Era berean, irtenbidea bilatu behar zuten garbiketan xaboiarekin erabilitako ura eta edatekoa nahastu ez zitezen. Baina Mellenek ohartarazi du gaurko begiradarekin deigarria den beste arrazoi bat egon zela. «Herri barruan iturriak jartzen zirenean, kezka zegoen emakumeek, lehen bezala agian hainbat kilometrotara zegoen ibaira joan beharrean, arropak iturrietan garbitzen zituztelako, eta horrek arazo berezi bat sortzen zuen, gonak pixka bat altxatu behar izaten zituztelako ez bustitzeko, alkandora mahukak bildu... eta horrek lotsagabekeriazko arazoak sortzen zituen garaiko moral errepresiboarentzat».

Harraska iturrien ondoan kokatzea erabaki zuten. Hala, edateko ura iturrira heltzen zen lehendabizi, giza kontsumoa lehenetsiz, ondoren uraska batera zihoan, animaliek edan zezaten, eta soberakoa harraskara isurtzen zen. Aparteko leku estaliak ziren, gizonen begiradetatik at, eta zutik garbitzen zuten; era horretara ez zuten makurtzeko ezta gonak altxatzeko beharrik.

«Horrek oso gune feminizatu eta segregatu bat egin zuen», nabarmendu du historialariak, ez eskubiderik ez beste inolako aitormenik izan ez zuena.

 

«Eskuak gogortuta geratzen ziren»

Carmen Ruiz de Egino 10-12 urterekin hasi zen amari arropa garbiketan laguntzen. Agurainen, etxe ondoan putzu bat zuten, eta hori abantaila zen. Ura ateratzeko biraderari eragin behar zioten. Lehen bustialdi bat emateko erabiltzen zuten. Gero herrian familiari zegokion harraskara eraman behar zuten; makurtuta egotekoa zen haiena. Han uretan eragiten zioten etxeko arropari.

Hotza gogoratzen du bereziki, eskuak «gogortuta» geratzen zirela, «izoztuta». «Ez zegoen prakarik neguan, ezta eskularrurik ere eta maukak jasota eramaten ziren «ez bustitzeko kontu handiz».

Lehengo arropak ere ez ziren egungoen modukoak, pisu gehiago zuten. Gogoan ditu gizonen panazko prakak, izarak, mantak... eta familiak lehen handiak izaten ziren, gainera. Izarak, mantak... ibaira eraman ohi ziren. Arropek pisu handia hartzen zuten, eta gainera, petatxuak ere izaten zituzten. «Gauzak apurtzen zirenean ez ziren botatzen», adabakiak jartzen ziren edo pasaratu egiten ziren. Orban txar batzuk kentzeko, arropa egosi egiten zuten, edo errauts eta ur beroarekin kolada egin.

Bi heldulekutako ontzi zabal bat erabiltzen zuten arropa garraiatzeko. Orgatila etxera heldu zenean, hura erabiltzen zuten harraskarako joan-etorriak egiteko. «Beste garai batzuk ziren, sorora joan behar ginen, hangoa bukatuta etxera itzuli eta etxeko gauzekin hasi behar ginen... eta neguan, hotz handia zegoenean, artilezko galtzerdiak egin edo gizonek behar zutena konpondu...», kontatu du aguraindarrak.

Gogoan du herrian hiru harraska zeudela. «Tamalez, guztiak kendu dituzte; orain etxeetan garbigailuak daude baina zeozertarako erabiliko ziren», adierazi du Ruiz de Eginok. Beste gogoeta bat aipatu du: leku guztietan bezalaxe harreman onak eta ez hain onak zeuden harrasken inguruan, baina auzoko guztiak elkartzen zirela azpimarratu du, baita elkar laguntzen zutela ere... «Arropa batzuk garbitzeko indar handia behar zen, batzuetan beste batek laguntzen zuen».

 

Funtsezko lana, gaizki-esanen jomuga

Bilbon, latsarien lanbidearen memoriak izan ez duen aitormena plaza erdira eraman dute, aurten estreinatu den “Latsariak” dokumentalarekin. Lanean parte hartu duen Marta Brancas historialariak azpimarratu duenez, «latsarriak desagertzen utzi dira, baina garrantzi handiko funtzio soziala izan duten emakumeen espazioak izan dira». Testigantzak eta datu historikoak bildu ditu Con Ciencia y Arte elkarteak bultzatutako ikus-entzunezkoak, eta ibilbidea egiten jarraitu nahi du, proiekzio gehiagoren zain, oroimena mantentzeko.

Arroparen garbiketak bizitzarako duen garrantziaz gain une zehatz batzuetan hartu zuen funtsezko paperari erreparatu behar zaiola uste du historialariak, latsarrien agerpenarekin lotuta, eta bereziki XIX. mendearen bukaeran, Bilbok izandako hazierari erantzunez. Meatzaritza nagusi zen urte haietan, meategien ondo-ondoan altxatu ziren kale estuetako eta aldatsetako auzo garaietan (Bilbo Zaharra) zegoen biztanle pilaketa ekarri du gogora bizi zitekeen egoera marrazteko: «Izurriteak izan ziren, kolera, tifusa... arropa desinfektatzearen garrantzia deskubritu zuten». Abando aldean, beste era batera planifikatuta, diseinu modernistako latsarri batzuk egin ziren, baina «ez da ezer geratzen, ezta erreferentzia gisa ere». Olabeagan, adibidez, ur beroa zegoen, eta gogoratua da xaboia, kautxuzko mantalak edo zuekoak alokatzen zituen Lola ‘la de los tinacas’.

Gizonik ikusi ez zuten espazio haietan egiten zen lan kolektiboa eta arnasten zen elkartasuna gogoratu nahi ditu, ordea, Brancasek.

Gutxitan errekonozitu da lanak zuen funtzioa, eta horren erakusle da latsariek izan zuten trataera. Gogora ekarri du emakumeen espazio haiek gaizki-esanen jomuga izan zirela: «Langile batzuk beatifikatuak izan diren bitartean, eskubiderik ez zuten latsariei ibaiak zikintzea ere leporatu zaie».