
Erraustegiaren aurkako mugimenduak Aitzerreka berriro kutsatuta zegoela salatu zuen joan den astean, eta horren ondotik Usurbilgo Udalak laginak hartu zituen errekan. Zenbait konposaturen emaitzak jasotzea falta da oraindik, baina behin-behineko emaitzak kezkatzeko modukoak dira, ezohiko maila oso altuak topatu direlako kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn (Oxigenoaren Eskaera Kimikoa).
Uztailaren 13an, herritar batek abisua pasatu zuen, erreka ezohikoa den egoera batean topatu ostean, ezohiko apar eta kolorearekin. Horren ondotik, Donostiako eta Usurbilgo udaltzainak bertaratu ziren. Udalak laginak hartu zituen, eta ostiral honetan jaso ditu emaitzak. URAk ere hartu zituen laginak.
2020ko lagineko amonioaren bikoitza
Usurbilgo Udalak nabarmendu duenez, 2020ko maiatzean beste isurketa bat izan zen, eta orduan ere laginak hartu eta aztertu zituzten. Orduko hartan, amonio kontzentrazio oso altua topatu zen (62 miligramo/litroko), eta lehengo asteko laginak ia bikoiztu egin du kopuru hori (117 miligramo/litroko).
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak esan duenez, lehen unetik pentsatu da isuriaren jatorria errauste plantan dagoela. «Hipotesi hau hala den edo ez baieztatu edo gezurtatzea beste batzuei dagokie: GHK-k eta diputazioak azalpenak eman behar dituzte. Izan ere, inguruan ez dago beste jarduera industrialik halako kutsatze maila eragin dezakeenik. Datuak oso kezkagarriak dira: 2020ko maiatzeko isurketak ehunka arrain hil zituen, eta ordukoekin alderatuz, oraingo kopuruak handiagoak dira».


GHK eta Ura agentziari helaraziko dizkiete datuak
Gardentasun eta kontrol mekanismoak eskatu ditu Usurbilgo alkateak: «Azalpenak nahi ditugu: isurketa zerk eragin duen jakin nahi dugu. Zer gertatu den jakin behar dugu konponbideak bilatu ahal izateko. Zein ondorio izan ditzakete halako isurketek gure osasunean eta ingurumenean? Zein neurri hartuko dituzte arduradunek berriro halakorik ez gertatzeko? Herritarron informatuta egoteko eskubidea aldarrikatzen dugu».
Jakinarazi duenez, eskumenak dituzten beste erakundeei helaraziko dizkiete bildutako datuak, besteak beste, GHK eta Ura agentziari, baita Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen Sailari ere.
GuraSOSek iragan astean jakinarazi zuenez, Fiskaltzaren esku gelditu zen Arkaitzerrekaren kutsatze hau. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, berriz, isuria errauste plantatik etorria dela baztertu zuen «hainbat froga» egin ondotik.

«Ganas, paciencia y un poco de mano», receta para ser un constructor naval a pequeña escala

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona
