Jon Ormazabal

Aparteko distirarik egin beharrik gabe, euren ahala erakutsi dute Ezkurdia eta Mariezkurrenak

Oñatin jokatzekoa zen Unai Laso osatu da lesiotik eta astelehenean itzuliko da kantxetara Elizondon.

Joseba Ezkurdiak ez die izandako aukerei ihes egiten utzi.
Joseba Ezkurdiak ez die izandako aukerei ihes egiten utzi. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Iruñeko sanferminetan emandako erakustaldirik eman behar izanik gabe, udako Masters honetan oso kontuan hartu beharreko bikotea direla erakutsi dute, lehen egunetik, Joseba Ezkurdia eta Jon Mariezkurrenak Oñatin, Artola eta Martijari 22-13 nagusitasunez gailenduta. Galtzaileek tarteka erreakzio txikiren bat izan badute ere, emozio gutxikoa izan da lehen jardunaldia itxi duen partida, bikote nafarra aurrean zein atzean nagusi izan baitira.

Hasiera-hasieratik piloteoan erabat nagusitu dira gorriak eta alegiarra eta Etxeberrikoa 5-4 gerturatu badira ere, markagailuan erraz xamar aurreratu dira, hein batean ere Julen Martija ohikoa baino bigunago aritu baitira. Mariezkurrenak bizkarra erakustea ez da ezustekoa izan, baina Aspeko atzelaria lan horietara ohitua xamar dago eta normalean hutsegiten ez duen pilotaren bat eraman gabe utzi du, batez ere partidaren lehen erdian.

Joseba Ezkurdia ez dago oso ohitua atzean halako jotzaile batekin aritzen, baina bere bikoteak asko jo badu ere, ez dio ukorik egin, ohi duen bezala, partidari erritmo bizia sartzeari. Ezker gantxoak nahi bezala funtzionatu ez badio ere, erasoan oso eraginkor aritu da eta azkenerako 10 tanto ere amaitu ditu, larunbatean Errenterian eta igandez Etxebarrin jokartu behar duen aurrelariak.

Unai Lasoren ordez aritu den Iñaki Artolari ezin ukatu zuen guztia eman duenik, esaterako, alde handiz, bera izan da pilotakadarik gehien jo duen pilotaria, baina oso baldintza zailetan aritu behar izan du eta, tanto politak amaitu baditu ere, ezer gutxi egin ahal izan du aurkarien nagusitasunaren aurrean.

Laso astelehenean itzuliko da

Bi astez geldirik egon ostean, Unai Lasok dagoeneko badauka kantxetara itzultzeko data eta lekua. Buruz Buruko egungo txapelduna astelehenean Elizondon arituko da, Albisu lagun, Jaka-Mariezkurrenaren aurka adiskidantzazko partida batean.

Uztailaren 7an, Ezkurdiaren aurka, sanferminetako lau eta erdiko finala jokatzen ari zela hartu zuen min Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak, ezker izterrean gihar haustura txiki bat izan zuen, eta ordutik fisioterapia saioak jasotzen aritu da. Gaur ia ordu beteko froga fisiko bar egin du Baikoko aurrelariak eta, dena ondo sendatu dela ikusita, astelehenean itzultzeko erabakia hartu du. Eta behin jokatzen hasita, atsedenerako tarte txikia izango du aurrelari nafarrak, asteazkenean bertan Errioxan, Huercanosen, iragarri baitago, Masterseko bigarren jardunaldiko partida jokatzeko, Jaka-Zabaletaren aurka. Asteburuan, berriz, beste bi partida izango ditu, Masterseko hirugarrena larunbat gauez Lekunberrin Irribarria-Albisuren aurka, eta txapelketaz kanpokoa, San Inazio egunez Azpeitian, Mariezkurrena lagun, Altuna III.a eta Martija, egungo Binakako txapeldunen aurka.

Abuztuan ere, Gasteizko feriatik hasita, egutegia bete-betea izango du Unai Lasok.

 

FITXA TEKNIKOA

Ezkurdia-Mariezkurrena: 22

Artola-Martija: 13

Pilotakadak: 437. Iraupena: 53,49 minutu. Markagailua: 5-0, 5-4, 8-4, 8-5, 14-5, 14-7, 16-7, 16-10, 19-10, 19-11, 20-11, 20-12, 21-12, 21-13, 22-13. Sakeak: 2 Ezkurdiak eta 1 Artolak. Egindakoak: 10 Ezkurdiak, 4 Mariezkurrenak, 5 Artolak eta 0 Martijak. Galdutakoak: 4 Ezkurdiak, 3 Mariezkurrenak, 2 Artolak eta 5 Martijak. Gorabeherak: Sarrera polita Oñatiko Zubikoa pilotalekuan.