NAIZ

Tximino baztangagatik nazioarteko larrialdia ezarri du OMEk

Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarte mailako larrialdia ezarri du larunbat honetan tximino baztanga dela-eta; izan ere, 70 herrialde baino gehiagotan 16.000 kasu baino gehiago izan dira, eta oraingoz bost pertsona hil dira.

Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendari nagusia. (Denis BALIBOUSE/(AFP)
Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendari nagusia. (Denis BALIBOUSE/(AFP)

Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) nazioarteko larrialdia deklaratu du larunbat honetan, tximino baztanga-agerraldiaren ondorioz. Dagoeneko 16.000 kasu baino gehiago (horietako bost hilgarriak) deklaratu dira 75 herrialdetan, horietako asko Europan.

Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendari nagusiak prentsaurreko batean eman du erabakiaren berri, gaixotasun horretan adituak dituen larrialdi-batzorde bat balizko adierazpena aztertzeko bildu eta bi egunera. Aipatu duenez, osasun-sare nazionalek prebentzio-neurriak zabaltzera behartuko ditu nazioarteko larrialdia ezarri izanak.

Batzorde horrek gomendatu zuen ekainean egindako lehen bilera batean larrialdia ez deklaratzea (3.000 kasu izan ziren orduan), eta oraingoan ere, Tedrosen arabera, ez da erabateko adostasunik egon adituen artean; hala ere, zuzendari nagusiak larrialdiaren berri ematea erabaki du, planeta osoko hainbat eskualdetan izandako kasuen kopuru handia gero eta handiagoa dela ikusita.

Tedrosek adierazi duenez, OMEk nazioarteko larrialdia deklaratzeko erabilitako irizpideen artean dago «birusa azkar transmititzen ari dela aurretik kasurik izan ez dituen herrialde askotan».

OMEko arduradun nagusiak adierazi du, halaber, kutsatzeko arriskua maila «altura» igo dela Europan, kasuen %80 kontzentratzen baititu, eta gainerako eskualdeetan, Afrikan barne, berriz, maila «moderatua» mantentzen dela; bertan gaixotasuna endemikoa da duela hamarkada batzuetatik.

Tedrosek azpimarratu duenez, nahiz eta alerta globala egon, agerraldia «batez ere beste gizon batzuekin eta bikote anitzekin sexu-harremanak dituzten gizonetan kontzentratzen da».

Gainera, kaltetutako komunitateen duintasuna eta giza eskubideak babesteko neurriak hartu behar direla ziurtatu du Tedrosek, izan ere, «estigma eta diskriminazioa edozein birus bezain arriskutsuak izan daitezke».

Zazpigarren aldia da OMEk nazioarteko larrialdia deklaratu duena (2005ean hasitako mekanismo bat), 2009an A gripeak, 2014an eta 2018an ebolak, 2014an polioak, 2017an zika birusak eta 2020an koronabirusak eraginda (azken horrek indarrean jarraitzen du).