IBON SALABERRIA

Fugazi

Iñaki Uriartek idatzitako artikulu baten argudioari helduz, onartu genezake Euskal Herriko herri ugaritan aurki dezakegun bereizgarritasun urbanistiko nagusia izan daitekeela espazio publikoa eliza edo udaletxearen inguruan antolatuta ikustea. Eta erlijio eta politikaren gertutasuna, bi horien ulermen kultural zabal eta irekia onartuz, erritu kolektiboen garapenerako lagungarri izan da –baita problematizatu daitekeena ere, baina ez da hori testu honen helburua–.

Merkatua, bilkurak edo jaiak herriko plazan, eliza edo udaletxearen inguruan eta, batik bat, eraikin horien inguruko aterpeetan gertatu ohi dira. Aterpeak, tradizioz, eliza, ermita eta udaletxe askori gehitutako arkitekturak izan dira. Aterpeok forma eta gertakizun ezberdin eta anitzak jaso izan dituzte.

Memoriara datorkigu, kolektiboan txertatua den heinean, Durangoko Andra Mari elizaren gibelean atxikita dagoen ‘eleizpea’ edo aterpea. Jakinak dira eleizpe honen horma eta zurezko egiturak gordetzen dituzten gertakizunak, horien memoria. Sarrionandiaren fikziozko ipuin baten irudi edo liburu azokaren hastapen, hilerri zahar edo frankisten bonben itu.

Antzeko egoera baten hastapen bezala irudikatu nuen Larrabetzuko plaza, Gentzanek eta Beñatek gidatzen duten Behark arkitektura taldeak gorpuztu duten aterpea ikusitakoan.

Zur eta lur, txundituta daude Beharken, pazientzia eta sakrifizio handiz gauzatzea lortu duten atari proiektua izaten ari den oihartzun eta errekonozimenduekin. Zur eta lur esaten diogu euskaraz, gertaera edo ikusi dugun zerbaitek txundituta, hitzik gabe, uzten gaituenean. Zura eta lurra, geldirik geratzen garenean, kieto begira. Zurez eta lurretik prozesatutako materialez osatzen da Larrabetzuko proiektua. Material geldoak, motelak. Halako sentsazioak transmititu dizkit aterpeak.

Arkitektoek proiektua azaltzen dutenean Fugazi musika taldearen ‘Last Chance for a Slow Dance’ abestia ekartzen dute gogora. Hara, tradizioa, arkitektura eta hardcore musikaren ondorengoak bat eginda. Sar gaitezen proiektura, ea nola azaltzen duten kontraesan hauen artikulazioa.

Dantza lotuan

Fugaziren kantak proiektua bataiatu zuela ikustean, neure burua nerabezaroan ‘slow dance’ edo baladak –abesti geldoak– gaueko azkeneko bazterretan iristen zireneko momentuetara joan zen. Ez ziren Fugaziren kantak, ziur Itoizen baten batek estreinatu gintuela gure lehen abesti geldoak gorputzak gerturatu zizkigun dantza lotuan. Zer-nolako espazio motak ziren lehen ‘agarrado’ edo dantza lotua egin genuenekoak?

Durangoko Andra Mari elizaren gibelean atxikita dagoen elizpea. (Mikel Ibarluzea)

Aurretik, egin dezagun denboran atzera eta ohar gaitezen dantza lotua debekatua aurkituko dugula herri askotan aurreko mendeko erdialdea aise pasatu arte. Alde batetik, Elizak inpropio edo immoraltzat kalifikatzen zituen modu berriak eta, bestetik, tradizioaren kontrakoak omen ziren kanpotik zetozen lehen dantza lotuak praktikatzeko musikak. Burmuin trinko horiek pixkanaka leundu ziren eta dantza lotuak nonahi, Uriartek bere artikuluan azaldutako erritu espazioetan, zabaldu ziren; aterpeetan eta euskal frontoi-plaza periferikoan.

Nire iruditeriak marraztutako atmosfera ez zen, ordea, arkitektoen asmoa Fugaziren kanta aukeratu zutenean. Haiek, proiektuaren memorian azaltzen duten moduan, dantza geldoa egiteko azken aukera bezala ulertzen zuten eraikuntzaren azken fase baten irteera, azken momentu baten aukera. Kantaren lehen bi lerroak gogoratzea besterik ez dugu: «Eztulka zure hilkutxa barruan, itsas hondoan bezala».

Aurretik hainbat gorabehera, aldaketa eta lanen eteteak izandako interbentzioak, birproiektatu eta gauzatzeko azken aukera zuen. Fugazi musika taldearen izenak ere badu hortik zerbait. Ian McKayek, taldea osatzen ari ziren garaian, Mark Bakerrek idatzitako Vietnameko gerraren ahozko istorioak jasotzen dituen ‘Nam’ liburua irakurri zuen. Bertan topatu zuen Ianek, soldadu estatubatuarrek egoera izorratuta zegoenean erabiltzen zuten espresioa: fugazi.

‘Fugazi’ asko dago arkitektura lanean, egoera izorratu asko. Egoera horien aurrean hartzen diren jarrerek egiten dute arkitektura agertzea edo desagertzea.

Azken aukerak, aukerarik muturrekoenak, kasu onenean, haiek estimulatzen gaituzte gehien; azkeneko aukeren zain edo borrokan baita ere frustrazio handienak jaso ditugu, baina ‘fugazi’ batek ez du amaiera esan nahi. Batzuetan, ‘slow dance’ baino gehiago ‘azken guda dantza’ bilakatzen da arkitektura praktika. Tradiziozko dantzak helduagoak edo lotuagoak diren modu berrien aurka agertzen zaizkigu. Musika tradizionalak ez zuen ulertu nahi konpas, oinarri eta konponketa askok gure tradizioari ekarpen izugarriak ekartzekoak zirela. ‘Fugazi’ bati aurre eginda Behark taldeak Larrabetzun eginikoak garaikurrak nonahi eta pretendiente ugari jaso ditu azken dantza motel edo lotua egiteko. Bejondeiela beraien tradiziozko ‘slow’ edo gertuko arkitektura lotuarekin.

Zurez eta lurretik prozesatutako materialez osatzen da Behark arkitektura taldearen Larrabetzuko plazako aterpea. (Mikel Ibarluzea)