NAIZ

‘Gari’ Arriaga Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kide eta preso ohia zendu da

Felipe Arriaga, ‘Gari’, Amnistiaren Aldeko Batzordeetako kide izandakoa eta horregatik espetxetik pasatako iurretarra hil egin da astelehen honetan. 33/01 auzian epaitu, eta 2008an kartzelaratu zuten kazetaria.

Felipe Arriaga, ‘Gari’.
Felipe Arriaga, ‘Gari’. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Felipe Arriaga Ibarra, ‘Gari’, hil egin da astelehen honetan. Amnistiaren Aldeko Batzordeetako arduradunen aurka egindako epaiketan Auzitegi Nazional espainolak zigortutako 27 lagunetako bat izan zen.

20 urte zituela sartu zuten lehendabiziko aldiz kartzelan. 4 urtez egon zen preso. Basauri, Burgos, Soria, Langraiz eta Alcala-Mecoko kartzeletan egon zen.

Libre utzi zutenetik amnistiaren aldeko mugimenduan militatu zuen. Bere ustez, diktadura ostean preso politikoak etengabe egotea espainiar sistemaren zilegitasun demokratiko ezaren adierazgarria zen. Horren aurka eta Euskal Herriaren askatasunaren alde egin zuen borroka bizitza guztian zehar. Adibidez, kartzelatik atera ostean, 1987an, Arriaga Herri Batasuna alderdiko udal hautagaitzaren parte izan zen Durangon.

Bere militantziagatik, hain zuzen ere, epaituko zuten Arriaga 2008. urtean, beste 27 kiderekin, «dena da ETA» doktrinaren arabera eraikitako makrosumario horietako batean. Baltasar Garzon izan zen 33/01 sumarioaren bultzatzailea. Gari, besteak beste, Amnistiaren Aldeko Batzordeetako komunikazio arduraduna izan zen, Juan Mari Olano bozeramailea zen garaian. Olanok honela gogorat uzuen atzo bertan: «Garirekin milaka bizipen izan ditut. Borrokakide eta lagun paregabea izan da». Bere izaerari buruz, «umoretsua, alaia, bromosoa eta baita serioa ere hala behar zen une guztietan», nabarmendu zuen. «Herri hau maite zuen gauza guztien gainetik, nahiz eta oso ondo zekien aldapatsua eta gogorra izango zela askatasunaren martxa. Amnistiaren aldeko batzordekide guztiok nabarituko dugu gure gogoan haren falta» gehitu zuen Juan Mari Olanok.

Epaiketa horretan, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta haren ondoren sortu zen Askatasuna legez kanpo utzi zituzten Auzitegi Nazionaleko epaileek, eta bi erakundeen desegitea agindu zuten. Horrekin batera, 21 militanteen aurka 200 urteko kartzela zigorra ezarri zuten. Arriagari, zehazki, zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Kondena oso-osorik bete ondoren, 2016an aske geratu zen, ordurako dagoeneko 60 urte zituela. Une hartan Burgoseko kartzelan zegoen.

Ikasketez kazetaria zen Arriaga, eta APS Press albiste-agentziaren sustatzaile eta buru izan zen.

Azken agurra eta omenaldia, ostiralean

Iurretako ezker abertzaleak Arriagari omenaldia egiteko agur ekitaldia antolatu du. Datorren ostiralean izango da, uztailak 29, 19.00etan, herriko plazan.