NAIZ
Bilbo

Gregorio Larrañaga ‘Mañukorta’ bertsolaria hil da, 78 urte zituela

Gregorio Larrañaga ‘Mañukorta’ Markina-Xemeingo bertsolaria astelehen honetan zendu da, 78 urte zituela. Ez zuen inoiz Euskal Herriko finalean kantatu, baina bera izan zen 80ko hamarkadan eta 90ekoaren zati batean ere urtean saio gehien egin zituen bertsolaria.

Bertsolari markinarra 2015ean egin zitzaion elkarrizketa batean.
Bertsolari markinarra 2015ean egin zitzaion elkarrizketa batean. (Raul BOGAJO | FOKU)

Bertso munduan zein handik kanpo ezaguna izan da Gregorio Larrañaga Mandiola ‘Mañukorta'’. Astelehen goiz honetan hil da, 78 urterekin, Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez.

Beilategia asteartean 16.00etatik 17.30era jarriko dute Berriatuako Gardotza poligonoan. Hileta elizkizuna, ostera, 18.00etan izango da Larruskaingo elizan.

1943an jaio zen Mañukorta Markina-Xemeingo Larruskain auzoan. 60ko hamarkadan hasi zen kantuan eta 80koan egin zen bertso munduan ezagun; 1989ko Txapelketa Nagusian finalaren atarian geratu zen.

2014an ‘Mañukorta bertsonajea’ liburua argitaratu zuen Xabier Amurizak, Mañukortaren bizitzako pasarteak kontatzen dituen argitalpena. Gaur 8 gehigarrian Joxean Agirrek egin zien elkarrizketa mamitsuan gogorarazten zen legez, «famatuak egin ziren bere kantaera berezia, bekainen mugimendua, bere kontsonanteen ahoskera eta ‘errrre’ indartsuak, bere imintzio eta keinuak».

Mañukorta definitzeko eskatu zion Joxean Agirrek eta honela mintzatu zen Amuriza: «Nik esango nuke pertsonaia berezia eta inteligentea dela, arrazoitzen dakiena. Bere adimena eskolatu gabea da, baina bere izaeraren, bizieraren esplikazioak ematen daki eta askotan harrigarriak egiten zaizkigu; hain zuzen ere, ez direlako eskolatu baten diskurtsoaren araberakoak, baina, aldi berean, logikoak dira. Sufritu ere egin du, noski, ibilera gogor asko egin dituelako, baina Euskal Herrian urte askoan plazarik gehien egin duen bertsolaria izateak harrotasun handia eman dio eta poza. Konparazio bat egiteko, Lazkao Txikik ez zekien bere burua gobernatzen, Mañuk bai. Eta gauza bera esan daiteke bizimodua gobernatzeaz, Mañukortak fortuna txiki bat egitea lortu du bizitzan: bi pisuren jabe da, erretiro on bat dauka...».

Lanean 6 urterekin hasi zen ardiekin aitari laguntzen: «Soldata irabazten 14 urterekin hasi nintzen, basoan pinua bota, garbitu eta pinua sartzen. Karlos Zubikarai zen nagusia. Hura ere bertsozalea zen eta bertsotan egiten zuena. Egunean 100 pezeta ordaintzen zizkidan. Ordurako jornal handia zen. Bi nagusi eta ni morroi ibiltzen ginen lanean».

Soldadutza bukatu zuenean, Ameriketa joan zen. Han sei urte eman zituen eta itzultzean bi etxebizitza, bt Elgoibarren eta beste bat Markinan, eta anaia gaztearekin batera Mañukorta baserria erosi zuten. Han bizi ziren: «Sekula ez dut izan ezkontzeko asmorik», aitortu zion elkarrizketatzaileari.

Urte batean 200 saio egin zituen, Amurizaren liburuan aipatzen den legez. «Urte batean 200 egin nituen –zioen Mañukortak–, baina gogorik gabe kantatzera iritsi nintzen, lanean ere ez nintzen portatu eta horrela ezin nuela jarraitu erabaki nuen.
Karga gehiegi da hori. Gero urteak eman nituen 150 saiorekin eta hori ere gehiegi da. Ondo eta gustura ibiltzeko nahikoa dira 60 bat saio. Lopategik 89an irabazi zuen txapela eta garai horretan ibili nintzen asko. Pare bat ordu kotxean lo egin eta lanera joaten nintzen askotan eta hori gogorra da. Nire loteriarik handiena 57 urterekin erretiroa hartzeko zoria izatea izan zen, Cikautxon 35 urte egin eta gero».